ITSASIKARA ASIAN. 23.700 hildako eragin ditu itsasikarak

10 metro inguruko olatu erraldoiak izan dira hainbat tokitan; Sri Lanka, India eta Indonesia dira herrialderik kaltetuenak

arantxa elizegi egilegor
2004ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren Nazioarteko Federazioaren arabera, 23.700 hildakotik gora eragin zituen herenegun Sumatra uhartetik (Indonesia) gertu izandako itsasikarak. Richter eskalan 9 gradura iritsi zen itsasikarak 10 metro inguruko olatu erraldoiak (tsunami-ak) eragin zituen. Adituen arabera, azken 40 urteetako okerrena izan zen. Kalte gehien Sri Lankan, Indian eta Indonesian eragin zituen, hurrenez hurren. Baina Thailandian, Malaysian, Bangladeshen, Maldiva uharteetan, Birmanian eta Somalian ere izan zuen eragina.

Sri Lankako Armadako iturrien arabera, lurrikarak 10.000 hildako utzi zituen. Baina, tamilen menpeko lurraldean beste 2.000 pertsona inguru hil zirela esan zuen erresistentziak. Indonesian, bestalde, hildakoen kopurua 5.000 eta 10.000 artean egon daitekeela uste du Gobernuak. Indian, aldiz, 6.800 hildako utzi zituen itsasikarak. Gehienak Tamil Nadu eskualdean eta Andaman eta Nicobar uharteetan. Azken horietan 3.000 izan daitezke hildakoak, Polizia iturrien arabera. Asian ez ezik, Afrikan ere izan zuen eragina itsasikarak. Somalian, esaterako, ehunka arrantzale desagertu ziren olatu erraldoien azpian. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren arabera, hildako eta desagertutakoen heren bat adingabeak dira eta hurrengo orduetan ugaritu egingo da hildakoen kopurua. «Arrantzale txiroak eta hondartzatik gertu bizi ziren herritarrak izan dira kaltetuenak», nabarmendu du erakundeak.

Milioika kaltetu

Itsasikarak etxerik gabe utzi zituen milioika pertsona eta ospitaleak suntsitu zituen. Milaka lagun desagertuta zeuden, oraindik, bart arratsean. Horien artean atzerritar asko. Era berean, ur zikinek eragiten dituzten gaixotasunak zabalduko diren beldur da Gurutze Gorria.

Herritarrak «beranduegi» ohartarazi zituztela onartu zuten atzo Indonesia eta Thailandiako agintariek. Baina ez zutela gerta zitekeenari buruzko aztarnarik nabarmendu zuten. Indiako Ozeanoan ez dago tsunami-ak aurreikusteko sistemarik. Sri Lankan eta Indonesian milioi bat lagun inguru geratu dira etxerik gabe, hurrenez hurren. Lehenengoan, bestalde, 400 preso inguruk egin zuten ihessegurtasun handiko kartzeletatik, nahasteaz baliatuz. Thailandiako Armadak, berriz, helikopteroak eta ontziak bidali zituen inguruko uharteetara zaurituen bila. Atzo goizaldean lurrikara txikiagoak izan ziren Andaman eta Nicobar uharteetan. Horietako batzuk 6.5 gradura iritsi ziren Richter eskalan. Hori dela-eta, Indiako agintariek kostaldetik urrun mantentzeko eskatu zieten herritarrei, lurrikarek olatu erraldoi gehiago eragin ditzaketelakoan.

«Orain arteko okerrena»

«Azken urteetako hondamendi naturalik handiena izan da asteburu honetakoa, herritar gehien bizi diren eskualdeak suntsituta geratu dira», esan zuen Jan Egeland Nazio Batuen Erakundeko larrialdietarako laguntzaren arduradunak. Chandrila Kumaratunga Sri Lankako presidentearen esanetan, berriz, «inoizko sarraskirik handiena» izan da hangoa.

Kaltetu eta hildakoen artean turista ugari zeuden, horietako askok euren maleta eta dokumentuak galdu zituzten. «Eraikin baten altuera zuten urezko hormak gure hotelaren gainera erori ziren», azaldu zuen turista batek. Olatu erraldoiek, etxeak ez ezik, trenbideak ere suntsitu zituzten Sri Lankan. Iturri ofizialen arabera, hilabeteak beharko dituzte trenbide sarea konpontzeko.

