Ezusteko eraso bat abiatu zuen Hamasek atzoko ordu txikietan. Inoiz ez bezalakoa da, airekoa, itsasokoa eta lurrekoa: besteak beste, 5.000 suziritik gora jaurti zituzten Gazatik, eta dozenaka milizianok une hori baliatu zuten muga pasatu eta zenbait herriren kontrola bereganatzeko. Hango hedabideen arabera, militarrak bahitu eta hil zituzten —tartean, komandanteak, organizazio politiko islamistak esan duenez—, eta, denera, behin-behineko datu ofizialen arabera, gutxienez zazpiehun israeldar hil dituzte, eta 2.200 baino gehiago zauritu. Beste ehun inguru bahituta daude. Jihad Islamikoa ere oldarraldira batu zen —baieztatu du 30 lagun dituela bahituta—, «batailaren» parte dela ziurtatuta. Hori ikusirik, Israelgo armadak gerra egoera deklaratu zuen.
Kontraerasoa ez da nolanahikoa izan. Israelek jada berreskuratu ditu atzo palestinarrek hartutako eremuetatik 29, eta Gaza bonbardatzen jarraitzen du, Burdinazko ezpata deitu dioten operazioan. Hainbat hiritan borrokan jarraitzen dute —Sderoten eta Beerin, besteak beste—, eta, tokiko hedabideen arabera, biktima asko izan dira.
Gazako osasun iturrien behin-behineko datuen arabera, gutxienez 413 palestinar hil ditu bonbardaketetan, eta beste 2.300 zauritu. Gainera, Israelek jakinarazi du ebakuatu egingo dituztela Gazatik gertu bizi diren israeldarren komunitate guztiak, «segurtasunagatik». Ondorioztatzekoa da, beraz, erasoak gogortuko dituztela. Etengabe ari dira eremua bonbardatzen atzotik.
Zehazki, Israelgo hegazkinek ustez Hamasenak diren 426 eraikini egin diete eraso; tartean base militarrei, arma biltegiei eta tunelei. Denera zortziehun helburu jo dituztela azpimarratu dute. Oraingoz ez dute erasorik egin lurretik. Gazako Osasun Ministerioak, ordea, ospitaleen aurka eraso egitea egotzi dio Israeli, baita hiru osasun langile hil eta bost anbulantzia suntsitzea ere.
Hamasen adar militarreko —Izz ad-Din al-Qassam Brigadetako— buru Mohammed Deifek bideo batean azaldu duenez, operazio militarrak hainbat arrazoi ditu: batetik, «erantzun bat» da, Jerusalemgo Meskiten Zelaigunearen kontrako «erasoen» aurkakoa; eta, bestetik, preso palestinarren egoera geroz eta okerragoaren ondorio bat —horietako batzuk gose greban daude—. Gerora, Ghazi Hamad Palestinako organizazio politiko islamistaren bozeramaileak Al-Jazeera telebista kateari esan dio atzo abiaturiko operazioa «mezu bat» ere badela Israelekin harremanak normalizatzen ari diren herrialde arabiarrentzat: «Uste dut hori egitea lotsagarria dela haientzat». Hain justu, hilabeteak dira Saudi Arabia negoziatzen ari dela hori egiteko.
Gaza ez da Israel bonbardatzen ari den leku bakarra: Libano hegoaldeari ere eraso egin dio. Izan ere, Hezbola talde xiitak gaur goizean bere gain hartu du Israelen aurka egindako eraso bat. Israelgo hedabideek baieztatu egin dute Libanon eraso hori izan dela, baina ez dute xehetasun gehiagorik eman.
Atzo, erasoaren eskalak eta koordinazioak, eta lehen erreakzioek agerian utzi zuten Israelgo zerbitzu sekretuek ez zutela horren arrastorik, eta gobernuak eta armadak erantzuna inprobisatu behar izan zutela. «Etsaiak inoiz ez bezala ordainduko» duela adierazi zuen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta herritarrei esan zien «gerran» daudela, eta gatazka hori «irabazi» egingo dutela. Horretarako, zera jarri zuen helburutzat Netanyahuk: erasoa jasan duten eremuetan «bakea eta segurtasuna berriz ezartzea», eta zona horiek «infiltraturiko etsaiez garbitzea».
