AHT Abiadura Handiko Trenaren aurkako ekintzaileen kontra sarekada handi bat egin du Poliziak. Iragan ekainean eta uztailean Turinen eta Lyonen (Frantzia) artean eraikitzekoa den trenbidearen aurkako protestetan istiluak sortu zituztelakoan, 26 lagun atxilotu dituzte —bat bere etxean dute atxikia—. Hamabortz hiritan egin dituzte atxiloketak —bat, Frantzian—. Agintearen aurkako indarkeria eta erresistentzia, eta kalteak sortzea egozten diete. Italiako hedabideetan arreta handia izan du sarekadak, atxilotu kopuruagatik eta istiluek izan zuten oihartzunagatik.
Italiako hedabideen arabera, atxilotuak ekintzaile «antisistemak» eta anarkismoarekin lotura dutenak dira. Atxilotuetako bi adingabeak dira, eta bertze bat hala zen istiluak izan zirenean. Brigada Gorrietako kide ohi bat atzemandakoen artean dagoela ere nabarmendu dute hedabideek. Horrez gain, Villafioccardo herriko zinegotzi bat atxilotu dute, eta Turingo Askatasuna gizarte zentro autogestionatuko «liderretako bat». Bertze hiru zentro autogestionatutan ere sartu da Polizia. Turingo Castello plazan ehunka lagun bildu dira atxiloketak salatzeko.
Borroka luzea
Liskarrak iazko udan gertatu ziren. Alpeetako Val di Susa haranean, Turingo probintzian. Milaka lagun elkartu ziren AHTko lanen aurka protesta egiteko, eta obretara hurbildu nahi izan zutenean, Poliziarekin liskarrak lehertu ziren. Ehun lagun inguru zauritu ziren, eta hurrengo egunetan Poliziak presio handia egin zuen AHTaren aurkako ekintzaileen artean —hainbat gune autogestionatutan sartu zen; Askatasunan, kasu—.
Susako, Venauseko eta Sangoneko haranetan AHTaren aurkako mugimendua hagitz errotuta dago, eta atxikimendu handia du. Horren ondorioz, lanak ez ziren 2010era arte hasi, berez iragarrita zegoen bezala. Ekintzaileek salatzen dutenez, ingurumenerako osasunerako kaltegarriak dira lanak, amiantoa eta uranioa mugituko dutelako.
Italian AHTaren aurkako ekintzaileen kontra sarekada bat egin dute
26 lagun atxilotu dituzte, iaz Turin eta Lyon arteko lanen aurkako protestetan parte hartzea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu