Israelek Palestinako Parlamentuko burua askatu du, sei hilabeteren ondotik

Gaur egun preso dauden 320 atxilotu administratiboen artean 22 diputatu palestinar daude

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Israelgo agintariek aske utzi dute Aziz Dweik Palestinako Parlamentuko presidentea, Israelgo espetxe administrazioko bozeramaile Sivan Weizmanek jakinarazi duenez. Sei hilabete igaro ditu preso Ofer espetxean atxilotu administratibo modura, eta ez diote atxiloaldia berritu. Atxiloaldi administratiboak palestinarrak euren aurkako kargurik inputatu gabe eta epaiketarik egin gabe sei hilabetez espetxeratzeko aukera ematen dio Israelgo Gobernuari.

Urtarrilaren 19an atxilotu zuten Dweik, Israelgo armadaren Jaba hiriko kontrol postu batean, Ramallahetik Hebronera zihoala, eta, egun batzuk geroago, Israelgo auzitegi batek sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion bere aurkako kargurik aurkeztu gabe. Zigorraren inguruan, Dweiken ordezkariek adierazi zuten parlamentuko presidenteari atxiloaldi administratiboa ezartzea «kargurik eta arrazoiketa legalik gabeko neurriz kanpoko erabakia» izan zela. Aurrez, 2006an ere atxilotu zuten, eta bi urte igaro zituen orduan espetxean.

Dweik Hamaseko kidea da, eta 2006. urteko hauteskundeetan hautatu zuten Palestinako Parlamentuko presidente, Aldaketaren eta Erreformaren Blokearen hautagaia zela. Nazioarteko begiraleen arabera Hamasen garaipena justua izan bazen ere, nazioarteko komunitateak agintari palestinarrei laguntzak emateari utzi zion. Horrek istiluak eragin zituen Al-Fatah eta Hamas alderdien artean, eta, ordutik, Zisjordania Al-Fatahek kontrolatzen du eta Gazako Hamasek. Hala, Palestinako Parlamentuko jarduna etenda dago 2007tik. Hain justu, Dweik urtarrilean atxilotu zutenean, haren alderdikideek Israelgo Gobernuari Palestinako Parlamentuko saioei ekitea oztopatu nahia leporatu zioten. Izan ere, aurtengo otsailean parlamentua martxan izatea espero zuten.

Atxiloaldi administratiboa Palestina Erresuma Batuaren agintepean egon zen garaian oinarritutako neurri polemikoa da, eta, behin sei hilabeteak igarota, berritu ere egin daiteke. Israelgo Gobernuak lurralde palestinarren aldeko kolaboratzailetzat jotzen dituen ustezko susmagarrien espedienteak sekretupean gordetzeko baliatzen du neurri hori. Joan den apiriletik maiatzera bitartean 1.600 preso palestinar inguruk euren eskubideak defendatzeko gose greba bat egin zuten, eta Israelgo Gobernuarekin akordio bat sinatzera heldu ziren. Akordio horretan, atxiloaldi administratiboa bertan behera uzteko puntu bat jaso zuten, besteak beste, baina Israelek ez du agindutakoa bete. Guztira, 320 preso palestinar daude presooraindik atxilotu administratibo modura. Addameer giza eskubideen GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera, preso dauden legebiltzarreko 25 kideetatik 22 daude atxiloaldi administratiboan, eta guztiak Aldaketaren eta Erreformaren Blokeko kideak dira.

Aske geratu orduko, Hamaseko alderdikideek zein parlamentuko gainerako kideek eta herritarrek harrera egin diote Zisjordaniako Beit Sira kontrol postuan, eta harekin batera leku horretan utzi dute aske Hamaseko kide eta Bireh herriko alkate Jamal Tawil ere.

Haurrak, bakartuta

Lurralde palestinar okupatuetan Israelen ekintzak ikuskatzen dituen NBE Nazio Batuen Erakundeko batzordeak salatu duenez, hainbat haur palestinar atxilotu, bakartu eta abokaturik gabe epaitzen ditu Israelek. Era berean, NBEko palestinarren eskubideen babesle Richard Falkek ere gaitzetsi egin du Israelek Palestinako ume palestinarrei ematen dien tratua, eta gobernuari eskatu dio Israelen preso dituzten umeak Nazioarteko Giza Eskubideen legediaren arabera tratatzeko.

NBEko batzordea palestinar lurralde okupatuetan jasotako testigantzetan oinarritu da, eta salatu du 192 haur atxilotuta dauzkala Israelek eta horietatik 39 ez direla 16 urtera heltzen. Batzordeko kideak bereziki kezkatuta agertu dira preso dauden haurren %12 bakartuta daudelako. Batzordeko zuzendari eta Sri Lankako enbaxadore Palitha Kohonak esan du «oso datu kezkagarriak» direla Israelek urtean 500 eta 700 haur artean atxilotzen dituela kontuan izanda.

Kohonaren arabera, atzematen dituzten unetik «tratu txarra» ematen diete umeei. Ibilgailu militarretan «modu gogorrean atxilotu eta begiak estalita» eramaten dituztela azaldu du. Bestalde, haurrei ez diete dagozkien eskubideen inguruko informaziorik ematen, batzordeko zuzendariaren hitzetan. «Ez dakite abokatu bat izateko edo leporatzen zaienaren erantzule ez egiteko eskubidea dutenik», adierazi du Kohonak, eta Israelgo ofizialek atxilotutako umeen %63 informatzaile izatera behartzen dituztela ere gaineratu du. Horrez gain, senitartekoen bisitak eta hezkuntza jasotzeko eskubidea debekatuta dauzkate, eta helduen ziegetan egotera behartuta daude. NBEko batzordeko kideek gaineratu dutenez, 12 urtez azpiko haur asko auzitegi militarretan epaitzen dituzte. Israelen preso diren haur palestinarren egoera salatzeaz gain, batzordeak Israelek palestinarren aurka darabilen indarkeria gaitzetsi du. Eta, horren barnean, baita palestinarren hainbat etxebizitza eraitsi izanak eta Israelek Gaza ekonomikoki blokeatuta edukitzeak palestinarrei sortzen dien egoera ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.