Italiatik joandako etorkinei muga ixtearen auzian, arrazoi eman dio Bruselak Frantziari

Ordena publikoagatik behin-behinean muga itxita ez da urratzen Schengen akordioa, Europako Batasunak dioenezErromaren eta Parisen artean liskarra eragin du azkenaldiko immigrazio oldeak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Frantziaren eta Italiaren arteko harremanak ez daude une onenean, eta oraingoz, etorkinei irtenbide bateratua emateko gaitasunik gabe, Europako Batasuna Frantziaren alde jarri da, Italiarekin duen muga behin-behinean ixteko eskubidea onartu baitio. Eskuinak gero eta indar handiagoa du Europan, eta Afrikako iparraldeko gatazketatik ihesi iristen ari diren immigranteak ez ditu inork etxean nahi. Bien bitartean, Italiak emandako baimenarekin Frantziara sar ez daitezen, Ventimigliako tren garraioa geldiaraztea izan da Parisen azken neurria.

Ordu batzuetan itxi zuten muga igandean, ordena publikoa mantentzeko argudioa erabilita, 300 bat ekintzailek immigranteen egoera salatzeko egin zuten manifestazioaren aurrean. Italiak, bere onetik aterata, Schengen Europan aske ibiltzeko legedia apurtu zuela leporatu zion, bainaBruselak erabakia aztertu ondoren, Frantziak hori egiteko «eskubide osoa» duela ondorioztatu du.

Bruselaren arabera, berriz, Schengen eremuko mugen kodea ez du apurtzen Frantziak hartutako erabakiak, behin-behinean muga ixtea onartzen duelako Schengenek, hainbat baldintzengatik. «Behin-behineko etena izan da, eta orain normal-normal dago muga», azaldu du Cecilia Malmstrom Europako Barne gaietarako komisarioak, eta auzia bi herrialdeen artean konpontzeko eskaera egin du. Italia eta Frantzia bien arteko ika-mikari garrantzia kentzen saiatu dira, eta elkarlanean ari direla esan dute, Europak irtenbide bateratua eman diezaion arazoari.

Frantziak, baina, Claude Gueant Barne ministroaren bidez, argi utzi du Italiak tunisiarrei emandako baimena Europako herrialde askok kritikatu dutela.Hain zuzen, Lampedusara iristen ari diren milaka etorkinek sortzen dioten arazoa beste herri baten esku uzteko, Tunisiatik iritsitako 20.000 etorkini sei hilabeteko baimena ematea erabaki zuen Italiak. Frantzia da tunisiar gehienen helmuga.

Behin Europan, Italian baimen hori lortuta, ez lukete berez arazorik izan behar Schengen eremuan, baina Frantziak ez du hori uste, eta Sarkozyren gobernuak erabakita dauka horrekin bakarrik ezin direla sartu lurraldean: pasaportea eta bidaiatzeko nahikoa diru ezinbestekotzat jotzen ditu; ihesean Europara datozen etorkinentzat, ezinezko baldintzak.

Arazoa ezin konpondu

Tunisiatik 23.000 herritar iritsi dira Italiara, eta Libiatik 5.500 inguru —azken egunetan asko handitu da Libiatik datorren herritarren kopurua—, eta Italiak gatazka aurretik Muammar Gaddafirekin immigrazioari buruz zuen akordioa berreskuratzea ezinezkoa dela argi dauka Erromak. Tunisiak, berriz, ez du indarrik herritarren ihesa geldiarazteko. Egoera horretan, Italia kexatu egin da asteotan behin baino gehiagotan. Europako gainerako herrialdeek ez ikusia egiten diotela arazoari, eta ez dagokiola berari soilik. Europarako balio dien baimena dela eta, berriz, kritika asko jaso ditu, eta Europako Batasunak, beste behin, lasaitasunerako deia egin du, esanez ez dagoela «migrazio arriskurik». Herman van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak esan du hori, baita hau ere: «Migrazio araudia kontuan hartuta, oraingoz ez dute ezer egin legez kontra ez Italiak eta ez Frantziak».

Van Rompuyren lasaitasunezko hitzek, ordea, ez dute dagoeneko eragin handirik, une larrienetan ere era horretara erantzutera ohitu baititu Europako 27 kideen ordezkariak. Herrialde bakoitzak etxera begira hartzen dituen erabakiak gero eta sendoagoak izaten ari dira, eta agerian uzten ari dira berriz ere Europak duen nortasun krisi etengabea. Ekainaren 24an egingo dute Europarako migrazio politika bateratua sortzeko eta garai berrietara egokitzeko neurrien bilera; «pixka bat lehenago, agian», Van Rompuyren arabera. Baina egin aurretik, jarrera argia azaltzen ari dira herrialdeak, Europan etorkinak hartzeko lekurik ez dagoela esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.