«Mahats bilketan lan egitera etorri ohi nintzen urtero. Zenbait hilabetez lan egin eta dirua bete poltsikoan itzultzen nintzen Homsera. Aurten familia ekarri dut nirekin, eta ez dugu bueltatzeko intentziorik», adierazi du Hamoudi izeneko gizonezko batek.
Urtero bezala, hasi da mahats bilketa Bekaa bailaran, eta, ohikoa den legez siriar langileez beterik daude mahastiak. Damaskorekin lotura ekonomiko estua duen harana da. Hain zuzen, hamarkada luzez siriarren esku utzi dituzte hango libanoarrek urtaroaren araberako nekazari jarduerak. Masnaako muga nagusia irekita dago bi herrialdeetako herritarrentzat.
Alabaina, aurten siriar gehienek haien familiak ekarri dituzte. Ihesi doaz. Hain justu, gizonezkoek errefuxiatu estatusari uko egiten dioten arren, emazteek eta seme-alabek izena eman ohi dute UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Batzordearen zerrendan.
Baxar Al Assaden erregimenetik ihesi, 400.000 siriar jaso ditu Libanok, UNHCRk balioztatutako datuek diotenez. Gehienak mugaldeko eremuetan geratzen dira, Bekaa kasu. Azken asteko datuen arabera, 21.000 errefuxiatu erregistratu dituzte haranean, eta beste 11.000 itxaron zerrendan daude. Nolanahi ere, kalkuluak bikoizten dituzte GKE gobernuz kanpoko erakundeek, siriar askok haien izena eman nahi ez dutelako.
Udan, errefuxiatu gehiago
Udan izan da errefuxiatuen uholderik handiena. Abuztutik irailera bitartean %35 hazi da erregistraturiko iheslarien kopurua. Bekaa bailaran, Libano osoan bezala, ez dago gobernuak ezarritako kanpalekurik. Hango familiek ematen diete iheslariei ostatu. Beste askok, logelak edo apartamentuak alokatzen dituzte.
Eskolak ere Bekaara etorri diren familia askoren ostatu bilakatu dira. Ikasturtea hastearekin batera, ordea, beste toki batzuetan ezarri behar izan dira gehienak. Baina aldaketa horrek errealitate berri bat ekarri du ezinbestean, zenbait familia kanpadendatan ezarri baitira. ACH Gosearen Aurkako Ekintza erakundeak emandako datuen arabera, Baalbek inguratzen duten herrixketan 40 familia daude kanpadendetan bizitzen.
Abdel Mustafaren sendia da horietako bat. Hiru hilabetez Xtaura herriko eskola batean egon ostean, inguruko lursail batean ezarri da, meskita batetik jasotako oihal handiak erabiliz. Hemeretzi pertsona daude hiru kanpadendatan. Mustafak adierazi du han ezartzeagatik alokairua ordaintzen ari direla, «baina etxe batean baino askoz gutxiago».
ACHko koordinatzailea da Paolo Lubrano. «Azken astean hasi gara kanpadenden presentzia nabaritzen, baina arazo bilakatu daiteke. Udazkenetik aurrera hotz egiten du eta kanpadendatan geratzea ez da aukera bat». GKEek ez dute ezkutatzen neguari dioten beldurra. «Bekaan elur asko egiten du, eta prestatzen hasi behar dugu», nabarmendu du.
