Jacques Delors hil da, Europako Batzordeko presidente ohi eta EBren «arkitektoa»

Frantziako politikaria talde komunitarioaren integrazioaren protagonistetako bat izan zen; bere herrialdeko estatuburu bilakatzeko hautagaitzari uko egiteak ere markatu zuen haren ibilbide politikoa. 98 urterekin zendu da.

DELORS
Jacques Delors, artxiboko irudi batean. BERNARDO RODRIGUEZ / EFE
ander perez zala
2023ko abenduaren 27a
19:35
Entzun

Europako Batzordeko presidente izan zen hamar urtez, 1985etik 1995era; euroaren eta merkatu bakarraren sorrera ere sustatu zuen; haren agintean, ordura arte hamar estatu kide zituen talde komunitario hark beste bost kide hartu zituen —Austria, Espainia, Finlandia, Portugal eta Suedia—; eta, epe hartan, merkatu komun handitzat zeukaten taldeak EB Europako Batasun egitura hartu zuen. Klub komunitarioaren historiaz aritzean, saihetsezina bilakatu da Jacques Delors aipatzea (Paris, 1925 - Paris, 2023), EBren eraikuntzan izan duen eraginagatik; Europako Batasun garaikidearen arkitektoa ezizena jarri zioten, horren erakusle. Gaur hil da, 98 urte zituela.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren Europako herrialdeen arteko integrazioa eta batasuna beharrezkoa zela defendatzen zutenen artean garrantzi handia hartu zuen Delorsek. Ez zuen proiektu horren sorreran parte hartu, baina bide hori indartzeaz arduratu ziren politikarietako bat izan zen. «Ameslari bat» izan zen, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko egungo presidentearen ustetan; «gure Europaren artisaua», Emmanuel Macron Frantziako estatuburuak deskribatu duenez.

Delors Europako Parlamentuko eurodiputatu izan zen 1979tik 1981era, eta, horren ondoren, Frantziako Ekonomia eta Finantza ministro izan zen (1981-1984), François Mitterrand estatuburu zela (1981-1995). 1985ean, Europako Batzordeko presidentea aukeratzeko negoziazioetan, Mitterrandek nahi zuen Frantziako PS Alderdi Sozialistako kide batek hartzea kargu hori, eta hori onartzeko baldintza bakarra jarri zion Helmut Kohl Alemaniako kantzilerrak (1982-1998): Delorsek izan behar zuela, PSren sektore moderatukoa zelako, eta Ekonomia eta Finantza ministro izan zenean finantza publikoen kontrol zorrotzaren defendatzaile sutsua izan zelako. Eta, horrekin batera, profil erabat europazalea zuelako.

1974tik zen PSko kidea, eta 1994an alderdi horretako sektore askok presidentegai izateko eskatu zioten hurrengo urteko hauteskundeetarako; hark, ordea, uko egin zion, nahiz eta inkesten arabera aukera handia zuen irabazteko. Delorsek uste zuen PSko beste sektore batzuen babesa falta zitzaiola, eta ez zuen aurrera egin; kasurako, sozialisten idazkari nagusi Henri Emmanuellik diskurtso eta ideologia askoz ere iraultzaileagoa zuen.

Azkenean, primarioen bidez, PSkoek Lionel Jospin aukeratu zuten hautagai, eta RPR Errepublikaren Aldeko Batasuna eskuindarreko Jacques Chiracen kontra galdu zuen (%52,6-%47,4), urte hartan egindako bozen bigarren itzulian.

Gertakari horretaz, Le Monde egunkariari aitortu zion, 2013an emandako elkarrizketa batean, «batzuetan damutu» egin zela «ausartu ez izanaz».

Frantziako presidente izateko aukerari uko egin izanak haren ibilbide politikoa markatu zuen, baina, oro har, talde komunitarioan egindako lanagatik oroitarazi dute EBko agintariek. Josep Borrell klubeko diplomaziaburuarentzat, «kide erraldoi bat galdu» dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.