Kostazainen arabera, 13 ziren igandean ontzi batean aurkituriko gorpuak. Goseak, egarriak eta hotzak hil zituen etorkinak, itsasoan 20 egun inguru ibili zirela galduta. Bizirik geratutako 15 etorkinetako batek, ordea, Afrikatik abiatzean ontzian ia ehun pertsona zihoazela esan zuen atzo.
«Hasieran, 85 ginen ontzi honetan», esan zien kostazainei odiseak erabat ahulduriko etorkinak. «Goizegi da biktimen behin betiko bilana egiteko, bizirik direnen adierazpenak oraindik nahasiak direlako», adierazi zuen Michele Niosi Lampedusa uharteko portuko buruak. «Goseak ziren, hotzez dardarka, eta batzuk eldarniotan ari ziren salbatu genituenean», gaineratu zuen. Somaliarrak dira, antza denez, etorkinak.
Afrikatik Italiatik baino gertuago den Lampedusa uhartetik 70 miilara aurkitu zuten kostazainek 10 metroko ontzia.
Joan zen ostiralean, 25 etorkin zeramatzan beste txalupa bat aurkitu zuten kostazainek uhartetik gertu. Europako kostaldera heltzeko saio hartan zortzi pertsona inguru hil ziren, bi haur tartean. Haien gorpuak itsasora bota zituzten beste bidaiariek. Orduan ere Somaliakoak ziren etorkinak.
Europaren «kontzientziaren gain»
«Igandean Mediterraneoan gertaturikoa, Europaren kontzientziaren gainean den tragedia ikaragarria izan da», esan zuen atzo Giuseppe Pisanu Italiako Barne ministroak. «Zoritxarrez, Europaren begien aurrean gertatzen ari den tragedia ezkutua da», gaineratu zuen.
«Ondratuki lan egin nahi duten etorkinak onartu behar ditugu», esan zuen, bestalde, Franco Frattini Atzerri ministroak. «Europak lan egin behar du eta egitasmo serio eta egituratua gauzatu, immigrazioa gobernatu eta lagundu behar delako», gaineratu zuen. Mugen Europako Agentzia sortzea konponbiderako atal bat litzateke, Frattiniren arabera. «Giza trafikanteen kontrako borrokan, itxaropenik gabeko jende hori ateratzen den herrialdeen laguntza ere behar da», adierazi zuen ministroak. Europako hainbat estatutako ordezkari La Baulen (Frantzia) egiten ari diren bileran egin zituzten adierazpenok Erromako gobernuko kideek. Italiaz gain, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Espainia ari dira bileran parte hartzen.
Legez kanpoko immigrazioaren kontrako borroka da Italiak Europako Batasuneko presidentetzan denetik izan duen lehentasunetako bat. EBko estatuen ekintza bateratuak eskatu ditu, eta mugazain lanen kostua denen artean ordaintzea. Urtea amaitu aurretik, Europaren Immigrazio Egitasmoa onartuko dela iragarri zuen Frattinik.
Maltan, bestalde, Italiara heltzeko ahaleginetan ari ziren 45 egiptoar salbatu zituzten igandean uhartearen inguruan. Itsaskiak etorkinen ontzia urperatu zuen. Uharteko errefuxiatu gune batera eraman zituzten, Egiptoko prentsaren arabera. Irailean 148 egiptoar deportatu zituzten Maltako agintariek.
-
ELKARLANA
Samaldan deportatzeko hegazkinak
Charter hegazkinak antolatuko dituzte batera Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Espainiak paperik gabeko etorkinak Europatik kanporatzeko. Hala iragarri zuen atzo Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroak.«Espainiarrekin, alemaniarrekin, eta ingelesekin klandestinoak multzoka itzularazteko hegazkinak antolatuko ditugu», esan zuen Sarkozyk, «elkarrekin egingo dugu». Honez gain, Frantziak kanporatzen dituen paperik gabeko etrokinen kopurua «bikoizteko» asmo duela gaineratu zuen Parisko gobernuko Barne ministroak, La Baulen (Frantzia), Alemaniako, Erresuma Batuko, Italiako eta Espainiako kargukideekin «legez kanpoko immigrazioaren eta terrorismoaren kontra» egin duten batzarrean.Hurrengo bilera otsailean izango da.