Ekialde Hurbila

Israelgo Armada indarrez sartu da Gaza iparraldera

Soldaduak, blindatuak eta Israelgo Armadako ingeniariak Gaza iparraldean sartu dira gaur. Armadako iturriek jakinarazi dutenez, helburua Gazako Al Muntar pasabidetik gertu dauden tunelak detektatzea da. Pasabide hori, oso garrantzitsua da Gazako ekonomiarentzako. Ehud Olmer Israelgo lehen ministroak bahitutako soldadua askatzeko "edozer gauza egiteko" agindua eman zuen atzo. Ekintzaile palestinarrek, bitartean, bihar goiza arteko epea eman diote Israeli presoak trukatzeko.

2006ko uztailaren 3a
17:07
Entzun
Bihar goizeko seiak baino lehen (bostak Euskal Herrian) eurek eskatutako preso palestinarrak askatzen ez badituzte, "oso ondorio larriei" aurre egin beharko dietela egin diete mehatxu ekintzaile palestinarrek Israelgo agintariei. Joan den igandean Gilad Shalit soldadu israeldarra bahitu eta ordutik beren mende duten hiru talde armatuek eman dute ultimatum-a. Shalit aske lagatzearen truke Israelen preso dauzkaten emakume eta adingabekoak libre uzteko eskatzen dute. Soldaduaren bahiketaren harira Israel erasoaldi gogorra egiten ari da palestinarren aurka.

Hamasen adar armatua, Erresistentziako Batzorde Herritarrak eta Armada Islamikoa lirateke joan den igandean Gazako mugako Israelen kontrol postu bati eraso ziotenak, eta Gilad Shalit 19 urteko soldadu gaztea bahitu zutenak.

Bahiketa horrek are eta gehiago gaiztotu ditu Israelen eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren arteko harreman txarrak. Bahiketaren harira erasoaldi gogorra egin du Israelek palestinarren aurka: Gaza bonbardatu du milaka lagun argindar hornikuntzarik eta oinarrizko azpiegiturarik gabe utziz, eta Zisjodarnian Hamaseko buruzagien aurkako sarekada handiak egin ditu. Besteak beste, PANeko hamar ba ministro bahitu ditu, alderdi horren esku baita egun PANeko Gobernua. Gainera, asteburuan Ismail Hania lehen ministroaren egoitzari eraso dio. Bonbardatu zutenean hutsik zegoen lehen ministroaren bulegoa.

Albiste agentzietara igorritako ohar baten bidez eman diote bihar goiza arteko epea Israeli, eta preso dauzkaten emakume eta adingabeko palestinarrak libre utzi ezean "auzia itxitzat" emango dutela eta ondorio larriak izango direla ohartazten dute, beste zehaztasunik gabe.

Israelen erasoaldiari modu berean erantzuteko mehatxua ere egin dute beste talde palestinar batzuek. Israelgo Gobernuak, berriz, ez dagoela ekintzaile palestinarrekin negoziatzeko prest agertu du behin eta berriro, eta erasoaldi gogortzeko prest dagoela iradoki du azken orduetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.