ISRAELGO LEGEBILTZARERAKO HAUTESKUNDEAK. Kadimak bozak irabazi arren, koalizioaren beharra izango du

Ehud Olmerten alderdiak 28 diputatu eskuratu ditu; Alderdi Laborista prest dago Gobernuan sartzeko

2006ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
«Datorren aroan Israelgo Estatuaren estatu judua gehiengo juduarekin behin betiko mugak ezartzeko mugimenduak egingo ditugu», adierazi zuen atzo Knesset Israelgo Legebiltzarrerako bozetako garaileak, Ehud Olmertek. «Hori palestinarrekin akordioan lortzen saiatuko gara, baina hori lortu ezean patua gure eskutan hartuko dugu», ohartarazi zuen, aldebakarreko erabakirik baztertu ez zuela iradokita. Kadimako burua eta Israelgo jarduneko lehen ministroa (Ariel Sharon koman baitago), asteartean bozetan nagusitu ondoren, koalizio gobernua osatzeko lehen kontsulta eta bilerak egiten hasi zen atzo. Halere, negoziazio formalak Israelgo presidente Moshe Katsavek Gobernua eratzeko agindu ondotik abiatuko ditu Olmertek. 28 eguneko epea izango du horretarako. Kadimako diputatu Haim Ramonek esan zuen apiril erdialdean egingo ziola zin Olmertek lehen ministro karguari.

Palestinako Legebiltzarreko presidente eta Hamaseko diputatu Abdel Aziz Dueikek, bitartean, «alderdi judurik okerrena» iritzi zion Kadimari, «eskualdean jokalari bakarra dela pentsatzen duelako». Ildo berean, Hamaseko eledun Sami Abu Zuhrik nabarmendu zuen israeldarrek Olmerten plana (Zisjordaniako zati batzuetatik erretiratzeko) «Palestinako auzia deuseztatzeko» hautatu zutela. Gainera, Hamaseko politburoko buru Khaled Meshaalek Khartumen (Sudan), Liga Arabiarraren goi bileran, esan zuen Israelgo bozetan irabazlea zeinahi izaki ere Israelek palestinarren eskubideekiko duen jarrera «erasokorra» dela. Meshaalen hitzetan, Israelgo alderdi nagusiek beti errefusatu dute palestinarren hainbat eskari, hala nola Jerusalemgo zatiak itzultzea. Astearteko bozetako emaitzak%100ean zenbatuta, honela geratuko da banatuta Knesset: Kadima, 28 diputatu, Alderdi Laborista (20), Shas (13), Yisrael Beitenu (12), Likud (11), Batasun Nazionala-Alderdi Nazional Erlijiosoa (9), Erretiratuen Alderdia (7), Torah Judaismo Batua (6), Raam-Tal (4), Meretz-Yahad (4), Balad (3) eta Hadash (3). Raam-Tal, Balad eta Hadash alderdi palestinarrak dira, nahiz eta Hadashen (Alderdi Komunista ohia) juduek ere parte hartu. Legebiltzarrak 120 eserleku ditu. Ezustekorik handiena Mossadeko buru ohi Rafi Eitanek buru duen Erretiratuen Alderdiak eman zuen. Israelgo krisi ekonomikoaren eta langileen, langabetuen eta erretiratuen kezkak norainokoak diren islatzen du alderdi berri horrek zazpi diputatu eskuratu izanak.Avigdor Lieberman (palestinar guztiak egoztearen aldekoa) buru duen Yisrael Beitenu alderdia ere posizio sendoan ariko da Knesseten, laugarren alderdi gisa. Gehienbat etorkin errusiarrak ordezkatzen dituen eskuin muturreko alderdia da.

Koalizio gobernuari begira

Oso litekeena da Alderdi Laborista Kadimak sendo gobernatzeko beharko duen koalizioan parte hartzea. Balizko beste koaliziokideak, adituen ustez, Shas (judu sefarditen eta mizrahi-en alderdia, ortodoxoa), Erretiratuen Alderdia, Torah Judaismo Batua (ultraortodoxoa) eta Meretz-Yahad (sozialdemokrata).

Ariel Sharonek Kadima osatu arte Tel Aviveko gobernuan egon den Likud alderdiko buru Binyamin Netanyahuk onartu zuen «kolpe handia» jaso zutela bozetan, baina alderdia «berreraikiko» zuela agindu zuen.1948an Israelgo Estatua sortu zutenetik, Alderdi Laborista eta Likud alderdia, bakarrik nahiz koalizioan, izan dira boterean nagusi. Orain, lehen aldia izango da beste alderdi batek, Kadimak, leku hori beteko duena. Halere, aurreko bi alderdi horietako transfugetatik elikatu da Sharonek abiatu eta orain Olmertek gidatzen duen alderdia. Kadimaren erretiratze plana atontzen aritu den Otniel Schneller diputatu eta kolonoak atzo azaldu zuenez, bere alderdiak gutxienez urtebete beharko du plana burutzeko. Zisjordaniako zenbait eremutatik erretiratu (kokagune nagusiak mantenduta eta zabalduta) eta Israelgo Estatuaren behin betiko mugak ezartzeko urratsak zehaztuko ditu egitasmoak. Helburua muga horiek 2010erako finkatzea da. Schnellerrek zehaztu zuen Kadima boterean dagoen lehenbiziko urtean PANeko gobernuak (Hamasen esku) ikuspuntua «moderatzen» duenetz ikusiko du, horren arabera jokatzeko. Epe horretan kolono juduekin mintzatuko da Olmert, haientzako beste bizileku batzuk aztertzeko.«Planak ez du egutegi zurrunik izango. Israelek urtebete inguru emango dio Hamasen gobernuari Israelen izaera eta Tel Avivek eta PANek iraganean eginiko akordioak onartzeko eta indarkeriari uko egiteko».Olmerten asmoa erretiratze plana kolonoekin elkarlanean egitea da; Gazatik erretiratzean Sharonek ez zuen hala jokatu.Bestalde, nazioarteko hainbat erakundek eta gobernuk zoriondu zuten Olmert atzo, garaipenagatik. AEBetako presidente George Bushek, Gobernua osatu eta gero Etxe Zurira joateko esan zion. Europako Batasunak esan zuen prest zegoela Tel Avivekin «bake prozesua aurrera eramateko elkarlanean aritzeko». Londresek eta Parisek ere Olmert zoriondu zuten.Bitartean, PANeko lehen ministro Ismail Haniak kargua ofizialki hartu zuen Gazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.