Libia. Gaddafiren ondorena

Jaio da Libia berria

Muammar Gaddafi koronelaren hilketaren ostean, herrialdearen «askatasuna» aldarrikatu du Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak, eta herritarrak etorkizunari begira daude, ilusioz eta errezeloz beteta.

Tripoliko familia bat, hiriburuko Martirien plazan, iragan ingandean. KARLOS ZURUTUZA.
Tripoli
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Gizon batek bi gamelu akabatu ditu kamioneta urdin baten atzealdean. «Allahu akbar!» (Ala handia da!), oihukatu du hirutan, animaliei lepotik odola dariela. Arratsaldeko laurak ziren Tripolin. Minutu gutxi falta ziren Libiako gerra ofizialki bukatutzat emateko. Surt —Gaddafiren jaioterria— hartu ostean Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak herrialde osoaren gaineko kontrola iragartzeko. Libiar koronel nagusia bertan jipoitu eta akabatu zuten erreboltariek joan den ostegunean. Igandean, Bengazitik iritsi zen Libia «askearen» aldarrikapen ofiziala. «Iraultza han hasi zen. Hein batean, logikoa da ekitaldi ofiziala handik egitea», zioen Mohamed Shamaadek, Tripoliko Martirien plazan zegoen lagun urrietako batek. Ordua 16:00etan jarri bazuten ere, 2.000ra ez ziren iritsiko Libiako plaza nagusian bildutakoak. Ezin alderatu, inondik ere, azken bi hilabeteotan egindako hamaika ospakizunekin. Ramadanaren bukaera eta Tripoli mendean hartzea, esaterako, ia batera ospatu ziren, eta asteetan iraun zuen jaiak. Gameluak hil ondoren, 26 urteko imam bat agertokira igo zen, eta iragarri zuen adierazpena «iristear» zegoela. «Allahu akbar!», erantzun zuen jendeak.

Baina arazo bat zegoen. Aurretik hitzemandako telebista pantaila erraldoia falta zenez, familia ugarik etxera jo zuten. Telebistaz baino ezin zuten ikusi zuzenean Bengaziko hitzaldia. Ezin galdu, adierazpenak atzean utziko baitzuen zortzi hilabeteko amesgaiztoa, edo 40 urtetakoa, euren herrialdea «masaren esku» zegoela inoiz sinetsi ez zutenentzat. Jamahirija, «masen agintea», zen Gaddafiren ideologiaren ardatza.

Bengazi gainezka zegoen. Igandean, Libiako hiriburua zirudien herrialdeko bigarren hiriak. Kontseiluko presidente Mustafa Abdeljalilek 45 minutu behar izan zituen «nazio batasunaz» eta «trantsizio politikoaz» hitz egiteko. Dirudienez, 2012ko ekainean izango dira Libia berriaren lehen hauteskundeak.

«Senidetasuna bultzatu behar dugu Libian», zioen kontseiluko agintariak. Libiako legedi berria xaria lege islamiarran oinarrituko denez, Abdeljalilek argitu zuen ezkontza arauak ere berrikusiko dituela. Antza, monogamia eta islama ez datoz bat. «Libia Saudi Arabia berri bat bilakatzeko?», zioen Doha Hassanek. Ez zuela bizitza osoa nikab baten azpian ezkutaturik eman nahi zioen 20 urteko unibertsitateko ikasleak.

Luzez itxarotako adierazpena kontseiluko eledunak eman zuen azkenean. «Altxa ezazu burua, libiar askea zara eta!», zioen Abdelhafiz Gogak. «Allahu akbar!, Allahu akbar!, Allahu akbar!...».

Aurrera begira

Ilunabarrean, milaka banderen beltz, berde eta gorriek pintura paleta erraldoia bilakatu zuten Tripoliko plaza nagusia. Baita bertan zeuden amazighen horia eta urdin argia ere. «Lau hamarkadatan galdutako guztia berreskuratu behar dugu», zioen Parik Jerro Nafusa mendikateko amazighak. Lehen urratsa, amazigera —euren hizkuntza ofiziala— izatea konstituzio berrian.

Nolanahi ere, ez da arabiarren eta amazighen artekoa Libiako bereizketa bakarra. Azken hilabeteotan sarri entzun du tribu asko daudela, eta Bengazikoek elkar gorroto dutela, bai eta Nafusa eta Tripolikoek ere... Abdeljalilen batasunerako gonbita ez zen, ezta gutxiagorik ere, hitz hutsez egindakoa. «Ustezko lehia hura politikariek elikatu dute. Boterea eskuratzeko tresna baino ez da eurentzat», zioen Ahmed Kilanik plazatik. «Besteok kalera jo eta hil besterik ez dugu egin. Geuk ordaindu dugu askatasunaren prezioa».

Ezin jakin Gaddafi ote den gerra honetako azken hildakoa. Egia ala ez, haren gorpuak erromes gune bilakatu du Misratako hotz ganbera bat. Libiarrek ilaran itxaron dute egunotan, pazientzia handiz, Gaddafiren gorpua ukitu, kolpatu edo gainetik jausi egin ahal izateko. Eta bisita borobilik ez, gorpuaren alboan argazkia atera arte. Garaipenaren ikurra eginik, jakina.

Azken albisteez, trantsizioaz eta epe laburrerako aurreikuspenez hitz egin zuten tripoliarrek Martirien plazan. Aldi berean, jakin-min handia zegoen Bengazin iragarritako albiste baten inguruan: Libiako familia orok 10.000 dinar (5.000 euro) jasoko ditu, eta are gehiago senideren bat galdu edo larriki zaurituta dutenek. «Dirua eskuan izatean sinetsiko dut, eta ez bestela», zioen libiar bandera lepoan zeraman emakume batek. Ahmed gazteak ere garbi du: «Diruarekin Europara ala AEBetara joango naiz. Eta ez naiz bueltatuko libiar guztiok merezi dugun herrialdea eskuratu arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.