Israelek tropak hedatu ditu Golanen okupatua duen zatian, Siriako mugan

Gerra bat pizteko edo «jihadistek» ondoko herrialdetik erasoko dioten beldur dela dio Tel Avivek

mikel rodriguez
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Presio militarra areagotzen ari da Siriaren inguruan. Turkiak mugan —zati handi bat Kurdistan erdibituak hartzen du— tropak hedatzearekin batera, Israelek ere gauza bera egin du hegoaldean, The Jerusalem Post egunkariak jakinarazi duenez. Israelek eta Siriak Golango Gainetan egiten dute muga. Eskualdearen zati handiena okupatua du Israelek Sei Eguneko Gerraz geroztik (1967).

Damaskok Turkiako hegazkin bat bota ondotik hartu du Ankarak tropak hedatzeko erabakia, eta mugara hurbilduz gero Siriako indarren aurka erasotzeko mehatxua ere egin du. Tel Avivek, ordea, bertzelako arrazoiak eman ditu mobilizazioa arrazoitzeko. «Abisurik gabe eraso terrorista bat gerta litekeela edo gerra bat has litekeela uste dugu», adierazi dio Tamir Hyman jeneralak The Jerusalem Post-i. Izan ere, egunkari horrek argitaratutakoaren arabera, Israel kezkatuago dago Siriako Gobernuaren aurka borrokan ari diren taldeekin, hango armadarekin baino. Soilik esaten du Israelgo armadak hainbat eremu prestatu dituela «beharrezkoa bada» zibilak Siriako militarrengandik «babesteko».

Tel Aviv beldur da Siriak dituen Scud misilak edo arma kimikoak «okerreko eskuetan» eroriko diren edo «jihad globalaren elementuek» Israeli erasoko dioten Siriatik. «Agintarien kontrol galerak eta ezegonkortasunak Siria leku erakargarria bihurtu dute jihad globaleko elementuentzat», erran du Hymanek. Hala ere, Israelek uste du «jihadisten» lehentasuna erregimen aldaketa lortzea dela. «Baina behin hori eginda, Israeli erasotzen zentratuko dira, haien kamaradak Sinai Penintsulan [Egipton] egiten ari diren bezala». Horrez gain, gerra pizteak Israelek okupatutako eremura errefuxiatu oldea iristea eragin dezakeela uste du Tel Avivek.

NBEren misioaren luzapena

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Golanen duen misioa sei hilabeterako luzatzea erabaki duen aste berean egin du Israelek mugimendu militarra. NBEren organo gorenak erran du Siriako gatazka «ondorioak uzten» hasi dela eremu horretan, eta Damaskori eta Tel Avivi dei egin die neurritasunez jokatzeko eta su-etena errespetatzeko. Izan ere, 1973an bidali zuen NBEk misioa Golanera, Yom Kippurreko gerran ezarritako su-etena gainbegiratzeko. NBEk berak okupatutako lurraldetzat hartzen du Israelen menpe dagoen zatia. 40.000 lagun inguru bizi dira bertan, erdiak kolono juduak.

Vatan egunkariaren arabera, berriz, Turkiak Siriako aire eremua debekatzea proposatu dio NATOri. AEBetako iturri diplomatikoak aipatzen ditu Vatan-ek. Horren arabera, NATO larrialdiko neurrien artean ari da eskaera hori eztabaidatzen. Libian Segurtasun Kontseiluaren ebazpen bat baliatuz debekatu zuten aire eremua, teorian zibilak armadaren aire erasoetatik babesteko. Hala ere, aire eraso estrategikoak egiteko baliatu zuen NATOk.

Bilkura gaur Genevan

Hain zuzen, Turkiak ordezkaritza bat izanen du gaur Genevan (Suitza) Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari bereziak aurkeztutako azken proposamena eztabaidatzeko: batasun nazionaleko gobernu bat osatzea. Han izanen dira baita ere Segurtasun Kontseiluko bortz kide iraunkorrak —AEBak, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina—, Qatar, Kuwait eta Irak Arabiar Liga ordezkatuz, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia eta Catherine Ashton Europako Batasuneko diplomaziaburua. Hutsune nagusia Iranena da, Mendebaldeko herrialdeek ez dutelako onartu hura gonbidatzeko aukera. Siriako Gobernuaren edo oposizioaren ordezkaritzarik ere ez da egonen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.