Ekialde Hurbila. Israelen koloniak palestinar lurretan

Israelen azken ezpatakada

Bozen ostean eta gobernu berriaren atarian, Jerusalem ekialdeko eta Zisjordaniako koloniak negoziaezinak dirudite Israelentzat.

Israelen azken ezpatakada.
Ane irazabal
Ramala
2013ko otsailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gameluak eta ardiak aske dabiltza muinoan. Azken asteetako euriteek eremua xamurtu dute, eta artzainek bazkatzera atera dituzte abereak. Hutsik dirudi mendixkak, baina bost familia bizi dira egurrezko makilek sostengaturiko karpatan. 45 laguneko komunitatea osatzen dute. Beduinoak dira, eta, Zisjordanian bizi diren gehienak bezala, aspaldi utzi zioten nomada izateari. «Duela hogei urtetik bizi gara eremu honetan», esan du Abu Said izeneko gizonezko batek.

Zaila da Abu Saidengana eta haren familiarengana iristea. Ingurura begiratu, eta muinoa zeharo mugatuta dagoela antzeman daiteke. Gainaldean, Israelgo Poliziak Zisjordanian duen egoitza nagusia; atzean, Ekialdeko Jerusalem; eta aurrean, berriz, Maale Adumim kolonia handia. Artean, errepideek eta harresiaren eraikuntzak are gehiago bakartzen dute eremua.

Abu Said jakitun da bere bizilekuak duen pisu politikoarekin. Israelek 1999an onartu zuen eremu horretan East1 (E1) izeneko kolonia berria eraikitzeko lege proposamena (420/4 Plana). Europako Batasunaren eta Ameriketako Estatu Batuen presioak proiektua geldi mantendu du hamahiru urtez. Haatik, eraikuntza plana inplementatzeko agindua eman du Tel Avivek. «Lekuz aldatuko gaituzte, batek daki nora», uste du Abu Saidek.

Une egokia noiz iritsiko, poltsikoan gordeta eduki du Israelek proiektua. Orain, erantzun gisa iritsi da iragarpena. Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak Palestina estatu behatzaile gisa onartu ondotik iritsi zen Benjamin Netanyahuren gobernuaren erreakzioa. Alde bakarreko ekimen bati, alde bakarreko erantzun bat. Horrela azaldu dute Israelgo ofizialek erabakia.

Gilad Erdan, orain arteko Ingurumen ministroa, inoiz baino argiagoa izan da: «Nazio Batuen Erakundeko botoaren ostean, Israelek ez du bere lurraldea sendotu beste aukerarik. Zerk indartzen du Israel? Judea eta Samariako [Zisjordania] kokalekuek eta horiek babesten dituzten base militarrek».

E1 ez da nolanahiko proiektua. Tel Avivek diseinatuak ditu 3.000 etxe berri, Poliziaren kuartel bat, industrialde bat, hotelak, zabortegi bat eta hilerri bat. «Zerbitzu guztiak eskainiko dituen auzunea», adierazi dute Israelgo ofizialek. Guztira, 12.000 dunam-eko eremu bat (12 kilometro koadro) Zisjordaniaren barruan.

Giza Eskubideen Aldeko Erakundeen arabera, lur gehienak palestinarren jabetza pribatua dira. Alta, Israelek «estatu lur» gisa jotzen du eremua. 1858ko otomandar garaiko lege batean oinarrituta, hamar urtez lurra landu ezean, estatuarena izatera pasatzen da. Basamortuko eremu horretan, ordea, inork ez du nekazaritzan jarduten.

Nolanahi ere, C eremuan dago E1en proiektua, Israelgo kontrol zibilaren eta militarraren pean. Amira Hass kazetari israeldarrak «azpijoko» gisa definitzen du Israelen erabakia. «Lurraldea maximizatu, arabiarrak minimizatzeko». Haren ustez, E1 planak islatzen du C eremuen behin betiko anexioa: «Sei Eguneko Gerraren ostean, Israelgo koalizio gobernu guztiek, izan Likudekin edo laboristekin, bidea ireki diote errealitate horri», idatzi du Haaretz egunkarian.

Kritika zorrotzak

Giza Eskubideen Aldeko Erakundeek erabateko erantzuna eman diote proiektuari: «E1en eraikuntza planaren ezarketak Jerusalem eta Maale Adumim-en arteko bloke urbano bat eratuko du, Ekialdeko Jerusalemen eta Zisjordaniaren arteko bakartzea areagotu eta Zisjordaniako iparraldearen eta hegoaldearen arteko lurralde jarraikortasuna moztu. Orain norberak bere ondorioak atera ditzala», adierazi du Jessica Montellek, B'Tselem erakunde israeldarreko zuzendari exekutiboak.

Montellen ustez, nazioarteko legeriari bizkarra eman dio Israelek, berriro. «Genevako Hitzarmenaren arabera, legez kanpokoa da potentzia okupatzaileak lurralde okupatuan koloniak eraiki eta populazioa transferitzea». NBEren ikerketa batzorde batek gauza berbera adierazi berri du: gerra krimenak dira Israelen koloniak.

1967ko mugen barruan bi estatuen irtenbidea defendatzen jarraitzen dutenentzat, Palestinako estatuaren amaiera ekarriko luke kolonia berria eraikitzeak. Hamarkada luzez PAN Palestinako Aginte Nazionalak, ezkerreko sionistek eta nazioarteko komunitateak babestu duten bake proposamenaren bukaera, alegia. Palestinar askorentzat, beste kolonia erraldoi bat besterik ez da izango. «Zisjordaniak aspaldi utzi zion eremu bateratu bat izateari. Koloniek, ingurabideko errepideek eta C eremuaren kontrolak aspaldi xahutu dute estatu bat sortzeko ametsa», uste du Abu Saidek.

E1 planaren ezarketak bertan bizi diren beduinoen kanporatzea ekarriko du ezinbestean. Abu Saidek argi dauka: «Palestinako komunitate ahaztuena gara. Inork ez gaitu aintzat hartzen». B'Tselemek emandako datuen arabera, eremu horretan hogei komunitate beduino bizi dira (2.300 pertsona inguru); erdiak, E1en lur eremuan. Gehienak Maale Adumim koloniako lurretatik datoz; izan ere, 1990eko hamarkadan lekuz aldatzera derrigortu zituzten bertan bizi ziren 1.050 jahalin beduino.

Eta nazioarteko komunitatea, berriz, isilik dago. Erresuma Batuak, Frantziak, Espainiak eta Danimarkak haien enbaxadoreak deitu arren, ez da erantzun bateraturik izan. AEBek, berriz, «aldebakarreko ekimen guztien kontra» daudela gogorarazi diote Netanyahuri.

«Jerusalem Judua» eta bozak

1949ko armistizioan ezarri zen Lerro Berdearen eta Zisjordaniaren artean koloniez beteriko suge bat eraiki du Israelek azken hamarkadetan. Tel Avivek arras errepikatu ohi du etorkizuneko bake akordio batean Lerro Berdea zeharkatzen duten koloniak israeldarren aldean geratuko liratekeela. 2003tik eraikitze prozesuan den harresiaren ibilbideak hala erakusten du.

Jerusalemi buruz ere ez dago negoziazio errazik. «Palestinako estatu batek Ekialdeko Jerusalem gabe ez du zentzurik», adierazi ohi du Mahmud Abbas PANeko presidenteak. «Jerusalem banaezina da», diote Israelgo aldekoek.

1967tik, Jerusalem ekialdea judaizatzeko proiektuek 200.000 kolono eraman dituzte Palestinako estatuaren hiriburua izan beharko lukeen eremura. Baina Jerusalem Handi eta Judua izenez ezagutzen den planak ez du soilik hiriaren ekialdeko aldea hartzen, baita hiritik hurbil baina dagoeneko Zisjordanian dauden hamaika eremu ere. Maale Adumim eta Har Homa koloniak, adibidez, Jerusalemgo auzotzat jotzen ditu Israelek, Zisjordaniaren barruan egon arren. E1 proiektua testuinguru horretan ulertu beharko litzateke.

Hain zuzen, kontuzko gaia dela jakinda, Jerusalemi buruzko eztabaida hauteskunde kanpainatik kanpo utzi zuten Israelgo hautagai gehienek. Orain, zentroko gobernu berri bat era daitekeela diote aritmetikek. «Ez dugu esperantzarik; berdin-berdina izango da, okerrago izatea zaila da eta», nabarmendu du Abu Saidek.

Oraindik ez dira argitu E1 eraikitzeko prozedura eta datak. Agian, koalizio berria sortu ondotik etorriko dira zehaztapenak. Gobernu berriaren esperoan, ziur aski berriz ere lehen ministro izango dena, Netanyahu, ez da kikildu: «Ez naiz nazioarteko presioen aurrean txikituko».

Koalizioan bidelagun izango dituen bi alderdi nagusiak, Naftali Benett-en HaBayit HaYehudi (Juduen Etxea) eta Yair Lapiden Yesh Atib (Etorkizuna Badago) jarrera desberdinarekin agertu dira Palestinako gatazkaren inguruan. Benettek «hiru estatuen irtenbidea» bataiatu du, C eremuen anexioa proposatuz. Gobernuaren giltza izango duen Lapid politiko berriak, ordea, bi estatuen irtenbidea defendatzen du, «1967ko mugak berridatziz». Alta, bi indarrak gobernu berrirako batzen badira, bateragarriak izan daitezke planteamenduak. Lapiden hitzek hala erakusten dute: «Jerusalem Israelgo hiriburua da, eta Zisjordaniako kokalekuak bertan daude dagoeneko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.