Israelgo Gorenari mugatu egin diote gobernuaren erabakiak baliogabetzeko eskumena

Netanyahuk eta eskuin muturreko koalizioak aurkeztutako erreforma judizialaren parte da legea. Poliziak bi lagun zauritu eta hemeretzi atxilotu ditu protestetan

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa (ezkerrean), atzo goizean, Israelgo Parlamentuan, bozketa hasi baino lehen. ABIR SULTAN / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Saio garrantzitsu bat izan zuten atzo Israelgo Knesset-en, parlamentuan: lehen ministro Benjamin Netanyahuk eta haren gobernukideek aurkeztuta, erreforma judizialeko lege bat bozkatu zuten, eta aurrera egin zuen. Erreforma judizialak biltzen dituen legeen artean, «arriskutsuenetako bat» da atzo bozkatu zutena. Izan ere, orain arte Auzitegi Gorenak eskumena izan du gobernuak hartutako edozein erabaki bertan behera uzteko, baldin eta iritzi badio neurria «sistema demokratikoaren» aurkakoa dela. Orain, ez du eskumenik izango arrazoizkotzat jotzen ez dituen gobernuaren erabakiak atzera botatzeko.

Atzokoa baino lehen, beste bozketa saio bat egin zuten Knesseten, eta, orduan ere, aurrera egin zuen Netanyahuren proposamenak. Atzoko bozketan neurriak aldeko 64 boto jaso zituen, eta bat ere ez aurka. Izan ere, oposizioko kideek boikot egin zioten bozketa saioari, eta zenbaketa amaitu baino lehen alde egin zuten. Netanyahuk eta Likud eskuin muturreko koalizioko kideek, berriz, emaitza txalotu zuten. «Gaur onartu dugun legea garrantzitsua da demokraziarentzat, baina hasiera besterik ez da», esan zuen atzo Defentsa ministro Itamar Ben-Gvirrek.

Emaitza aurreikusita, egunotan alarma hotsak piztuta eduki dituzte herrialdean. «Garai larri batean bizi gara. Ezinbestekoa da ados jartzea», ohartarazi zuen Israelgo presidente Isaac Herzogek. Hain justu, akordio bat lortze aldera, Netanyahurekin eta oposizioko lider Yair Lapidekin bildu zen igandean. Herzogek «erdibideko» proposamen bat aurkeztu zien bi politikariei; besteak beste, hamabost hilabetez erreforma judizialaren bozketa prozesua etetea. Lapidek baiezkoa eman zion proposamenari, baina Netanyahuk bereari eutsi zion.

Izan ere, oposizioak hasieratik egin du eskuineko koalizioaren asmoen aurka, eta behin eta berriz eskatu du erreforma atzera botatzeko. Atzo ere marmarka eta etsita atera ziren Knessetetik. Iritzi diote neurri sorta Israelgo «botere orekaren aurkako eraso bat» dela, baita «demokraziaren oinarrien aurka» egiten duela ere.

Netanyahuk eta haren taldeak urtarrilean aurkeztu zuten erreforma. Neurri sortaren helburua da gobernuari botere handiagoa ematea, eta, judizialari, berriz, dituen eskumenak mugatzea. Erreformak berehala eragin zuen herritarren haserrea, eta lehen ministroak lege proiektua eztabaidatzeko prozesua atzeratu zuen martxo amaieran. Edonola ere, Netanyahuren asmoa da erreforma judizialeko zenbait neurri hilaren bukaerarako onartzea.

Lanuzteak eta protestak

Iragan urtarriletik, Israelgo herritarrak larunbatero irten dira kalera. Herrialdeko bandera eskuetan, Netanyahuren eta haren gobernukideen aurkako mezuak oihukatu dituzte, erreforma judizialak hauspotutakoak.

Knesseteko bozketa saioaren harira, protestan irten ziren berriro ere atzo: 20.000 pertsona baino gehiago. Goizean goiz ekin zieten mobilizazioei. Poliziak bi lagun zauritu eta hemeretzi baino gehiago atxilotu zituen. Emaitzen berri izan eta gutxira, zenbait manifestarik Knesseteko sarrera eta hainbat errepide blokeatu zituzten.

Beste batzuek grebara jo dute erreforma judizialaren aurka egiteko. Horixe iragarri zuten, joan den astean, armadako aire indarretako 11.000 erreserbista inguruk. Israelgo segurtasuneko dozenaka goi kargudun ohik erabaki hori babestu zuten larun- batean, erreforma «segurtasunaren aurkako kolpe bat» dela iritzita. Bide beretik jo zuten herrialdeko 150 enpresari handienek, eta lanuzteak egin zituzten atzo.

Bestalde, adierazgarria izan da ere Israelen aliatu nagusi diren AEBek neurria kritikatu izana. Etxe Zuriak atzo argitaratutako ohar batean «tamalgarritzat» jo zuen bozketa egin izana «ahalik eta gehiengo txikienarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.