Japoniako Gobernuak kexa aurkeztu dio Pekini, Txinako hiru arrantzontzi Txina ekialdeko itsasoan agertu direla eta, Diaoyu uharteak dauden inguruan. Hori dela eta, Txinarekiko desadostasunak «elkarrizketa eta kontsulta bidez» argitzeko eskatu dio Yang Jiechi Txinako Atzerri ministroak Koichiro Gemba Japoniako Atzerri ministroari ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoa Kanbodian egiten ari den batzarrean. Japoniako Gobernuari Diaoyu uharteetako bat baino ez dagokio; Taisho, hain justu. Baina azken egunetan Diaoyu uharteetan lursailak erosteko negoziaketetan dabil Japoniako Gobernua.
Jiechik Diaoyu uharteen jabetza Txinari dagokiola esan dio Gembari. Japoniak Senkaku deitzen dien uharte horiek Taiwandik 150 kilometrora daude, eta Okinawa Japoniako artxipelagotik 200era; Txinak eta Japoniak uharteen jabetza aldarrikatzen dute, dituzten itsas zein energia baliabide aberatsengatik.Txinako Gobernuaren arabera, Diaoyu uharteak «Txinaren jabetza izan dira antzinatik».
Marty Natalegawa Indonesiako Atzerri ministroak, berriz, adierazi du «garrantzitsua» dela Diaoyun uharteen aferari konponbidea bilatzea, gehiago luzatu baino lehen. Hargatik ASEANen batzarrean NBE Nazio Batuen Erakundeak ezarritako itsasoko jokaera kodea onartzera behartu nahi dute Txinako gobernua. Kode horrek herrialde bakoitzari dagozkion itsas eremuak zehazten ditu.
Clinton ere Kanbodian da
AEBtako Estatu idazkari Hillary Clinton atzo iritsi zen Kanbodiara ASEANeko bilkuran parte hartzeko. Zehazki, ASEANeko segurtasunari buruzko eztabaidan hartuko du parte. Horrez gain, Kanbodiako lehen ministro Hung Senekin bilduko da gaur Clinton. Bestetik, Clinton ere, itsas mugen inguruko gaiak sortutako eztabaida lehenbailehen baretzeko asmoz heldu da Kanbodiara, bere arabera, «munduko ekonomiarentzat funtsezkoa» delako.
Japonia kexatu egin da Txinako ontziak mugako Diaoyu irletara hurbiltzeagatik
Hillary Clinton ASEANen batzarrean da, segurtasunaren inguruko eztabaidan parte hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu