Mundua

"Israelen eta AEBen arteko harreman berezia" berretsi du Obamak Jerusalemen

Palestinarren kasuan, Etxe Zuriaren aliatuekin soilik bildu da AEBetako hautagai demokrata; ez, ordea, alderdirik bozkatuenarekin, Hamasekin.

2008ko uztailaren 23a
19:03
Entzun
AEBetako presidentetzarako hautagai demokrata, Barack Obama, Israelgo presidente Shimon Peresekin bildu da gaur Jerusalemen, eta Israeli bere sostengua adierazi dio. "Israelen eta AEBen arteko harreman berezia berresteko nago hemen, bisita honetan, baita Israelekiko nire konpromiso iraunkorra berresteko ere; AEBetako senatore nahiz presidente gisa bazkide eragingarria izateko esperantza dut".

Obama Jordaniatik iritsi zen bart Tel Aviv ondoko Ben-Gurion aireportura, Ekialde Hurbilean barrena egiten ari den biraren etaparik garrantzitsuenetako batean. Iritsitakoan egin zuen lehenbiziko gauzetako bat palestinar batek Jerusalemen hondeamakina batez eginiko erasoa -20 bat lagun zauritu zituen, horietako bi larri- gaitzestea izan zen. Gaur Israelgo agintariekin eta Palestinako Aginte Nazionaleko (PAN) presidente Mahmud Abbasen kabineteko kideekin elkarrizketatzeko agenda dauka, Jerusalemen eta Ramalan.

Gaur goizean Israelgo Defentsa ministro Ehud Barakekin bildu da Obama, King David hotelean, Jerusalemgo mendebaldean (israeldarrek 1948an okupatua). Handik gutxira oposizioko eta Likud alderdiko buru Binyamin Netanyahurekin -lehen ministro izana da- iritziak trukatu ditu. Horren ondotik, Tel Aviven aliatuek egin izan ohi dutenez, Holokaustoaren Museoara egin du bisita Obamak, agintariez inguratuta. Lore eskaintza egin du bertan.

Abbasekiko bilera

Peresekin bildu ondotik, Mahmud Abbasen (Al Fata alderdikoa) kontrolpeko PANeko kabineteko agintariak izan ditu solaskide, Ramalan (Zisjordania). Hain justu, Abbasekin eta honen kabineteko lehen ministro Salam Fajadekin palestinarren eta Annapolisen hasitako prozesu politikoaren egoera aztertu ditu. Abbasi agindu dio heldu den azaroan AEBetako presidente hautatzen badute, ez duela "minutu bakar bat ere galduko" Palestinako gatazkaren konponbidea bilatzeko, eta zeregin horretan "inplikatuko" dela.

Palestinarren kasuan, Etxe Zuriaren aliatuekin soilik bildu da Barack Obama, ez, ordea alderdirik bozkatuenarekin, Hamasekin. Honek 2006an osatutako PANeko kabineteari jarraitu zion batasun nazionalekoa, iazko otsailean. Baina Al Fatarekiko lehia eta borroken ondorioz -ehunka lagun hil zituzten bi aldeek- Abbasek kabinete hori desegin zuen iazko ekainean, eta Al Fatarekin, alderdi txikietako kide batzuekin eta teknokrata independenteekin eratu zuen gobernu berria, Salam Fajad buru. Aitzitik, PLC Palestinako Kontseilu Legegileak -Hamas da nagusi- ez zuen neurri hori onartu, eta "legez kanpoko" iritzi zion, Palestinako Kartak -konstituzioaren antzekoa- dioena gogorarazi zioten Abbasi, hots, PANeko presidenteak ezin zuela gobernurik desegin eta eratu Legebiltzarraren oniritzirik gabe. Eta hori ez du egundaino lortu Abbasek.

Horiek hala, gaur ilunabarrean Palestina historikoaren hiriburura, Jerusalemera, itzuliko da Illinoisko senatari demokrata. Han Israelgo Atzerri ministro Tzipi Livnirekin elkartuko da, eta biak helikopteroz joango dira hegoalderantz, Sderot hiri israeldarrera (1948 arte Najd herri palestinarra). Gazatik oso gertu dago hiri hori, eta erresistentzia palestinarrak handik jaurtitako etxean eginiko kohete askoren jomuga izaten da. Bidaiaren asmoa Obamari eraso horien ondorioen berri ematea da. Han prentsaurrekoa eskaintzekoa da. Ondoan Sderoteko alkate Eli Moyal, Defentsa ministroa eta Barne Segurtasun ministro Avi Dichter izango ditu.

Haatik, Obamak ez du Gazako eskualdea bisitatuko. Zisjordanian ez bezala -Al Fataren kontrolpeko PANeko poliziak Hamaseko ekintzaileei jazartzen die- Gazan ez du aliaturik. Israelgo Gobernuak blokeo zorrotza ezarria dio eskualdeari, 2006ko urtarrilean Hamas bozetan nagusitu zenetik, eta AEBek eta Europako Batasunak blokeo ekonomiko eta politikoa sostengatzen dute.

Hegoaldeko lurretatik bueltan, Obama Israelgo lehen ministro Ehud Olmertekin gauean bilduko da, honek Jerusalemen duen egoitzan. Ohorezko gonbidatua izango da Kadimako buruak antolatutako afarian.

AEBetako boto-emaile juduei begirako keinua

AEBetako presidentetzarako lehian aurkari duen John McCain hautagai errepublikanoa duela hilabete batzuk izan zen Jerusalemen, eta Obamak ez du AEBetako boto-emaile juduen aurrean punturik galdu nahi izan. Haaretz zentro-ezkerreko egunkari israeldarrak dioenez, Obama Ekialde Hurbilera joatearen helburua Israelgo juduei baino AEBetako juduei inpresio ona ematea da. Etxekoei egin nahi omen die keinua, Ekialde Hurbilekoei baino.

Israelgo hedabideen arabera, Obama ikusmin handiagoa pizten ari da McCainek bere bisitan baino.

Hautagai demokrata izendatu ahala, AIPAC AEBetako lobby edo presio talde sionistarekin bildu zen Obama, eta Israelek "segurtasunerako eskubidea" zuela eta Jerusalem (Palestina historikoaren hiriburua) "Israelgo hiriburu zatiezin" izango zela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.