Italia, koronabirusagatik ateak itxi dituen Europako lehen estatua

Mundu osoan 110.000 dira kutsatutakoak eta 4.000 hildakoak. Europar Kontseiluak ezohiko bilera deitu du arratsalderako, birusaren aurkako neurriak adosteko.

Osasun kontrol bat Italia eta Austria arteko mugan. MATTEO DONAGRANDI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 10a
11:57
Entzun

9.172 kutsaturekin eta 463 hildakorekin —lehendik beste gaixotasunen bat zuten adinekoak gehienak— Italia izan da Txinaren bidea hartu duen Europako lehen estatua. Apirilaren 3ra arte bertan behera utzi dituzte kirol lehiaketa guztiak eta baita bestelako ekitaldi jendetsuak ere. Zinemak, antzokiak eta kafetegiak ere itxita egongo dira tarte horretan. Aurrez jatetxeek goizeko seietatik arratsaldeko seietara irekitzeko baimena zuten, baina hori ere bertan behera geratu da.

«Gure ohiturak aldatu beharrean gaude. Ahalegina egin behar dugu herrialde osoaren onerako. Elkarlanean ari beharko dugu, neurri zorrotzagoak saihestu nahi baditugu», ohartarazi du Giuseppe Conte lehen ministroak. Bidaiak ere mugatu egingo dituzte, eta hiritik atera behar duen orok zergatiak azaldu beharko dizkie segurtasun indarrei.

Italia izan da halako neurriak hartzen lehena, baina litekeena da datozen asteetan gehiago izatea bide berari jarraitzen diotenak. Stella Kyriakides, EBko Osasun komisarioak eskatu die estatu kideei har ditzatela «birusari eusteko neurri gogorrak».

Europako Legebiltzarrean eginiko agerraldian mintzatu da komisarioa. Neurri gogorrak batez ere orain arte «kasu gutxi» izan dituzten herrialdeetan hartu behar direla azaldu du. Iragarri du datozen egunak eta asteak «erabakigarriak» izango direla.

Gobernuek ezarritako neurriak «zehatz-mehatz» bete behar direla esan du, «beharrezkoak direnean eta justifikatuta daudenean, gogorrak badira ere». Ohartarazpen argia egin du komisarioak: «Ezin dugu jarraitu orain arte bezala bizitzen. Salbuespenezko egoera bat da hau, eta jende guztiak bere ardurak bete behar ditu». Estatuei planifikatzeko eskatu die, izurriaren aurretik joateko.

Birusa zenbakitan. Mundu osoan, 110.000 inguru dira kutsatutakoak, eta 4.000 hildakoak. Gaur-gaurkoz, Txinak du oraindik ere kutsatu gehien. Han 80.000 dira kutsatutakoak, eta 3.100 hildakoak. Hala ere, han datuak ez dira horren ezkorrak, azken egunetan behera egin baitu gaixotutakoen kopuruak, eta horren argibide da, Wuhanen, COVID-19a lehen aldiz agertu zen eskualdean, itxi egin dituztela gaitzagatik zabaldutako behin-behineko hamalau erietxe.
Txina lasaituz doan heinean, ordea, Europan alerta maila handituz doa. Arratsaldean biltzekoak dira —bideokonferentzia bidez egingo dute bilera— Europar Kontseiluko kideak, koronabirusari aurre egiteko neurriak adosteko.

Mugikortasuna, mugatuta. Hainbat herrialdek, Danimarkak kasurako, aire eremuak ixtea erabaki dute, eta kasu asko dituzten herrialdeetako hegaldiei sartzea debekatzea. Gauza bera egin du Serbiak ere, Italia, Txina, Hego Korea eta Suitzatik doazen hegaldiekin. Kazakhstanek Espainia ere gehitu du bere zerrenda beltzera. Hong Kongek, berriz, iragarri du Italia, Frantzia eta Japoniatik doazen bidaiariak berrogeialdian jarriko dituela. 

New Yorkeko unibertsitatea, itxita. Aurrez aurreko klaseak bertan behera utzi dituen AEBetako lehen unibertsitatea izan da New Yorkekoa. Zuzendaritzak ikasleei aholkatu die etxetik jarrai ditzatela klaseak, eta bertan behera utzi dituzte bestelako ekitaldi guztiak ere.

Alemania eta Frantzia, erdibidean. Italiak hartutako bidearen aurkakoa hautatu dute Berlinek eta Parisek. Alemanian 1.295 herritarri diagnostikatu diete COVID-19 birusa eta 78 gaixo bat eta 89 urteko beste bat hil dira gaitzak jota. Jens Spahn Osasun ministroak ohartarazi du gaitzak ez duela oraindik goia jo, baina baztertu egin du herritarrei etxean geratzeko eskatzea. Aldiz, «arduraz» jokatzeko eskatu die eta debekatu egin dituzte mila pertsona baino gehiago biltzen dituzten ekitaldiak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.