Siriako gerrak luze jo dezakeela gero eta argiagoa den bitartean, iheslarien auzia alboko herrialdeetako gobernuen agendan txertatu da. Libanoko agintariek, ordea, errefuxiatu hitza erabiltzeari uko egiten diote eta lekualdatuak bezala definitzen dituzte Siriatik alde egindakoak. Iheslariek laguntzak jasotzen dituzteUNHCRen erregistratzean, baina gobernuak ez du larrialdi planik ezarri. Najib Mikati lehen ministroa azken asteotan hasi da «denboraldi baterako kokalekuak» eraikitzeko ideia aipatzen, baina, betere, siriarrei ostatu ematen dieten Libanoko familiei eta erakundeei eskainitako azpiegitura gisa. Errefuxiatuen etengabeko etorrerak harrera familiak gogaitu ditzakeela uste du gobernuak, eta, etorkizunera begira, tentsio posibleak ekidin nahi ditu. Hain zuzen, Mikatik jakinarazi du NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian errefuxiatuak hartzeko laguntza eskatuko duela. Libano Siriako gatazkatik «aldentzea» ere defendatuko du.
Betitik siriarren eskulan merkea erabili izan duen Libanoko gizartearentzat zaila da errefuxiatuen eta epe baterako langileen arteko desberdintasuna egitea. Batez ere Beiruten, non iheslari gehienak ez dira erregistratzen. «Turismoak aurten izan duen beheraldia Siriatik etorritakoek orekatu dute. Hotelak beterik daude», nabarmendu du iheslariekin lan egiten duen Andres Gonzalezek. Uste berekoa da Lubrano: «Oro har, Libanora datozen iheslari siriarrek baliabideak dituzte, eta alokairu bat ordaintzeko gai dira. Dena den, iaz iritsi ziren familia askok baliabideak aamaituak dituzte. Siriarrek ezin dute administrazioan lanpostu rik eskuratu, beraz, eraikuntzan ari dira gehienak».
Beiruteko herritar gehienek ez dute errefuxiatuen presentzia gatazka testuinguru baten ondoriotzat hartzen, eta, beraz, auzia ez da begien bistakoa hiriburuan. Mugako erasoek, talde erlijiosoen arteko tentsioek eta bahiketek bakarrik piztu dute alarma gorria.
Hezbollah Bekaan
Baalbek, Bekaa bailarako zentro nagusia, Hezbollah taldeko Hasan Nasrallah liderraren eta Al-Assaden argazkiz josita dago. Talde xiitak gobernatzen duen beste udalerri askotan bezala, irmo eusten diote Siriako gatazkarekiko jarrera politikoari.
Hain zuzen, azken boladako isiltasunaren ostean, Al-Assaden erregimenaren aldeko jarrera berretsi du aste honetan Nasrallahek. Errusiako telebista kate bati emandako elkarrizketan oposizioari leporatu dio Siriako negoziazioak aurrera ez egitea. Honela, gerrak luze jo dezakeela ohartarazi du.
Hezbollahek, ordea, ez du errefuxiatu siriarren auzia politikoki erabili. Hala diote, behintzat, Bekaan iheslariekin lanean ari diren erakundeetako kideek. «Gure lanaren berri ematen diegu, eta haien udalerrietan proiektu bat hasi behar dugunean baimena eskatzea beharrezkoa da. Oro har, ez dute inolako eragozpenik jartzen. Are gehiago, beraien kabuz ere laguntza banatzen eta antolatzen ari dira. Beste talde batzuek agintzen duten udalerrietan baino zabalagoak dira maiz. Politika nazionaletik at, iheslariekin jarrera laguntzailea erakutsi du talde xiitak Bekaan», nabarmendu du Lubranok.
Hasieran iheslari gehienak sunitak ziren arren, alauiak eta kristauak gero eta gehiago dira. Hezbollahek errefuxiatuen kontrako diskurtsorik egin ez izanak taldearen jardun burutsua erakutsi du, Lubranoren iritziz: «Diskurtso politiko eta estrategikoetatik at utzi dituzte alde egindakoak. Giza krisi gisa bideratu dute auzia».
Itzultzeko eperik gabe
Libanok Siriako 400.000 errefuxiatu inguru jaso ditu; horien artean, epe baterako langileen senideak dira gehienakBeirutek, 'errefuxiatu' deitu ordez, 'lekualdatu' deitzen die Siriako iheslariei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu