Mundua

Istilu handiak Belfasten

Komunitate errepublikanoko zein unionistako gazteak elkarren kontrako borroketan nahastu dira, bigarren gauez jarraian. Poliziaren arabera, paramilitar unionistek piztu dituzte liskarrak. Prentsa argazkilari batek tiro bat jaso du, eta Poliziak IRAko disidenteei leporatu die tiro egin izana. [YouTube]http://youtu.be/LGDSfezh5mM[/YouTube]

2011ko ekainaren 22a
17:59
Entzun 00:00:0000:00:00

Bigarren gauez jarraian istilu larriak izan dira bart Belfasten, komunitate errepublikanoko eta unionistako gazteen artean. Harriak eta molotov koktelak jaurtiz eraso diote elkarri, baina suzko armekin tiroka ere ibili dira hainbat. Hain zuzen ere, prentsa argazkilari bat tiroz zauritu dute zango batean liskar horietako batean. Poliziak IRAko disidenteei leporatu die erasoa, eta kazetariei eskatu die istiluen eremutik kanpo egoteko, haien segurtasuna ezin duela bermatu-eta. Argazkilaria ospitalean da eta arriskutik kanpo dago.

Poliziak esan du "oso arraroa" dela disidenteek komunikabideetako kideen aurka egitea, eta, beraz, "litekeena" dela benetako helburua Polizia bera izatea. Azken hilabeteetan talde honek Poliziaren eta britainiar armadaren aurkako atentatu kanpaina bat egin du probintzian. Joan den apirilean, Ronan Kerr 25 urteko polizia hil zuten Tyrone konderriko Omagh herrian.

Poliziak 20 urteko neska bat atxilotu du, ustez arma bat edukitzeagatik eta Poliziari bart gaueko istiluetan erasotzeagatik.

Unionisten urteroko garaipen martxak hasten diren sasoia da oraingoa, eta, agi denez, ekitaldi horien harira sortu dira istiluak. Poliziak paramilitar unionistei egotzi die iskanbila handi hauek eragitea; zehazki, UVFkoei. Iturri ofizialek azpimarratu dutenez, azken hamarkadako liskar larrienak dira azken 48 orduetan gertatzen ari direnak. Izan ere, duela urte batzuk protestanteek martxekin batera ohikoak ziren horrelako istiluak, baina bake prozesua abiatu zenetik asko lasaituta zegoen giroa. Unionisten martxek britainiarrek irlandarrak menpean hartu izana gogoratu eta goresten dute, eta errepublikanoek probokaziotzat hartu izan dituzte ekitaldi horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.