Israelen gerra mediatikoa

Irango instalazio nuklearren kontrako balizko erasoaren inguruko jarrerek hainbat liskar sortu dituzte IsraelenKanadak «harreman diplomatiko guztiak» apurtu ditu Irango Gobernuarekin

Jon Fernandez.
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Israelen asteak, hilabeteak, daramatzate Iranen kontrako balizko gerrarako danbor hotsak entzuten. Batzuetan ozenago, beste batzuetan leunago, komenientziaren arabera. «Baliteke Irango instalazio nuklearren kontrako eraso militarrik egiteko beharrizanik ez izatea», iragarri zuen atzo Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak. Hurrengo esaldian, ordea, gerra mehatxua berriro: «Iranen kontrako erasoa eginez gero, AEBek Israelekin bat egingo lukete». Gerra aurreko borroka mediatikoa indartu egin da azken egunetan, bai Teheranekin, bai Washingtonekin eta baita Tel Aviveko gobernu barruan ere. Benjamin Netanyahu lehen ministroa sutan jarri du gobernukideek Irango balizko erasoaren harira egin beharreko bilera sekretu bati buruz egunkarietan informazioa filtratu izanak. Bere ministroak poligrafoaren proba egitera behartzeko prest agertu da, gezurretan nor dabilen harrapatzeko.

Joan den eguaztenean zen egitekoa ministroen bilera, baina Netanyahuk bertan behera laga zuen, filtrazioaren ostean. «Gauza larri bat gertatu da. Segurtasun kabineteak bilera sekretuak eta sakonak egiteko duen gaitasunaren araberakoa da estatuaren eta herritarren segurtasuna», azaldu du lehen ministroak. Oposizioak, ordea, filtrazioen maisua izatea leporatu dio Netanyahuri, eta oraingoan informazioa beste ministroren batek zabaldu duelako haserretu dela uste du. Areago, oposizioaren arabera, gobernuburuak berak egin behar luke poligrafoaren proba.

Netanyahu, dena dela, ez da soilik bere ministroekin haserretu. AEBek Israelen duten enbaxadorearekin ere eztabaida gogorra izan duela baieztatu du Mike Rogers errepublikano estatubatuarrak. Duela hilabete gertatu zen, Rogersen, Dan Shapiro enbaxadorearen eta Israelgo lehen ministroaren arteko bileran, Jerusalemen. Barack Obama AEBetako presidenteak Iranen programa nuklearraren auzian duen jarrera kritikatu zuen Netanyahuk, eta ohartarazi zion «diplomaziaren garaia» amaitu dela. «Iran modu eraginkorrean estutu beharrean, Obama guri presio egiten ari da, Irango instalazio nuklearrei eraso egin ez diezaiegun», egotzi zion Washingtongo enbaxadoreari. Eztabaida «sutsua» izan zen, Rogersen arabera.

Jendaurreko gerra mediatikoan Iranen kontrako eraso militarraren aldeko jarrera irmoa erakusten ari da Netanyahu; Obama, berriz, neurritsuago ageri da, presidente kargua berritu ala ez erabakiko duten hauteskundeak baititu datorren azaroaren 6an. Nolanahi ere, bi aldeetan ageri dira kontrapuntuak eta xehetasunak. Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak, esaterako, aipatu izan du «aukera guztiak» daudela mahai gainean, eraso militarrarena barne.

Netanyahuren jarrera irmoari kontrapisua eginez, Israelgo Defentsa ministroak eraso militarraren aukera leundu zuen atzo. Haren esanetan, AEBek Persiar golkoan hedatu duten indar militar kopuru handiak Irani eraso egin beharra uxatu dezake. «George Bushen gobernuarekin gertatzen ez zen bezala, Obama aurrerapausoak ematen ari da golkoan, indarrak bidaltzen eta base militarrak prestatzen. Iranen kontrako hedatze militar handia dago, inoiz baino handiagoa». Palestinarrei dagokienez, berriz, diskurtso gogorrenari eutsi dio Barakek, eta ohartarazi du Israelek «Gazako zati batzuk» berriz okupatu ditzakeela.

Harremanak etenda

Bestetik, Teheranen kontrako nazioarteko borroka diplomatikoaren azken kolpea Kanadak eman zuen atzo. Iranekin «harreman diplomatiko guztiak» eten ditu Ottawak. Kanadako diplomatiko guztiak atera dira Irandik, eta Ottawan bost eguneko epea eman diote Irango diplomatikoei herrialdetik alde egiteko. «Munduko bakearentzako eta segurtasunarentzako mehatxurik handiena» da Iran Kanadarentzat, «talde terroristen babesleku eta laguntzailea».

Europako Batasunak ere gehiago estutu nahi du Iran, eta iragarri du aztertuko duela zigor gehiago jartzea, Erresuma Batuaren eta Frantziaren eskariz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.