Israelek preso zituen Gazako hainbat lagun hil dira atxiloketa zentro militar batean

Presoen bizi baldintza gogorren berri eman du Israel 'Haaretz' egunkariak; Israelek ez ditu argitu heriotzen kausak. Matxino huthiei Israelen hainbat ontzi hondoratzea leporatu diete, eta AEBek nazioarteko aliantza bat sortu dute eraso horiei erantzuteko.

ISRAEL PALESTINA
FDI Israelgo Defentsarako Indarrak Gazako zerrendan, gaur. FDI / EFE
iraia vieira gil
2023ko abenduaren 19a
15:15
Entzun

Israelgo armadak ehunka pertsona hartu ditu preso azken asteetan Gazaren aurkako erasoetan, eta horietako asko Beer-Xeva hiritik gertu dagoen atxiloketa zentro militar batera eraman dituzte soldaduek. Haaretz Israelgo egunkariak egoeraren berri eman zuen atzo, eta jakinarazi zuen azken egunetan hainbat lagun hil direla zentro horretan; guztiak, «ezohiko egoeretan». Israelgo agintariek ez dituzte heriotzen ondorioak zehaztu, baina ziurtatu diote hedabide horri hildakoak Hamaseko «terroristak» direla eta gertakariak aztertzen ari direla. Euro-Med Monitor giza eskubideen babeserako erakundeak, berriz, atzo adierazi zuen Israelen helburua dela Gazako herritarrak «akabatzea eta torturatzea», eta, beraz, hori eragozteko beharrezkoa dela nazioarteak ikertzea Israel zer egiten ari den.

Haaretz egunkariak argitaratutako informazioen arabera, Israelgo soldaduek hesiez inguratutako eremuetan sartzen dituzte kartzelatutako presoak; begiak estaltzen dizkiete, eta eskuburdinak eramatera behartu. Gauez, argiak piztuta uzten dizkiete, eta zoruan dauden koltxoi meheetan lo egitea beste aukerarik ez diete ematen. Euro-Med Monitor erakundeak ere deskribatu ditu atxilotuen bizi baldintzak: «Oso egoera latzean daude atxikita: txitentzako kaiolak diruditen tokietan sartuta daude, eta denbora luzez egoten dira jatekorik eta edatekorik gabe». Salatu dute, gainera, haien abokatuekin kontaktuan jartzea galarazten dietela eta, Haaretz-ek berretsi zuenez, presoetako bati arreta medikoa ukatu ziotela.

Israelek hainbatetan ziurtatu du atxilotu dituen palestinarrak Hamaseko kideak direla, baina, 'Haaretz' egunkariak eman dituen datuen arabera, preso guztietatik %10-15 inguru soilik izan dira talde horretako kide.

Legez kanpoko borrokalarien legeak dioena kontuan hartuta atxilotu dituzte Israelgo armadako soldaduek presoak. Giza eskubideen aldeko hainbat aktibistak urteetan salatu dute Israelek neurri hori erabiltzen duela zibilak atxilotzeko; bereziki haien erruduntasunaren frogarik ez duenean. B'tselem Israelgo giza eskubideen aldeko taldeak askotan eskatu die herrialdeko agintariei neurria deuseztatzeko, bestela ez baitaude behartuta akusazioak «egiaztatzera».

Atxilotu gehienak Hamaseko kideak direla ziurtatu du hainbatetan Israelek, baina Haaretz-ek atzo eman zituen datuek ez dute bat egiten baieztapen horrekin. Komunikabidearen ikerketak dio preso guztietatik %10-15 inguruk besterik ez dutela nolabaiteko kargurik izan Hamasen. Horren harira, salatu zuen preso hartu dituzten asko irakasleak, adituak eta kazetariak direla, eta jakinarazi zuen horien artean emakumeak eta umeak ere badaudela. Joan den astean, zehazki, dozenaka emakume eta neskatila atxilotu zituztela adierazi zuen Middle East Eye hedabideak. Oraingoz, ez dute haien berririk izan.

Beste fronte bat

Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak bilera izan zuen atzo Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin, eta horren ostean iragarri zuen Yemengo matxino huthien erasoei aurre egiteko koalizio bat sortu dutela nazioarteko beste herrialde batzuekin; tartean daude Erresuma Batua, Kanada, Espainia eta Herbehereak. Itsaso Gorritik igaro ziren Israelen hainbat ontzi hondoratzea eta eraso horiek gerra gertatu bitartean gauzatzea leporatu diete huthiei.

X sare sozialean idatzitako mezu batean, Mohamed Abdulsalam huthien bozeramaileak berretsi du Israelen ontziak erasotzen jarraituko dutela, AEBeko koalizio militarraren aurkako erantzun gisa: «AEBen koalizioak Israel babestu eta itsasoa justifikaziorik gabe militarizatu nahi du, baina horrek ez du eragotziko Yemenek Gazaren aldeko operazioekin jarraitzea». Palestinaren eskubideak defendatzea «zilegi» dela aldarrikatu du, eta ziurtatu du Itsaso Gorriko erasoak ez direla duten indarraren adierazpen soila. Era berean, gatazka «hedatu» nahi duten horiei ohartarazi die beren ekintzen ondorioak bere gain hartu beharko dituztela.

Nabel Khoury AEBen Yemengo misioetako buruzagi ohiak esaldi bakar batean laburbildu dio Al Jazeera telebistari Itsaso Gorriko liskarra: «Palestinaren alde jokatzen ari dira huthiak. Arazo biak banatzeak eta segurtasun arazoa balitz bezala tratatzeak ez du ezer konponduko». Koalizioa eratzeak giroa ezegonkortuko duela argi du, baina uste du ez dagoela beste modurik itsasbideak «babesteko».

Bestalde, Gazan Israelek egindako bonbardaketetan dozenaka pertsona hil dituzte gaur. Hain zuzen ere, Israelgo armadak Jabalia iparraldean dagoen errefuxiatu esparru bati eraso dio, eta hamahiru lagun hil dira, Al Jazeerak jakinarazi duenez. Horrez gain, Rafah hiriko hiru etxebizitza eraikin bonbardatu dituzte; 29 lagun hil dituzte erasoan, eta beste asko desagertuta daude. Gazako zerrendan izandako hildakoen senideek Rafahko gorputegiko atarian egin dute haiek omentzeko otoitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.