Israelera 62 misil jaurtiz erantzun du Hezbollah miliziak

Erasoa ondorengo erasoen «atarikoa» baino ez dela izan esan du milizia xiitako buru Hassan Nasrallahk. Libano hegoaldeari airez eta lehorrez eraso dio Israelgo armadak.

(ID_13467410) ISRAEL LEBANON CONFLICT
Israelgo soldadu batzuk Libano hegoaldera misil batzuk jaurtitzeko prestatzen, herenegun, Israel iparraldean. ATEF SAFADI/EFE
maddi iztueta olano
2024ko urtarrilaren 6a
17:00
Entzun

Mehatxua egin eta ordu gutxira, Israeli eraso dio Hezbollah milizia xiitak. Irmo adierazi zuen atzo miliziako idazkari nagusi Hassan Nasrallahk, zera, Israelek «gudu zelaian» jasoko zuela erantzuna, eta, esan eta egin, 62 misil jaurti dituzte hara, Libano hegoaldeko frontetik. Erasoaren ondoren kaleratutako prentsa oharrean, Nasrallahk ohartarazi du eraso horiek hurrengo eraso baten «atarikoak» baino ez direla izan. Israelgo armadak berehala erantzun dio milizia xiitari, eta airez eta lehorrez egin die eraso Libano hegoaldeko hainbat eremuri.

Urriaren 7tik ia hiru hilabete betetzen diren honetan, ia-ia egunero egin diote eraso elkarri Israelgo armadak eta Hezbollah miliziak. Edonola ere, tentsioa nabarmen areagotu da asteon, asteartean Beiruten izandako erasoaren harira; hots, Hamasen adar politikoko buruzagiorde Saleh al-Aruri eta erakunde islamistako beste sei goi kargudun hil zituzten, Hezbollahren kontrolpeko eremu batean. Oraingoz, Israelek ez du eraso hori bere gain hartu.

Borroken gogortze horren harira, Libanoko lehen ministro Najib Mikatirekin elkartu da gaur, Beiruten, EB Europako Batasuneko diplomazialari Josep Borrell. Bilkuraren ondoren elkarrekin egin duten prentsaurrekoan, Borrellek mezu irmoa helarazi dio Israeli: «Inor ez da eskualdeko [Ekialde Hurbileko] gatazka batetik onik aterako. Ezinbestekoa da saihestea gatazka Libanora, eta, gero, Ekialde Hurbilera, zabaltzea».

«Inor ez da eskualdeko [Ekialde Hurbileko] gatazka batetik onik aterako».

 JOSEP BORRELL EBko diplomazialaria

Gazako milizia palestinarren eta Israelgo armadaren borrokaldiaz, eta hori bukatu ondoren egin behar litzatekeenaz ere mintzatu da. «Lanean jarraitu behar dugu Gazan behin betiko su eten bat eta gatibu guztien askapena lortzeko. Baina Gaza ezin da Zisjordaniatik bereizita ulertu, Israelek 1967tik okupatutako lurraldeen parte da».

Edonola ere, Hezbollahk birritan esan du ez duela Israelekin borrokak eteteko negoziaziorik hasiko Gazaren aurkako erasoaldia amaitu arte. Hortaz, egunetik egunera bortitzagoa bihurtzen ari da Israelen eta Libanoren arteko muga. Gaur-gaurkoz, 200.000 soldadu israeldar baino gehiago daude eremu horretan, eta, erasoen ondorioz, Israel iparraldeko 80.000 lagun lekualdatu dira, eta Libano hegoaldeko 70.000 pertsonak utzi dituzte euren etxeak, NBE Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera.

Gaza, ez-leku bat

Israelgo armadak etenik gabe egin dio eraso Gazari 90 egunez —azaro amaieran astebetez indarrean jarritako su etenak iraun zuen artean izan ezik—, eta, ondorioz, gero eta egoera krudelagoan bizi dira han dauden bi milioi pasatxo gazatar. NBEko Giza Gaietarako idazkariorde nagusi eta Larrialdi Laguntzako koordinatzaile Martin Griffithsen arabera, «erabat ezinezkoa» bihurtu da Gazan bizitzea.

Israelen setioaren eta sarraskiaren ondorioz, Gazako biztanleek gero eta zailagoa dute oinarrizko elikagaiak, edateko ura eta osasun baliabideak eskuratzea. Griffithsen esanetan, «inoizko egoerarik ezegonkorrenean eta larrienean daude». Halere, borrokek aurrera egiten duten bitartean, eta baldintza horien ondorioz zerrendan gaixotasunak areagotzen ari diren honetan, erakundeak jakinarazi du egunean 180 emakume inguru erditzen direla.

Gazako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, Israelgo armadak 22.700 palestinar baino gehiago hil eta 58.000tik gora zauritu ditu urriaren 7az geroztik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.