Indar handia du jabetza pribatuak. Herrialdeko aberastasunen erdiak pribatuak dira. Horretaz gain, atzerriko enpresentzako zergak ere %25era igo dituzte. Orain arte, oso zerga baxuak ordaintzen zituzten atzerriko enpresariek. «Gure ikuspegiak zabaltzeko eta gizarte modernoengandik ikasteko prest gaude, baina gure herriaren baldintzak ere kontuan izango ditugu eta demokrazia gure erara eraikitzen jarraituko dugu», nabarmendu du Wen Jiabao lehen ministroak.
EZEGONKORTASUNEN ARRISKUA. Txinako ekonomiak gorakada nabarmena izan duen arren, alde handia dago nekazaritza eremuen eta hirien artean. «Txinako ekonomiaren arazo nagusia hauxe da: garapen ezegonkorra, desorekatua, koordinatu gabea eta jasan ezina. Horrek tentsioak eragiten ditu gure ekonomian», azaldu du lehen ministroak. Arazoa konpontzeko denbora luzea beharko dutela ere iragarri du gobernuburuak. Bestelako helburuak ere aipatu ditu Wen Jiabaok: energia aurreztea, berotegi efektua eragiten duten gasak murriztea eta ingurumena behar bezala babestea. Dena den, ohartarazi du Txina garapen bidean dagoen herrialdea izanik, ezin zaizkiola jarri herrialde garatu bati jartzen zaizkion baldintza berak.
Nekazaria,
bigarren mailakoherritarra
Urtero milaka nekazari joaten dira hirietara; azken hogei urteetan 6.475 milioi hektarea inguru jan dizkiote hiriek nekazaritza lurreia. e.
Txinan arazoa ez da nekazariak bigarren mailako herritar gisa tratatzen dituztela. Arazoa da bigarren mailako herritarrak direla. Nekazaritza eremuetan eskolak gutxi eta txarrak dira; oso mediku gutxi daude, eta zaila da erietxe bat aurkitzea; agintariak erraz erosten dira, eta boterea beren mesedetan erabiltzen dute maiz. Horiek hala, irtenbide bakarra geratzen zaie haiei, hirietara ihes egitea. 1980az geroztik 150 eta 200 milioi herritar artean joan dira hirietara. 2015erako 300 milioi izango direla uste dute. Han bigarren mailako hiritar bilakatzen dira.
«Txinako mirari ekonomikoa deitzen duten horrek ondorio izugarriak ditu gizakiengan. Nekazaritza eremuetako etorkinek gehiegikeriak jasan behar dituzte etengabe», salatu du AI Amnesty Internationaleko Asiarako arduradun Catherine Baberrek. Herrialde guztietan bezala, etorkinentzat izaten dira lanik okerrenak. Txinan eraikuntzan edo fabriketan egiten duten lan. Egunean hamabi orduz eta astean zazpi egunez aritzen dira. Hilabetean egun bakarra izaten dute jai. Asko paperik gabe iristen dira, eta ez dute oinarrizko osasun zerbitzurik ere jasotzen.
PUBLIKOA ETA PRIBATUA.Hirietako jabetza pribatuak babesteko legea onartu zuen atzo Txinako Legebiltzarrak. Hirietan posible da norbait etxe baten edo enpresa baten jabe izatea. Nekazaritza eremuetan, ordea, ez. Han lurrak Gobernuarenak dira, eta nekazariek haiek erabiltzeko aukera dute hainbat urtez. Baina Estatuak haiek desjabetu litzake «komunitatearen mesedetan» denean. Nork erabakitzen du, ordea, komunitatearen mesedetan dela? Azken urteetan izugarri handitu dira hiriak, eta ondorioz, hogei urteotan nekazaritza eremuetako 6.475 milioi hektarea jan dituzte ormigoizko eraikinek.
Esanguratsua da Yangge herrian gertatutakoa. Pekinetik 25 kilometro iparraldera dago kokatua. Enpresari batek herriaren lurrak erostea erabaki zuen eta hainbat milioiko eskaintza egin zion udalari. Hark onartu egin zuen.Inork ez zien herritarrei galdetu, ezta ordaindu ere, beren lurrak kendu zizkietenean. Orain Yanggetik ehun metro ingurura ormigoizko dorre altuak eraiki dituzte. Etxebizitza bakoitzak milioi bat dolar inguru balio du. Ez dira noski nekazarientzat, haiek beren etxe xumeetan jarraitzen dute.
Wen Jiabao lehen ministroak onartu du alde handiak daudela nekazaritza lurren eta hirien artean, eta nabarmendu du horiek murriztu beharra dagoela. Baina jabetza pribatua babesteko onartutako legeak dio nekazaritza lurrek Gobernuaren esku jarraituko dutela, eta Estatuak nahi duenean berreskuratu ahal izango dituela. Legea onartzea aurrerapauso handia izan da Txinarentzat, baina eragin eskasa izango du nekazariengan.