Kantu baten hitza irakurtzen ari da Xafik Amer doktorea: «Txoriak hegan ari dira gure etxeetako teilatuen gainetan, itzuli dira udaberriko egunak». Haur psikologiako zentroko paretan dago idatzita, Ammanen (Jordania). Etxebizitza orain isilik dago, eta lorategia hutsik, haurrak eskolara joanak baitira.
Oraintsu arte, egongela hartua zuen 6 eta 11 urte arteko haur abesbatza batek. Korroaren erdian, neskato bat, egurrezko bederatzi kuborekin puzzle bat osatu ezinean. «Kontzentrazioa hobetu dezaten egiten dugu jolas hori, trauma osteko estresa daukatenean», azaldu du Amerrek. «Ia guztiek dauzkate depresioa, amesgaiztoak, agorafobia edo buruko beste patologiaren bat».
Baxar al-Assaden erregimenaren upel lehergarriekin eginiko bonbardaketak sentitu dituzte Malki-Salaam zentroko haurrek, lo egin dute segurtasun indarrak gauaren erdian agertuko zaizkien zalantza eta beldurrarekin, eta ikusi dituzte, akaso azkenekoz, beraien etxe suntsituen zimenduak. Amango etxebizitza honetatik astero hirurogei bat haur pasatzen dira, Salaam Cultural Museum elkartearen laguntzari esker, berriro haur izan daitezen.
Sidra da horietako bat, 9 urteko neskatoa. Apenas egiten duen lorik, amesgaiztoak baititu gauero. Aita ikusten du. Azkenekoz duela bi urte egon zen harekin, familia osoa Homsen bizi zelarik. Egun hartan, Polizia etxean sartu zitzaien. Ondo gogoan dauka amak eta biek jasotako jipoia, harik eta aita bien defentsan altxatu zen arte. Kulata kolpe batez bota zuten lurrera. Kalera arrastaka nola atera zuten ikusi zuen Sidrak. Leihotik begiratu, eta begiradarekin jarraitu zion aitari, dozenaka gizonekin batera pareta baten ondoan lerroan jarri zuten arte.
Aita nola fusilatu zuten ikusi zuen Sidrak. Lurrera gorpu erori, eta albo batetik odol jarioa nola hasi zitzaion. Amesgaiztoetan, aita bizirik ikusten du. Familiak Homsetik ihes egin eta Zaatariko iheslari gunean aste pare bat egin zituzten, Ammanen etxe bat alokairuan hartu zuten arte.
Xafik Amer doktoreak ere Siriatik erbesterako bidea hartu behar izan zuen gerra hasi zenean, duela lau urte. Damaskon bizi zen emaztearekin eta bi semerekin. Ospitale batean lan egiten zuen. «Han ikusi nituen iraultzako lehen egunetako zaurituak. Eta errepresioaren gehiegikeriak salatu nituen, hedabideetara argazkiak bidaliz», oroitzen du. «Erregimena bila etorriko zitzaidala banekien, eta Libanora joan nintzen. Han etxe batean ezkutatuta bizi behar izan nuen, Hezbollah nire bila ari zelako, Siriako Gobernuaren esku uzteko». Denborarekin Turkiatik Egiptora ere pasatu zen, Jordaniara iritsi aurretik.
Lau urtean lau herrialdetan bizi izan da Amer, eta ezin du jaioterrira itzuli; hala ere, irribarrerik galdu gabe haurrekin jolasean ari da, kanpoan beste ezer izango ez balitz bezala. Haur bati min egiteko gauza den inor izango ez balitz bezala, psikologia zentro honetako xamurtasun burbuila inork apurtu ezingo balu bezala.
Jolasak izuaren kontra
Siriako lazgarrikeriari aurre egiten dio 43 urteko medikuak Ammanen duen bulegotik. Han egiten die harrera haurrei, eta haien historiak entzuten ditu gurasoen ahotan. Zentroan egiten duten lehen egunean, haurrekin jolasten da Amer, eta ezezagunen aurrean zer erreakzio duten aztertzen du: «Izu-ikara diete askok ezezagunei», azaldu du. Hortik aurrera, hiru hileko tratamendu bat hasiko du, egunean lau orduz.
Jolastu eta marrazkiak egin, hasieran besterik ez dute egiten haurrek. Nahi dituzten panpinak hartu, eta inongo ildorik eman gabe egiten dituzte marrazkiak. Eta doktoreak oharrak hartzen ditu egunero. Egongelako korroaren erdian bederatzi piezako puzzlea egiten saiatzearena, hori bigarren hilean iritsiko da.
Musika lasaia jarri, eta begira egoten da Amer. Korroaren erdiko neskatoak osatu du irudia: txakur nabar bat, lepoko gorriarekin. «Ariketa horiekin, burutik oroitzapen txarrak uxatu eta kontzentratzen ikasteko eskatzen diegu», azaldu du doktoreak. Hirugarren hilabeterako, oharren liburuan gaixo bakoitzaren bilakaera aztertzen du Amerrek. Antzerkia, yoga eta marrazkiak egin dituzte haurrek, kantuan eta jolasean aritu dira, beren traumei aurre egiteko. «Normalean, irudi mingarriak ikusteari eta amesgaiztoak izateari utzi egiten diete», dio Amerrek. Iragana ñausotu egin ohi da. Baina askozaz kasu larriagoak ere izaten dituzte, «denbora gehiago» behar dutenak: «Egunero etortzen jarraitzen duen haur bat badaukagu, hiru aldiz saiatu baita bere buruaz beste egiten».
Egongelako paretak krema kolore soilekoak dira. Zorua alfonbraz estalita dago, haurrak oinutsik ibil daitezen. Hondar kutxa bat ere badago terrazan, haurrak jolasteko. Kalterik egin lezakeen ezer ez dago, eta marrazki batek hausten du kolore soiltasuna. Aspaldi handik pasatutako gaixoen siluetak dira, elkarri eskutik helduta, eta azkenak Siriako iraultzaren bandera berde, zuri eta beltza heltzen du.
Sidraren amak Siriara itzuli nahi du. Alokairua ezin ordaindu, eta etxejabeak bota egin nahi ditu. Bakarrik dago Ammanen 9 urteko alabarekin. Senarra hil egin zioten, eta neba bat badauka erresistentziaren lerroetan. «Hiltzera doaz. Arren eta arren eskatzen diet ez dezatela Jordaniatik alde egin», azaltzen du doktoreak. Baina Elikadurarako Mundu Programaren laguntzak kolokan, beste aukerarik ez dute ikusten siriar askok. «Nahiago dute Sirian bonba baten azpian lehertzeko arriskua hartu, hemen gosez hiltzea baino», argudiatzen du Amerrek. «Badaukat hogei haur gaixoren zerrenda, eta zentrora etortzeko deika ari naiz. Baina honez gero joanak dira».
«Udaberriko egunak laster itzuliko diren itxaropena badut, denok etxera joan gaitezen», bota du Amerrek, hasperen batekin, klinikako musika gelako paretan idatzita dagoen kantuaren hitzak gogoan.
Itzuli da udaberria, txoriak hegan ari dira
Ammango klinika psikologiko batean Siriatik ihes egindako haurren traumak osatu nahian ari da Xafik Amer medikua. Gerrak eragindako oinazea memorian lurperatu dezaten nahi du. Astean 60 bat neska-mutil pasatzen dira haren egoitzatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu