ISRAEL

Israelgo oposizioak erreforma judizialaren negoziazioak eten ditu gobernuarekin

Parlamentuak batzorde judizialeko bederatzi epaileetako bi izendatu behar zituen, baina soilik bakarra hautatu du. Oposizioak Netanyahuri egotzi dio batzordearen eraketa «oztopatzea», eta horregatik geldiarazi ditu koalizio gobernuarekin zituen elkarrizketak.

Yair Lapid oposizioko burua —erdian—, gaur, Israelgo Parlamentuan. ABIR SULTAN / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 14a
21:40
Entzun

Israelgo oposizioko alderdi nagusiek asteazken honetan iragarri dutenez, eten egin dituzte Benjamin Netanyahu lehen ministroak bultzatutako erreforma judizialari buruzko negoziazioak, parlamentuak herrialdeko epaileak hautatzen dituen batzordeko bi legegileetako bat soilik izendatu ostean. Yir Lapid oposizioko eta Yesh Atid alderdiko buruak Twitterren idatzi duenez, Netanyahuk zuzendutako koalizio gobernua «eskuin muturrekoen gatibu dago». Horrez gain, Lapidek lehen ministroari egotzi dio batzordearen eraketa «oztopatu» izana eta negoziazioak berriz hasteko edozein asmo «zapuztea».

Lehen ministroa erreforma judizialaren aldeko kanpaina egiten ari da urtarriletik, exekutiboari botere handiagoa emateko, judizialaren kalteetan. Asmo horren aurka egin dute oposizioko alderdiek, eta ohartarazi erreforma horrek Israelgo demokrazia «higatuko» lukeela.

Hain zuzen, urtea hasi zenetik, erreforma judizialaren kontrako protesta jendetsuak egiten ari dira Tel Aviven eta beste zeinbat hiri nagusitan, eta, herritarren jarrera zein den ikusita, martxoan, Netanyahuk atzeratu egin zuen erreforma tramitatzeko saioa, gobernua eta oposizioa adostasun batera heltzeko helburuz, Isaac Herzog presidentearen bitartekaritzapean.

Asteazken honetan, Israelgo Parlamentuak —120 eserlekuetatik 64 Netanyahuren eskuineko koalizioko diputatuek betetzen dituzte— bi legegile aukeratu behar zituen bozketa baten bidez, Hautaketa Judizialen Batzordea osatzen duten beste bi ordezka zitzaten. Batzorde horrek bederatzi kide ditu guztira, eta bi toki ditu legebiltzarkideentzat. Orain arte, gobernuko legegile batek eta oposizioko beste kide batek bete izan dituzte bi postu horiek.

Hala ere, oposizioak salatu du Netanyahuren koalizioak bi ordezkari bereganatzeko asmoa zuela —eskuin muturreko kideek nahi zuten bezala— edo ez zuela inor izendatuko, erabakia atzeratzeko. Izan ere, lehen ministroak presioa egin die koalizioko legegileei, batzordeko hautagai gisa aurkez zitezen eta, horrela, izendapena boikotatu zezaten.

Baina Netanyahuren Likud alderdiko Tali Gotlivek uko egin dio bere hautagaitza uzteari, eta hura izan da batzordeko kide izateko aurkeztu den koalizioko legegile bakarra. Hala ere, parlamentuak atzera bota du, aldeko hamabost boto baino ez baititu lortu; 59k aurka bozkatu dute. Aldiz, Lapid buru duen Yex Atis alderdiko kide Karine Elharrar hautatu dute batzordean legegileentzat gordetako bi ordezkarietako bat betetzeko, aldeko 58 botorekin eta kontrako 56rekin. Bigarren lekua ordezkatzeko bozketa datozen 30 egunetan egin beharko dute.

Demokraziaren alde «borrokan»

Batzordea osatu ez dutenez, Benny Gantz Israelgo Defentsa ministro ohi eta Urdina eta Zuria alderdiko buruak gogor kritikatu du gobernuak hartutako bidea: «Behar bezala funtzionatzen duen batzorderik gabe, ez du zentzurik elkarrizketarekin jarraitzeak [...] Demokraziaren alde borrokatzen jarraituko dugu, kalean nahiz presidentearen egoitzaren aurrean».

Lapidi eta Gantzi erantzunez, berriz, Netanyahuk ohar batean adierazi du oposizioa «aitzakiaren baten bila» ibili dela elkarrizketak eteteko.

Parlamentuaren erabakiaren ostean, erreforma judizialaren aurkako mugimenduek manifestaziora deitu dute gaur gauerako. Ziurtatu dutenez, «Netanyahuren gaurko erabakiak esan nahi du batzordea ez dela bilduko lehen ministroak kontrolatzen ez duen bitartean». Erreforma judizialaren alderdi nagusietako bat batzordean aldaketa bat egitea da, epaileak hautatzen dituena, gobernuari gehiengoa emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.