Israel-Palestina gatazka

Israelek lau palestinar hil ditu Trumpek «bi estaturen» proposamena egin zuenetik

Israelgo soldaduen eta palestinarren arteko borrokak izan dira azken bost egunetan. Gaur, hiru palestinar hil dituzte soldaduek, eta atzo beste bat, 17 urtekoa.

Hainbat palestinar, Israelgo soldaduek jaurtitako gas negar-eragiletik ihesi. ALAA BADARNEH GAR / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko otsailaren 6a
10:00
Entzun

Israelen eta Palestinaren arteko gatazkari amaiera emateko AEBetako presidente Donald Trumpek aurkeztutako neurri sortak —«mende honetako egitasmorik handiena», haren esanetan— tentsioa areagotu du eremu hartan. Palestinako Aginte Nazionala eta Hamas Trumpen proposamenaren kontra agertu dira, eta protestak ugaritu dira ordutik. Horien aurrean, gogor egin dute Israelgo indar armatuek. Bi egunetan lau palestinar hil dituzte, horietako hiru gaur.

Protestak etengabeak dira Palestinako lurretan, batez ere Gaza eta Israel arteko mugan. Palestinako miliziek hainbat jaurtigai bota dituzte Israelera, eta Palestinako lurretan bonbardaketak eginez erantzun du hark. Israelgo soldaduen eta palestinarren arteko borrokak ere izan dira tartean. Horietako batean, Zisjordaniako Jenin hirian —Israelek okupatutako eremuan—, Israelgo soldaduek 19 urteko gazte bat hil dute. Etxe bat eraistearen aurkako protestan izan da, eta beste zazpi lagun ere zauritu dituzte, Wafa Palestinako albiste agentzia ofizialaren arabera. Hiri berean hil dute Palestinako Poliziako ofizial bat ere. Israelgo armadak «egoera nahasi» batean gertatu dela argudiatu du, eta ez du tiro egin izanaren arrazoirik eman.

Jerusalemgo mugan dauden poliziek hil dute hirugarren palestinarra, haien esanetan, hildakoak euren aurka eraso egin ostean. Polizietako bat arin zauritu du hark. Israelgo indar armatuen aurkako ustezko bigarren erasoa izan da. Aurretik, hainbat lagun harrapatu dituzte autoarekin, Jerusalemen bertan. Hamalau lagun zauritu dituzte, horietako hamabi soldaduak. Gidariak ihes egin du.

Horiek, ordea, ez dira izan AEBen azken proposamenak  sortutako egoeraren ondorioz hil diren lehenak. Atzo, Israelgo soldaduek beste gazte bat hil zuten, 17 urtekoa, hura ere Zisjordanian, Hebron hirian.

Donald Trumpek Israelgo jarduneko lehen ministro Benjamin Netanyahu alboan zuela aurkeztu zuen bere proposamena, palestinarren ordezkaritzarik gabe. «Bi estaturen egiazko irtenbide» gisa saldu zuen egitasmoa, baina Palestinako Aginte Nazionalak eta herritarrek berehala gaitzetsi zuten, onartzeko ia ezinezkoak diren baldintzak baititu: Jerusalem Israelgo hiriburutzat aitortzea, eta orain arteko kokaguneak desegiteko helburua bertan behera uztea, esaterako. Palestinako Estatua Zisjordaniak eta Gazak osatuko lukete, eta biak tunelen bidez egongo lirateke konektatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.