Israelgo oposiziotik, Yair Lapid gobernuburu ohiak batasun gobernu bat eratzea proposatu zion lehen ministroari, betiere eskuin muturreko alderdiak koaliziotik botatzen baditu, eta Netanyahuren Likud alderdiak baiezkoa erantzun zion. Hori baino lehen, gobernuak jakinarazi zuen Gazarako elektrizitate hornidura etetekoa zela.
Zisjordanian, PAN Palestinako Aginte Nazionalak premiazko bilkura bat egin zuen, eta PANeko presidente Mahmud Abbasek «terrorismotik eta okupazio indarretatik» defendatzeko eskubidea aldarrikatu zuen. Palestinari «babes emateko» beharraz ere aritu zen, eta «duintasuna berreskuratzeko» erasoalditzat deskribatu zuen Gazako milizien operazio militarra, Al-Aqsa uholdea deiturikoa. Gainera, PANen segurtasun indarrei «palestinar guztiak babesteko» agindua eman zien.
Hamasen eta Israelgo goi kargudunen adierazpenak ikusirik, badirudi gatazka armatuak luze iraungo duela.
Babesa berretsi
Nazioartean, atzoko erreakzioei segida eman diete lider politiko gehienek. Joe Biden AEBetako presidenteak berriro hitz egin du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin, «baldintzarik gabeko babesa» adierazteko. Ordu batzuk lehenago, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Israeli laguntza militar gehiago bidaltzea onartu du.
Netanyahurekin harremanetan da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere. Israelgo lehen ministroaren arabera, ez da izan babesa helarazi dion Europako agintari bakarra. Aipatu ditu, besteak beste, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa eta Rishi Sunak Erresuma Batukoa.
Beste aldean, Iran da Palestinari babesa helarazten ari zaion herrialde nagusia. Ebrahim Raisi presidenteakberretsi du «Palestinako nazioaren defentsa» zilegizkoa dela, eta komunitate islamikoari eskatu dio palestinarren borroka babesteko.
Bide horretan, Palestinak ezohiko bilkura bat eskatu dio Liga Arabiarrari. Brasilek ere NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua bildu du; herrialde horrek du hango presidentetza. Gaur bertan egingo dute bilera.
Maiatzeko erasoaldia
Atzo abiaturiko borrokaren aurretik, azken talka armatua joan den maiatzekoa izan zen, Israelgo armadak Jihad Islamikoaren kontrako Ezkutua eta geziaoperazioa abiatu zuenekoa —hilketa «selektiboen» zerrendan jasotako izenak zituen helburu—. Bost egun iraun zuen, eta 30 palestinar baino gehiago hil zituzten tarte horretan; biktima guztiak ez ziren talde armatuko kideak, zibilak izan baitziren gehienak, adingabeak tartean. Egiptok lortu zuen bi aldeek menia adostea.
Baina baliteke atzokoa iragan maiatzekoa baino handiagoa bilakatzea, eta antza izatea 2021eko maiatzean gertaturikoarekin, edo hura ere gainditzea. Hamar egun iraun zuen borrokak orduan, eta Israelgo armadak gutxienez 230 palestinar hil zituen Gazan, eta 1.700dik gora zauritu; kalte materialak ere handiak izan ziren, bonbardaketek 264 milioi euroren kalteak eragin baitzituzten, Gazako Informazio Ministerioaren datuen arabera. Israelen, berriz, hamabi lagun hil eta 336 lagun zauritu zituzten Hamasen suziriek.
Jerusalemgo Al-Aqsa meskitaren inguruan izandako tentsioaren ondorioz piztu zen indarkeria hori duela bi urte inguru, eta oraingoan ere horrek eragin du Palestinako milizien erasoa.