Israelgo laboristek gobernua utziko dute negoziazioek aurrera egin ezean

Benjamin Netanyahuk dio kolonien eraikitzea bertan bera uzteko epea luzatzeari baiezkoa eman ziela AEBei

2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Ekialde Hurbilerako bake elkarrizketak blokeatuta jarraitzen dute. Hain justu, elkarrizketetan aurrerapausorik eman ezean laboristek gobernua uzteko mehatxua egin dute. «Uneotan gobernua ez aurrera ez atzera dago», adierazi du Avishai Braverman ministro laboristak. «Laboristek erabaki argi bat hartu beharra daukagu. Palestinarrekiko negoziazio zuzenei ekiten badiete, gobernuan geldituko gara. Bestela, utzi egingo dugu», gehitu du. Laboristek bi hilabeteko epea eman diote Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari egoera desblokeatzeko.

Laboristek mehatxua beteta ere Netanyahuk gehiengo soilarekin agintzen jarraitu ahal izango luke Legebiltzarrean. Dena den, moderatuen babesa galtzeak nazioarteko bakartzea handitzea eragin dezake.

Bitartean, Netanyahuk azaldu du AEBei kolonien eraikuntza bertan behera uzteko erabakia luzatzeko baiezkoa eman ziola. Washingtonek, ordea, ez zuen proposamena aintzat hartu, lehen ministroaren hitzetan. Hain zuzen ere, Israelek Zisjordanian berriz koloniak eraikitzeari ekiteak eragin zuen negoziazioen haustura iragan irailaren amaieran.

Aurreko luzapena —hamar hilabetetakoa— amaitzear zela, beste hiru hileko luzapena eskatu zuten palestinarrek. Netanyahuk, aurkakoa esan bazuen ere, onartu zuela dio. «Washingtonek erabaki zuen eskaera hura betetzeak ez zuela ezer onik ekarriko, luzapenen segida amaiezin bat baizik», azaldu du Israelgo lehen ministroak. Egoera hori dela eta, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak uko egin zion elkarrizketekin jarraitzeari.

Bi hildako 48 ordutan

Elkarrizketak ez aurrera ez atzera daudela onartu du Netanyahuk, baina erantzunkizuna palestinarrena dela dio. Lehen egunetik Abbasekin harremanetan jarri eta prozesua aurrera ateratzen saiatu dela dio, eta palestinarrak milimetro bat bera ere ez direla mugitu azaldu du.

Bestalde, Israelgo armadak bi palestinar hil ditu 48 orduko epean. Robert Serry NBE Nazio Batuen Erakundeko Ekialdeko Hurbilerako ordezkari bereziak «lasaitzeko» eskatu dio Israeli, eta «gehiegizko indarkeriarik ez erabiltzeko».

Gazte bat tiroz hil zuten hiru soldaduk igandean. Zisjordaniako Nabulus hirian jazarri zitzaizkion soldaduak gazte palestinarrari. Israelgo armadak gazteak gelditzeko aginduari entzungor egin ziola azaldu bazuen ere, lekuko baten arabera, gazteak eskuak altxatuta zeuzkan tirokatu zutenean.

Egun bat lehenago emakume bat hil zen Ramalako ospitalean, Israelgo armadak jaurtitako gas toxikoa arnastearen ondorioz. Bilin hirian Israel eraikitzen ari den banaketa harresiaren aurkako ostiraleroko protestan gertatutako istiluetan zauritu zuten emakumezkoa.

Bost urte koman

Bestalde, Al Fatak 46 urte bete ditu urte berriarekin batera, eta hainbat eta hainbat ekitaldi egin dituzte urteurrena ospatzeko.

Horrez gain, gaur bost urte bete dira Ariel Sharon Israelgo lehen ministro ohia koman sartu zela. 2006an garuneko isuria izan zuen, eta Ehud Olmertek hartu zuen haren tokia. Sharon izan zen Zisjordanian banaketa harresia eraikitzeko agindua eman zuena. Horrez gain, Palestinako Aginte Nazionalarekin biltzeari uko egin zion behin baino gehiagotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.