Israel

Israelgo Parlamentuak mugatu egin dio Gorenari gobernuaren erabakiak baliogabetzeko eskumena

Netanyahuk eta eskuin muturreko koalizioak aurkeztutako erreforma judizialaren parte da legea. Goizean goizetik 20.000 herritar inguru irten dira protestan, eta Poliziak bi lagun zauritu eta hemeretzi atxilotu ditu.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa (ezk.) goizeko bozketan, Israelgo Parlamentuan. ABIR SULTAN / EFE
maddi iztueta olano
2023ko uztailaren 24a
14:53
Entzun

Hitzordu garrantzitsu bat izan dute gaur Israelgo Knesset Parlamentuan; lehen ministro Benjamin Netanyahuk eta haren gobernukideek aurkeztutako erreforma judizialeko lege bat bozkatu dute, eta aurrera egin du. Hala, Israelgo Auzitegi Gorenak eskumena galduko du arrazoizkotzat jotzen ez dituen gobernuaren erabakiak atzera botatzeko.

Erreforma judizialak biltzen dituen legeen artean, «arriskutsuenetako bat» da gaur bozkatu dutena. Izan ere, orain arte Auzitegi Gorenak eskumena izan du gobernuak hartutako edozein erabaki bertan behera uzteko, baldin eta iritzi badio neurria «sistema demokratikoaren» aurkakoa dela. Gaurkoa baino lehen, beste bi bozketa saio egin dituzte Knesseten, eta horietan ere, aurrera egin zuen Netanyahuren proposamenak.

Emaitza aurreikusita, egunotan alarma hotsak piztuta eduki dituzte herrialdean. «Garai larriak bizi ditugu. Ezinbestekoa da adostasun batera iristea», ohartarazi zuen Israelgo presidente Isaac Herzogek. Hain justu, akordio bat lortze aldera, Netanyahurekin eta oposizioko lider Yair Lapidekin bildu zen atzo. Herzogek «bide erdiko» proposamen bat aurkeztu zien bi politikariei, besteak beste, hamabost hilabetez erreforma judizialaren bozketa prozesua etetea. Lapidek baiezkoa eman zion proposamenari, baina bereari eutsi zion Netanyahuk.

Izan ere, oposizioak hasieratik egin du eskuineko koalizioaren asmoen aurka, eta behin eta berriz eskatu du erreforma atzera botatzeko. Gaur ere, marmarka eta etsita atera dira Knessetetik. Iritzi diote neurri sorta Israelgo «botere orekaren aurkako eraso bat» dela, baita «demokraziaren oinarrien aurka» egiten duela ere.

Netanyahuk eta haren taldeak urtarrilean aurkeztu zuten erreforma. Aldatuko lituzketen legeen helburua da gobernuari botere gehiago ematea, eta, judizialari, berriz, dituen eskumenak murriztea. Erreformak berehala eragin zuen herritarren haserrea, eta lehen ministroak lege proiektua eztabaidatzeko prozesua atzeratu zuen martxo amaieran. Edonola ere, lehen ministroak esan zuen, herenegun, bere asmoa dela erreforma judizialeko zenbait neurri hilaren bukaerarako onartzea.

Sektore guztietara iritsi dira grebak

Gaur zazpi hilabetetik, Israelgo herritarrak kalera irten dira larunbatero. Herrialdeko banderak eskuetan, Netanyahuren eta haren gobernukideen aurkako mezuak oihukatu dituzte, erreforma judizialak hauspotutakoak. Astelehena da gaur, baina Knesseteko bozketa saioaren harira, protestan irten dira berriro ere.

Goizean goiz ekin diete mobilizazioei, eta parlamentuko egoitzara iritsi dira pixkanaka-pixkanaka. Sarrera blokeatu dute ehunka manifestarik, baina Polizia berehala saiatu da horiek uxatzen, ur kanoien bidez. Horrela zauritu dituzte bi lagun, eta hemeretzi baino gehiago atxilotu dituzte; horien artean, protesten bultzatzaile nagusietako bat.

Beste batzuek grebara jo dute erreforma judizialaren aurka egiteko. Horixe iragarri zuten, joan den astean, armadako aire indarretako 11.000 erreserbista inguruk. Israelgo segurtasuneko dozenaka goi kargudun ohik erabaki hori babestu zuten herenegun, erreforma «segurtasunaren aurkako kolpe bat» dela iritzita.

Bide beretik joko dute herrialdeko 150 enpresa handienek. Horien artean, teknologiaren sektoreko konpainiak dira gehienak, eta lanuzteak iragarri dituzte gaurko. «Ekonomiari kalte izugarria egingo dioten, gizartea zatituko duten eta herritar guztion segurtasuna arriskuan jarriko duten neurriak eragozteko, akordioak adostu behar ditugu», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.