Israelek Washingtonen duen enbaxadako bi langile hil zituzten tiroz atzo gauean —gaur goizaldea, Euskal Herrian— AEBetako hiriburuan. Hilketa Museo Juduaren kanpoaldean gertatu da, museoan AEBetako Juduen Batzordearen ekitaldi bat ospatu ostean. Segurtasun Nazionaleko Departamentuko buru Kristi Noemek eman du hilketaren berri, sare sozialetan, eta gehitu du gertatutakoa ikertzen ari direla.
AEBetako hedabideek jaso dutenez, Washingtongo Poliziako buru Pamela Smithek jakinarazi du gizon bat atxilotu dutela hilketaren egilea delakoan. Gaineratu duenez, atxilotuak «Palestina libre!» egin du oihu atzeman dutenean.
Gertatutakoa gaitzetsi du Donald Trump AEBetako presidenteak, Truth bere sare sozialean. Hilketaren atzean, «zalantzarik gabe» antisemitismoa dagoela adierazi du, eta ohartarazi «gorrotoak eta erradikalismoak» ez dutela tokirik AEBetan.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ere «hilketa antisemita» moduan definitu du gertatutakoa. Haren bulegoak sare sozialetan zabaldu duenez, Netanyahuk esan du Israelgo Estatuaren aurkako «akuilatze basatia» dagoela gertakarien atzean. Gainera, jakinarazi du Israelgo diplomazialarien segurtasuna areagotzea agindu duela.
«Mezu antisemita toxikoak»
Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarek hilketaren erantzule egin ditu «propaganda terrorista palestinarrari amore eman» dioten nazioarteko agintariak, «batez ere europarrak». Saarek prentsaurreko bat eman du gaur Jerusalemen, eta han ziurtatu du «mezu antisemita toxikoak» zabaldu direla 2023ko urriaren 7az geroztik —Israelek Gazako erasoaldia are eta gehiago gogortu zuen orduan, Hamasek Israeli eraso egin ostean—. Zenbait herrialdetako eta nazioarteko erakundetako agintariek ere juduen eta Israelen aurkako jarrera hauspotu dutela adierazi du, eta, haren ustez, horrek «lotura zuzena» du Washingtongo hilketarekin.
Azken egunetan, Israeli presio handiagoa egitea erabaki dute Mendebaldeko zenbait estatuk, Gazako erasoaldia amaitu dezala exijituz. Esaterako, astelehenean, Erresuma Batuak bertan behera utzi zituen Israelekin merkataritza akordio bat lortzeko negoziazioak, eta EB Europako Batasunak Israelekin duen lankidetza akordioa berrikusteko eskatu zuen. Kanadak eta Frantziak ere «neurriak» iragarri zituzten Gazako erasoaldia geratu ezean. Eta Espainiako Diputatuen Kongresua lege bat onartzeko bidean da Israelekin egiten den arma salerosketa blokeatzeko.
Estatu horiek ere gaitzetsi dute Washingtongo hilketa. Besteak beste, gertakaria «delitu antisemita krudela» izan dela aipatu du David Lammy Erresuma Batuko Atzerri ministroak, sare sozialetan. Eta «ankerkeria antisemita» gisa definitu du hilketa Jean Noel Barrot Frantziako Atzerri ministroak. Kaja Kallas EBko diplomaziaburuak adierazi du «gorrotoak, estremismoak eta antisemitismoak» ez duela lekurik izan behar gizartean. Eta sare sozialetan erasoa gaitzetsi dute Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak eta Antonio Tajani Italiakoak ere.