Egun sinbolikoan egin dituzte Ukrainako gatazkaren inguruko nazioarteko negoziazioak. Sinbolikoa, eta paradoxaz betetakoa. 70 urte bete ziren atzo Jaltako Konferentzia bukatu zenetik. XX. mendeko argazki historikoenetako bat utzi zuen bilkura hark: Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministroa, Franklin D.Roosevelt AEBetako presidentea eta Josiv Stalin SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko buruzagia elkarren ondoan jarrita, irribarretsu. Alemania nazia azkenetan zegoen, eta aliatuen hiru herrialde boteretsuenek gerra bukatu eta gerraostea antolatzeko akordio bat egin zuten. II. Mundu Gerraren ondoren hasiko zen aroaren oinarriak paratu zituzten Jaltan: Gerra Hotzaren oinarriak. 1991n bukatu zen aro hori, eta, ordutik, munduko ordena nahasiago ageri da. Errusian, zenbait think tank-ek ez lukete gaizki ikusiko bertze Jalta bat antolatzea, nazioarteko ordena berri baten arauak ezartzeko.
1945eko otsailaren 4an hasi zen konferentzia, Livadia jauregian. Urteurrenaren harira, jauregi berean antolatu dituzte Errusiako hiru erakundek konferentzia gogoratzeko jardunaldiak, Jalta-1945. Iragana, Oraina, Etorkizuna goiburupean. Gizarte Zibilaren Garapenerako Fundazioa, Perspektiba Historikoaren Fundazioa eta Bake Fundazioen Nazioarteko Elkartea izan dira antolatzaileak. Paradoxikoa da, Jalta hiriaren lurraldea, hau da, Krimeako penintsula, garrantzi historiko handiko gertakari baten kokaleku delako 70 urte geroago; Gerra Hotzaren ondorengo aro definitu gabearen bukaeraren adierazgarrietako bat bihur litekeen gertakariarena.
Izan ere, duela urtebete zehatz pentsaezina edo hagitz zaila zatekeen hiru erakunde horiek Jaltan konferentzia bat antolatzea, Krimea Ukrainaren zati baitzen. Handik 11 egunera, Viktor Janukovitx presidenteak alde egin zuen Kievetik, karrikak kontrolpean zituzten talde armatuen beldur, eta oposizioak boterea hartu zuen. Krimeak ez zuen onartu aginte aldaketa. Ukrainako armadari eta Poliziari penintsularen kontrola kendu zieten bertako agintariek, ia tirorik bota gabe. Ukrainaren eta Mendebaldearen arabera, Errusiak inbaditu zuen; Moskuk ukatu egin zuen hori, eta milizianoak krimearrak zirela erran zuen —indar militarrek ez zuten identifikaziorik—. Hilabete eskasen buruan, Krimeak independentzia aldarrikatu, Errusiari batzearen inguruko erreferendum bat egin, eta, baiezkoak irabazi ondoren, Ukraina utzi zuen.
Sokatiratik arrakalara
Putinek Euromaidani eta Janukovitxen aurkako kolpeari emandako erantzuna izan zen Krimea Errusiara batzea. Biztanle gehienak eta jatorri historikoa zituen alde; krimear gehienak errusiar etniakoak dira, eta XVIII. mendetik 1954ra arte Errusiako zati izan zen penintsula —Nikita Khrustxev SESBeko buruzagiak erabaki zuen Krimea Ukrainan sartzea—.
Nazioartean, ordea, onarpen eskasa izan zuen bat egite horrek —soilik sei herrialdek onartzen dute—, eta, Ukrainak ez ezik,AEBek eta EB Europako Batasunak erabat gaitzetsi zuten. Kieveko tirabirekin hilabeteetan sokatiran aritu ondoren, Krimeako prozesuak arrakala bat ireki zuen Mendebaldearen eta Errusiaren artean, 1991tik sortutako handiena, eta urtebetean etengabe hazi da, Ukraina hego-ekialdeko gerraren ondorioz.
Gerratik interes talkara
«Munduan eta Ukrainan gertatutakoek erakusten dute mundua hauskorra dela. Inor ezin da seguru sentitu, eta ez dago bermerik errateko gaur egungo erakundeek krisiari aurre egin diezaioketela. Metodo berriak garatu behar ditugu», adierazi dio Konstantin Kostin Gizarte Zibilaren Garapenerako Fundazioaren buruak Politonline.ru webguneari. Jaltako urteurreneko jardunaldien antolatzaileetako bat izan da Kostin. «Espero dugu politikariak gai izanen direla sentimenduak alde batera utzi eta oinarri komunak bilatzeko, duela 70 urte bezala».
Duela 70 urte, nahiz eta bi eredu politiko antagonista izan, etsai komun baten aurka gerran zeuden, eta horren ondorio izan zen Jaltako Konferentzia —eta horren aitzinetik Teherangoa, eta ondoren Potsdamgoa—. Gaur egun, bi eredu politikoak ez dira antagonistak, baina bi aldeak ez daude etsai komun baten aurkako gerra batean; askatu beharreko korapiloa zuzeneko interes talkena da.
Ukrainako gatazka. Minskeko bake bilkura
Jaltatik Jaltara, zazpi hamarkada
Nazien aurkako aliatuek Krimean egin zuten konferentzia bukatu zenetik 70 urte bete ziren atzo. Gaur egun, Krimea da Errusiaren eta Mendebaldearen arteko harremana gaiztotu izanaren arrazoietako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu