Franco Frattini Italiako Atzerri ministroak jakinarazi du Brasilek Cesare Battisti iheslaria estraditatzeko Hagako Justizia Auzitegira joko dutela. Brasilgo Auzitegi Gorenak Battisti ez estraditatzea erabaki du, eta, gainera, aske utzi du. Frattinik dio estradizioa ukatzea bi herrialdeen artean duten akordioaren aurkakoa dela, eta horren aurrean «mekanismo judizial guztiak» aktibatuko dituztela ohartarazi du. PAC Komunismoaren Aldeko Proletario Armatuak taldeko kide zela lau lagun hil izana egotzita, bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zion Italiako Gobernuak.
Brasilgo Auzitegi Gorenak Battistiren estradizioa onartu zuen 2009an, baina azken erabakia Luiz Inacio da Silva Lula presidente ohiaren esku utzi zuen. Kargua utzi baino lehen estradizio eskaera ezeztatu egin zuen, iheslariak Italian jazarpen politikoa jaso zezakeela argudiatuta. Hori dela eta, Italiak Brasileko enbaxadorea kendu zuen.
Oraingoan ere Auzitegi Gorenak erabakia berretsi du, bederatzi epailetatik seik alde bozkatu ondoren. Luiz Fux epaileakadierazi du bozketan «herrialdearen subiranotasuna jokoan» zegoela. «Presidenteak egiten duena estatuaren arrazoia adierazten du», gaineratu du Ricardo Lewandoski epaileak. Alde bozkatu duten epaileen iritziz, atzerriko herrialde batek ezin ditu zalantzan jarri Brasilen erabakiak.
Gaitzespena
Italiako Gobernuak adierazi du erabakia errespetatzen duela, baina gaitzetsi egin du Battisti aske utzi eta Brasilen geratzen utzi izana. Silvio Berlusconi lehen ministroak «tamalgarritzat» jo du. Haren hitzetan, «Italiarrei eta batez ere hildakoen familiei justizia ukatu» diete.
Giorgia Meloni Gazteria ministroak salatu du Italiako erakundeentzat «belarrondoko» bat eta hildakoen senideentzat «iraina» dela. Alessandra Mussolini PDLAskatasunaren Herria alderdiko kide eta Benito Mussolini diktadore ohiaren ilobak «doilorkeria diplomatikoki ere ordainaraztea» nahi du. Haren iritziz, «Italiaren errespetua ezpatarekin defendatu behar da».
PAC duela 40 urte Italian eraso gehien egin zuen talde armatuetako bat izan zen. Brigada Gorrien barruan zegoen, eta talde «terroristatzat» du Italiak. PACeko kide zela, 1977 eta 1979 bitartean bi polizia, bitxi saltzaile bat eta harakin bat hiltzea egotzita atxilotu zuten Battisti.
Epaiketaren zain zegoela, 1981ean kartzelatik ihes egitea lortu zuen. Hala ere, epaitu egin zuten, eta erruduntzat jo ondoren bizi guztiko zigorra ezarri zioten. Hainbat urtetan Mexikon eta Frantzian bizitzen egon zen, baina 2004an Frantzia utzi behar izan zuen. Herrialdeak ekintzaile Italiarrei babesa emateari uztea erabaki zuen. Brasilera joan zen, eta 2007an atxilotu egin zuten. Kartzelan lau urte egon ondoren, Auzitegi Gorenak aske uztea erabaki du.
Battistik urteetan zehar errugabea dela defendatu du, eta hala adierazten du Ma Cavale (Nire ihesaldia) izeneko liburuan:«Erruduna nahiz, askotan esan dudan bezala, armak erabiltzea erabaki zuen talde bateko kide izateaz. Baina inoiz ez diot inori tiro egin».
Italiak Hagara joko du, Brasilek Battisti ez estraditatzea erabaki ondoren
Brasilen lau urtez kartzelan egon ondoren, Auzitegi Gorenak iheslari komunista aske uztea erabaki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu