NBE Nazio Batuen Erakundearen ikerketa batzorde batek palestinarren lurren kolonizazioa bukatzeko eskatu dio Israeli. «Bere populazioa lurralde okupatu batera mugitzea erabakitzeko eskubidearen aurka doa, eta mapa baten aitzinean bagaude, ikusiko dugu kokalekuek palestinarren lurren jarraitutasuna hausten dutela», azaldu du Christiane Chanet batzordeko kideak. «Krimen horiek Nazioarteko Zigor Auzitegiaren 8. artikuluari dagozkio, hau da, gerra krimenei». PAE Palestina Askatzeko Erakundearentzat, batzordeak aurkeztutako txostena «eredugarria eta zintzoa» da; Israelentzat, ordea, «desegokia eta kaltegarria».
NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak aginduta sortu zen hiru legelarik osatutako batzordea, iazko martxoan. Zisjordaniako eta Jerusalem ekialdeko koloniek palestinarrengan zuten eragina ikertzea zuen helburu, eta sei hilabetean bildutako informazioarekin atera ditu ondorioak. Israelek ez dio inolako laguntzarik eman batzordeari, eta palestinarren lurraldeetara sartzeko baimenik ere ez zien eman legelariei. Horregatik, palestinarren testigantzak Jordaniatik bildu behar izan dituzte.
Txostenean, batzordeak erabat kritikatu du Israelek Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean daukan jarduteko era. Genevako Laugarren Hitzarmena (1949) urratuko luke, zibilak indarrez leku aldatzea debekatzen baitu. Koloniak «soilik Israelgo juduen onurarako» eraiki direla dio batzordeak, eta «kolonoen eta bertako populazioaren arteko erabateko segregazio politikan» oinarritzen direla. Kolonizazioaren ondorioz palestinarrek eguneroko bizimoduan dituzten zailtasunak ere aipatu ditu: mugitzeko askatasuna oztopatuta, baliabide naturalen usurpatzea, etxeen eraistea, eta zuhaiztien suntsiketak, bereziki olibondoenak —palestinar anitzen sostengu ekonomikoa dira—. «Israelgo Gobernua jakitun da horretaz, eta atseginez hartzen du», azaldu du Chanet ikerlariak. Tel Avivek kolonien planifikazioaren «erabateko kontrola» duela «nabarmena» da Chanetentzat. Horregatik, «kokalekuetako jarduna» bertan behera uzteko eskatu dio Israeli, eta giza eskubideen urraketak jasan dituztenei «berehalako erremedio egoki eta eraginkor bat» ematea.
Palestinarrek Nazioarteko Zigor Auzitegira jotzeko aukera eduki dezakete, NBEren Batzar Nagusiak Palestina kide ez den estatu behatzailetzat onartu ondoren, baina Chanetek gogorarazi du Hagako auzitegiari dagokiola erabakitzea kasua hartzeko eskumenik duen.
PAEk, iragan urte bukaeran, eskutitz bat bidali zion NBEri, salatzeko Israelek egindako kolonien zabaltzea gerra krimen bat zela. Orain, bere salaketa indartuta ikusi du. «Txosten honek erakutsi du Israelek Genevako Laugarren Hitzarmena urratzeaz gain Erromako Estatutua ere urratzen duela, eta, beraz, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren eskumenean paratzen du», Hanan Axrawi PAEko goi kargudunaren ustez.
Israelgo Atzerri Ministerioarentzat, ordea, txostenak erakutsi du NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak «lerratutako eta alde bakarreko informazioa» erabiltzen duela «sistematikoki» Israeli dagozkion gaietan. Gatazkaren konponbide bakarra zuzeneko negoziazioak direla aldarrikatu du, eta horretarako «aurrebaldintzarik» ez jartzea; hau da, negoziazioak hasi arte kolonien politikari bere horretan eustea.
Hogei palestinar atxilotuta
Txostena argitaratu den egun berean, Israelgo armadak hogei palestinar atxilotu ditu Zisjordaniako Hebron hirian. Militarren bozeramaile baten arabera, atxilotuek Hamaseko komando bat osatzen zuten, eta Hebronen «base bat» sortzeko asmoa zuten, «hainbat delitu egiteko».
Israelen koloniak gerra krimentzat jo ditu NBEren batzorde batek
Nazioarteko Zigor Auzitegiak Tel Aviv epaitzeko aukera aipatu dute ikerlariek, zibilak desplazatzea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu