Itsasikara batek Indonesia astindu, eta ehun lagundik gora zauritu ditu

Sumatra uhartean gutxienez 10 pertsona hil ditu tsunamiak; Kenyan alerta egoeran ziren bart

2007ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Richter eskalan 8,4 graduko indarra izan zuen itsasikara gertatu zen atzo Indonesiako Sumatra uhartean. Horren ondorioz sor zitekeen tsunamiei begira prestatuta egoteko, alerta egoera ezarri zuten Indonesian eta Ozeano Bare inguruko estatu batzuetan. Alabaina, olatu erraldoi handirik sortzen ez zela ikusirik, ordu gutxira alerta kendu zuten horietako zenbait estatutan. Nolanahi ere, gutxienez tsunami txiki bat izan zen, eta seismoaren epizentrotik gertuen dagoen Bengkulu eta Padang hirietan hainbat eraikin erori ziren. Iturri ofizialen arabera, gutxienez 10 pertsona hil, eta 100 baino gehiago zauritu ziren. Lerrook idazterako oraindik kalteak eta galerak -gizakienak nahiz materialak- aztertzen zebiltzan agintariak eta Salbamendu taldeak. Hala, baliteke biktima kopurua handiagoa izatea.

Kenyako Gobernuak, halere, atzo gauean bere kostaldera tsunami handi bat irits zitekeela aurreikusi zuen, eta herritar nahiz turistei hondartzetatik,eta kostatik, oro har, lehorrera barneratzeko eskatu zien.

Indonesiako itsasikara 18:10ean (13:10, Euskal Herrian) gertatu zen, hego latitudeko 4,5 gradotan eta eki latitudeko 100,4 gradotan, ur azpiko 30 kilometroko sakoneran eta Bengkulu hiritik 130 kilometro hego-mendebaldera, AEBetako Zerbitzu Geologikoaren datuen arabera. Erakunde horrek munduko aktibitate sismikoa behatzen du.

Horren ondotik hiru errepika izan ziren, bat 6,6 gradukoa (Richter eskalan, betiere) eta besteak 5,2 eta5,7 gradukoak. Hirurak Padangetik hegoaldera gertatu ziren. Lehen errepika zela eta, agintariek bigarren tsunami alerta ezarri zuten, baina handik ordu batera kendu zuten, Indonesiako Meteorologia Agentziak jakinarazi zuenez.

«Uhinen moduan mugitzen ikus zenezakeen errepidea; jendea kostata ibil zitekeen, beraz, errepidean etzanda geratzen zen. Senti nezakeen zapaltzen nuen lurra itsasoa bezalakoa zela», adierazi zion, harrituta, Bengkuluko kazetariZulkifli Lubisek BBC kateari.

«Bengkuluko Panjang hondartzan sei pertsona hil dira, eta beste bat Lingkar Panjang herrian», azaldu zuen Gizarte Departamenduko buru Felix Valentinok. Zehaztu zuenez, zaurituak Bengkuluko erietxeetara eraman zituzten, baina kaltetutako asko oraindik erreskatatu gabe zeuden bart.

Gaua eta argindar nahiz telefono zerbitzuaren mozketak Salbamendu eta komunikazio lanak oztopatzen ari ziren.



HAINBAT ESTATU MOBILIZATUTA. Indonesiaz gain, India, Sri Lanka, Malaysia eta inguruko uharte txiki ugari jarri zituzten alertan, baita Afrikako herrialde bat, Kenya, eta Ozeaniako beste bat ere, Australia.

Indonesiako hiriburuan, Jakartan, (epizentrotik 600 kilometrora) lurrikararen ondorioz oszilatzen ari ziren eraikinetatik ihesi joan ziren herritarrak. Gauza bera gertatu zen Singaporen.



NAZIO BATUEN KEZKA. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moon «kezkatuta» agertu zen olatu erraldoiek eragin zezaketen kalteekin.

Indonesia Pazifikoko Suzko Eraztuna delakoaren gainean dago. Lurrikara eta sumendi aktibitate handiko eskualdea da; urtean 7.000 seismo inguru gertatzen dira, gehienak eskala txikikoak.

Alabaina, 2004ko abenduaren 26an itsasikara indartsu batek Sumatra uharteko kostaldea astindu zuen; sortutako tsunami sortak suntsiketa eta hondamendi izugarria eragin zuen hala Indonesian nola Indiako Ozeanoko beste dozena bat estatutan ere, Asian eta Afrikan. Ondorioz, 226.000 pertsona inguru hil ziren -horietatik 130.000 Indonesian-, eta ehunka mila etxerik gabe geratu ziren.

Horiek horrela, tsunamien behaketa eta prebentzio neurriak izango ditu aztergai UNESCOk heldu den irailaren 17tik 20rako Guayaquilen (Ekuador) antolatu duen bilkurak. Zehazki olatu erraldoiek Ozeano Barean duten eragina eta horien ondorioak leuntzeko neurriak aztertuko ditu Tsunamien Kontrako Alerta Sistema eta Pazifikoan Ondorioak Leuntzeko Gobernuarteko Koordinazio Taldeak (ICG/PTWS), bere 22. bileran.



azKen urTeeTaKo LurrIKara eTa ITsasIKararIK HanDIenaK

1990eko ekainaren 21a. Irango ipar-ekialdean: 60.000tik gora hildako. 7,5ko indarra, Richterren eskalan.

1993ko irailaren 30a. Maharastrako estatua (India): 7.600 hildako eta 15.846 zauritu. 6,4ko indarrekoa.

1998ko otsailaren 4a. Rustak barrutia (Afganistan): 4.400 hildako. 6,1eko indarrekoa.

1998ko maiatzaren 30a. Tajarko probintzia (Afganistan): 5.000tik gora hildako. 7,1eko indarrekoa.

1998ko uztailaren 18a. Papua Ginea Berriko iparraldeko itsasertza: 3.000 hildako inguru eta 2.000 desagertu, olatu erraldoi baten ondorioz.

1999ko abuztuaren 17a. Turkiako ipar-ekialdea: 17.000tik gora hildako eta 30.000 zauritu. 7,4ko indarrekoa.

2001eko urtarrilaren 26a. Gujarat (India): 15.500 hildako. 6,9ko indarrekoa.

2003ko maiatzaren 21a. Aljerian 2.273 pertsona hil zituen 5,8 graduko lurrikarak.

2003ko abenduaren 26a. Bam hiria (Iran): 26.270 hildako. 6,3ko indarrekoa. Hiriaren %70 suntsitu zuen lurrikarak, eta 70.000 pertsona inguru etxerik gabe geratu ziren.

2004ko otsailaren 24aMarokoko Mediterraneoko kostaldean gutxienez 500 lagun hil zituen lurrikara batek.

2004ko abenduaren 26a. Acehen (Indonesia) epizentroa zuen 8,9 indarreko lurrikarak eta ondorengo olatu erraldoiak 226.000 hildako eragin zituen Asia hegoaldeko eta Afrikako 12 estatutan. Indonesian 130.000 lagun inguru hil ziren.

2005ek0 martxoaren 28a. Indonesiako Nias uhartearen parean 8,7 graduko lurrikara gertatu zen: 1.300 lagun hil ziren horren eraginez.

2005eko urriaren 8a. Kaxmir: 86.000 hildako eta 40.000 zauritu, 7,6ko indarreko lurrikararen ondorioz.

2006ko maiatzaren 27a.Java uhartean (Indonesia) 6,2 graduko lurrikara batek ia 5.000 pertsona hil zituen.

2006ko uztailaren 17aJava n 650 lagun baino gehiago hil zituen 7,7 graduko itsasikara batek eragindako tsunamiak.

2007ko abuztuaren 15aPerun 437 lagun hil zituen 7,9 graduko lurrikara batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.