Indonesiako Aceh eskualdea itsasikara izan zen lekutik oso gertu dago. Hori zela-eta, itsasoko urek kostaldearen zati handi bat estali zuten. Banda Acehen, hiriburuan, soldaduek hondakin artetik gorpuak ateratzen jarraitzen zuten atzo arratsaldean. Uholdeen ondorioz, 3.000 pertsona hil eta beste 22.500 desagertu ziren eskualde horretan. «Heriotza itsasotik etorri da. 20 minutuan bi metroko altueraraino iritsi zen ura», esan zuen Satya Kumarik, Indian bizi den gizonezko batek. Bestalde, Indonesiako Gobernuak hiru eguneko dolualdia deitu zuen atzo.

«Denbora asko beharko dugu hildakoen gorpuak jasotzeko», nabarmendu zuen Thaksin Shinawatra Thailandiako lehen ministroak. Phuketen izan zen atzo lehen ministroa. Uharte hori izan zen kalte gehien jasan dituenetako bat. Urtero hiru milioi turista inguru joaten dira Phuketera oporrak igarotzera. Hango erietxeek hildakoen eta zauritutakoen izenen zerrendak kaleratu zituzten atzo. Horietako askoren ondoan zera zioen: «Herritartasuna ezezaguna».

-

'Tsunami'-ak



Izenaren jatorria:

Tsunami termino japoniarra da eta tsu (portu) eta nami (olatu) hitzen konposaketa da. 1963an erabili zuten aurreneko aldiz zientzialari eta teknikoek, bereziki lurrikarek eragindako olatu erraldoiak izendatzeko eta itsasikaretatik bereizteko.

Zerk eragiten ditu tsunami

-ak?

Lurrikarak, sumendiak, meteoritoak, itsasertzeko zein lurrazpiko lubiziak eta leherketa handiek ere eragin ditzakete olatu erraldoiak. Itsas hondoaren deformazio bertikala zenbat eta handiagoa, orduan eta handiagoa izango da ere tsunami-a. Lurrikara guztiek ez dituzte tsunami-ak eragiten; soilik itsaso azpian gertatzen diren eta hondoa deformatzeko gai diren eskala handiko seismoek.

Non eta noiz sortzen dira?

Ozeano, barne itsas eta laku handietan sor daitezke. Ozeano Pazifikoan eta inguruko itsasoetan gertatzen dira gehienak. Arrazoia: ozeano horrek Lurraren azalaren heren bat baino gehiago hartzen du, eta Suzko eraztuna deritzon mendikate, sakonera handiko ozeano-fosa eta artxipelagoz inguratua dago.

Zergatik ezin dira itsasotik edota airetik antzeman?

Ozeano sakonean, tsunami olatuek metro bat baino gutxiagoko anplitudea dute eta olatuaren gandorrak elkarren artetik 100 bat kilometrora egon daitezke. Hortaz, itsaso zabalean, ur handitan diren ontziek ez dituzte azpitik igarotzen diren tsunami-ak nabarituko. Olatuen anplitudea oso baxua eta periodoa oso luzea izaki, ezin dira airetik atzeman, ezin baitira olatu normaletatik bereizi. Soilik kostaldera iristean has daitezke nabaritzen.

Ezaugarri teknikoak:

Olatu erraldoiak 500 eta 800 kilometro orduko abiaduran mugitzen dira. Olatutik olatura 10-45 minutu inguruko tartea egon daiteke. Kostaldera hurbildu ahala, atzetik datozen olatuek eta itsas hondoaren sakonera murrizketak eragindako konpresioak olatuaren altuera handitzen du, 50 eta 80 metro ingurura igoz. Gainera, abiadura moteltzen da.

Ondorioak:

Tsunami-ak kostaldera iristean, aurretik harrapatzen duen guztia suntsitzen dituzte, eraikin, animalia nahiz pertsona. Uholdeak eragiten dituzte ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.