Israelek Gazako herritarrak Rafah hirian pilatzeak «kontzentrazio esparru masiboak» sortuko lituzkeela ohartarazi du UNRWAk, Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak, gaur sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Israelek plan hori martxan jarriz gero, «lehendik askotan desplazatuak izan diren milaka pertsona bultzatuko ditu gero eta hegoalderago, eta handik auskalo nora», esan du, gainera, Juliette Touma UNRWAko komunikazio zuzendariak, Al-Jazeerako telebista katean egindako elkarrizketa batean.
Rafah Gaza hegoaldeko hiri bat da, eta Egipto du mugakide. Erabat suntsituta dago, Israelgo armadak azken 21 hilabeteetan egindako erasoen ondorioz. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk maiatzean iragarri zuen gazatar guztiak zerrenda hegoalderantz bultzatzeko asmoa zuela. Baina, astelehenean, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek beste pauso bat eman zuen, eta Rafahn «eremu humanitarioa» sortzeko agindua eman zion armadari.
Operazioa hasteko, Al-Mawasi errefuxiatu esparruan dauden 600.000 gazatar lekualdatuko lituzke Israelek Rafahra, eta, gero, gainontzeko herritar guztiak behartu suntsitutako hiri horretara joatera. Israelgo telebistako 12 kateak asteartean jakinarazi zuenez, Israelek Rafah inguruan bilduko du laguntza humanitario gehiena –janaria, botikak, erregaia…– gazatarrak mugiarazteko, herritarren aurkako presio militarra egiteaz gain.
Israelgo armadak egunero behartzen ditu ehunka gazatar, bereziki Khan Yunisen, zerrenda hegoalderantz mugitzera, «gazatarren segurtasunagatik» dela argudiaturik. Iturri militar batek EFE berri agentziari jakinarazi dionez, palestinarrak eraman nahi dituzten eremu hori ez da segurua martxotik, ia egunero bonbardatzen baitute. NBE Nazio Batuen Erakundeak kaleratutako datuen arabera, 450.000 gazatar zerrenda hegoalderantz joatera behartu zituen Israelek ekainean.
Bestalde, Palestinari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundeko kontalari berezi Francesca Albanesek AEB Ameriketako Estatu Batuek inposatutako zigorren gainean hitz egin du Repubblica hedabideak gaur argitaratutako elkarrizketa batean. «Mafiaren estiloko metodoak erabiliz beldurtu nahi naute. Baina ez dute lortuko: nire lana harro egiten jarraituko dut», adierazi du Albanesek.
AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok asteazkenean iragarri zuen zigor ekonomikoak ezarriko zizkiola Albaneseri. «Ameriketako Estatu Batuen eta Israelen aurkako gerra politiko eta ekonomikoko kanpaina» egitea leporatu zion, eta bere lana egiteko «gai ez» izatea. NBEko kontalari bereziak diskurtsoetan «antisemitismo argia, terrorismoari emandako babesa, eta AEBei eta Israeli dien mespretxua» adierazi duela gehitu zuen Rubiok, zigor horiek iragarri zituenean.
Albanesek Rubioren hitzak gezurtatu ditu, eta azaldu txostenak egin dituela Israelek egindako krimenak ikertzea eta NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak esku hartzea eskatzeko. Elkarrizketan kontalari bereziak adierazi duenez, AEBek «alergia diote orain justiziari, eta, beraz, zigorrak ezartzen dizkiote auzitegiari edo legea aplikatzen saiatzen den edozeini, mafiaren teknikak erabiliz».
Azken aipu horretan, Albanesek gogoan izan du AEBek NZAko lau epaile zigortu zituela ekain hasieran. Izan ere, Israelen «gerra krimenen» eta «Afganistango soldaduen» inguruan auzitegiak egindako ikerketei erantzuteko zigortu zituen Trumpen administrazioak lau epaileak. AEBek argudiatu zuten NZAk «ekintza bidegabeak» egin zituela Ameriketako Estatu Batuen eta Israelen aurka, eta auzitegiaren «politizazioari eta nagusikeriari» aurre egiteko ezarri zituztela neurriak.
Eta horrekin guztiarekin lotuta, gaur hemeretzi palestinar hil ditu Israelek Gazan, Al-Jazeera hedabideak osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez. Haietatik hamar, hain zuzen, GHF Gaza Humanitarian Fundationek Rafahn duen banaketa leku bakarrean hil ditu armadak.
Gaur laguntza humanitarioa emateko guneetan hil dituztenen harira, UNRWAko komisario nagusi Philippe Lazzarinik «haur eta gosetien hilerri» gisa deskribatu du Gaza sare sozialetan. «Ez dago irtenbiderik, nola hil aukeratu behar dute: gosez edo tirokatuak izanik. Hiltzeko plan anker eta makiavelikoena da hau», gehitu du Lazzarinik bere oharrean.