Israelgo Gobernuak bultzatutako erreforma judizialaren bozketa saioa bihar da hastekoa Knesset parlamentuan. Legea onartuz gero, bide emango luke Auzitegi Gorenak arrazoizkotzat jotzen ez dituen gobernuaren erabakiak atzera botatzeko. Erreformak, ordea, zatiketa eragin du herrialdeko hainbat sektoretan; esaterako, armadan. Hain zuzen, aireko indarretako 11.000 erreserbista inguruk euren jarduna etengo dutela mehatxu egin diote berriki Benjamin Netanyahu lehen ministroari erreforma geldiarazi ezean.
Eta, gaur, Israelgo segurtasuneko dozenaka goi kargudun ohik erreserbista horien erabakia babestu dute, erreforma «segurtasunaren aurkako kolpe bat» dela iritzita. Adierazpeneko sinatzaileek Netanyahuri eskatu dioten bertan behera utz ditzala erreforma judizialarekin lotutako «lege guztiak». Haien arabera, lehen ministroa da «Israelgo aireko indarrei eta segurtasunari eragindako kalteen erantzule zuzena».
Hori dela eta, Defentsa ministro Yoav Gallant atzo adierazi zuen herrialdearen «segurtasuna bermatzeko» neurriak hartzen ari dela, Israelgo hedabideetan erreformaren bozketa atzeratzen saiatzen ari dela zabaldu ostean. Israelgo 12 Kanalak jakinarazi zuenez, Gallant gobernuko eta oposizioko alderdiko buruzagiak konbentzitzen saiatzen ari da Knesseteko bozketa saioa atzeratzeko. Defentsa Ministerioak zehaztu zuen Gallant neurriak hartzen ari dela «ahalik eta adostasunik handiena lortzeko, eta, aldi berean, [militarrak] diskurtso politikotik kanpo uzteko».
Benjamin Netanyahu lehen ministroak eta gobernuko bazkide ultraortodoxoek eta eskuin muturrekoek erreforma judiziala egiteko asmoa plazaratu zuten urtarrilean, gobernuari botere gehiago emateko, judizialaren kaltetan. Halere, lehen ministroak erreforma judizialari buruzko lege proiektua eztabaidatzeko prozesua atzeratu egin zuen martxo amaieran, proposamenak herritarren artean eragindako haserrearen ondorioz. Netanyahuk, ordea, ez du amore eman nahi, eta erreforma judizialari lotutako zenbait lege onartu nahi ditu parlamentuko udako saioa amaitu —uztailaren 31— baino lehen.
Oposizioa, berriz, erreformaren aurka azaldu da erabat. Erreforma judizialarekiko kritikoek argudiatzen dute Israelen botere orekaren aurkako erasoa dela, batez ere demokraziaren oinarrien aurkakoa, parlamentuari boterea ematen baitio erabaki judizialak baliogabetzeko.
Bien bitartean, milaka israeldar parlamenturako bidean dira, eta, gaur, 300 bat mila lagunek Jerusalemgo kaleak bete dituzte, zazpigarren hilabetez jarraian, gobernuaren aurkako protestetan. Salatzen dutenez, erreformaren lege proiektu horrek «arriskuan» jarirko luke justiziaren «independentzia».
Israelek palestinar bat hil du
Israelgo armadak 18 urteko palestinar bat hil du gaur, tiroz, Zisjordaniako Nablus hirian, Wafa Palestinako berri agentziaren arabera. Eraso horretan, halaber, Israelgo indarrek beste pertsona bat zauritu dute, eta, gero, atxilo hartu dute. Tel Aviven arabera, gazte horiek ustez hainbat militar autoz harrapatzen saiatu dira, eta horregatik egin diete tiro.
Atzo, gainera, 17 urteko eta 19 urteko bi gazte palestinar hil zituzten Israelgo indarrek; lehenengoa, Ramallah hiritik (Zisjordania) gertu, eta bigarrena, Nablusen (Zisjordania), kolono israeldarrekin izandako liskar baten ostean. Urtea hasi zenetik, Israelek 163 palestinar hil ditu, tartean 28 adingabe; israeldarrak, aldiz, 27 dira, horietatik gehienak, kolonoak.