Soslaia

Javier Milei: ideia zaharrak, eldarnio berriak

Presidente hautatu ultraeskuindarrak ideia zahar, kontserbadore eta liberalak eramango ditu gobernura, «Argentina ezberdin bat ezinezkoa da betikoekin» lelopean.

ARGENTINA JAVIER MILEI
Javier Milei, atzo, Buenos Airesen, lehen emaitzen berri izan osteko agerraldian. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
marcos tedin
2023ko azaroaren 20a
16:30
Entzun

Argentinako diruaren balio galera eta inflazioa ezinbestekoak izan dira Javier Milei (Buenos Aires, 1970) anarkokapitalista boterera heldu ahal izateko. Abenduaren 10etik aurrera, lider ultraeskuindar, negazionista eta txakurzale bat izango du Hego Amerikako herrialdeak. Milei ekonomista da, eta ospe handia lortu zuen Argentinako telebista kateetan agertzen hasi zenean, 2014an. Besteak beste, jarrera haserrekorra zuela, honako mehatxua egin zuen: «Segi ziztuan, gorri etxekalteok». Klase politikoaren aurka ere egin zuen, «kasta» izendatuta. Horrez gain, atezaina eta rock musikaria ere izan zela kontatzen zuen.

Eztabaida «filosofikoak» izaten zituen hainbat saiotan. Akademikotzat jotzen du bere burua, eta, «dogmatikoa» dela aitzakia erabilita, ezin zuen erantzun haurren edo organoen salmentaren aurka zegoenik. Ezin zuen erantzun, ezta ere, demokraziaren alde zegoenik. Izan ere, Argentinako azken diktadura militarra defendatu zuen (1976-1983): «Gehiegikeria batzuk egin ziren». Milei pertsonai erakargarria eta berria zela iruditu zitzaien argentinarrei.

Berria iruditu arren, ideologia zaharren nahasketa bat da Milei. Alde batetik, eskola austriarraren jarraitzaile sutsua da; XIX. mendean sortutako pentsamendu eskola horrek merkatu librea goraipatzen du, eta azaltzen du estatua ahalik eta gehien txikiagotu behar dela. Mileiren ustez, kapitalismoaren logika arduratuko da gaur egun estatuak kudeatzen duenaz. Adibidez, herri txiki batek hiri batekin konektatzeko errepide bat behar izanez gero, nork eraikiko luke? Zera erantzun zuen Mileik: «Sektore pribatuarentzat errentagarria ez bada, gizartearentzat desiragarria ez delako da». Beste aldetik, kontserbadore amorratua da: abortuaren eta heziketa sexualaren aurka dago, eta Argentinako azken diktaduraren eta klima aldaketaren negazionista da. Bere ustez, kontu horiek guztiak «marxismo kulturalak» sortutako gezurrak edo sozialismoaren asmakizunak dira.

Ideia horiek zaharrak izan arren, Milei nobedade gisa sartu zen Argentinako politikan, 2021ean. «Zerbait berria probatu nahi dugu», entzuten zen Argentinako hirietan eta herrietan, egoera ekonomikoaz nekaturik. Ekonomista trebea izan da azken urteotan horretaz aprobetxatu, eta etengabeko gorakada izateko. Telebistako saio guztietatik igarotzen zen, «kasta beldur da» oihukatzen, klase politikoa mehatxatzen.

Estrategia horrek balio izan zion presidentetzarako hauteskundeetako kanpainako lehenengo fasean. Gobernuaz eta egoera ekonomikoaz nekatuta zeudenek berehala egin zuten bat LLA Askatasuna Aurrera Doa plataformarekin. Horrez gain, ultraeskuindar guztiak ere batu ziren mugimenduarekin: bai diktaduran parte hartu zuten torturatzaileak, baita nazismoa goraipatzen dutenak ere.

Hala ere, azken hilabeteetan, eta batez ere bozen lehenengo itzuliko emaitzen ostean, Mileik lasaitu behar izan du bere jarrera, berak kritikatzen zuen kastaren —eta batez ere Mauricio Macri presidente ohiaren (2015-2019)— babesa lortzeko. Ekonomistak berak proposatu zituen neurriak ukatu behar izan ditu: osasuna eta hezkuntzaren pribatizazioa, dolarizazioa eta banku zentralaren itxiera. Macrik, kontserbadoreen erreferenteak, hautagai ultraeskuindarra bozkatzeko eskatu zien argentinarrei, esaldi bitxi batekin: «Lasai, ez ditu egingo gustatzen ez zaizkizun gauzak».

Herritarrek Mileirekiko dituzten mesfidantza eta beldurra ulertzeko, bere bizitza pertsonalean eta publikoan izan duen jarrera ezagutu behar da. Polemika ugari izan ditu azken hilabeteetan; besteak beste, leporatu diote bere arrebarekin txortan egiten duela, cuarteto musika —Argentinako musika estilo ezaguna— gorroto duela eta arazo psikologikoak dituela. Hori dena ukatu egin zuen, Instagram sare sozialaren bidez.

Mileik esana du gurasoak, berarentzat, «hilda» daudela, bere bizitza zoritxarreko bihurtu ziotelako. Bere aholkularirik gertuena Conan da, 2017an hil zen eta bost aldiz klonatu zuen txakurra; berarekin hitz egiten du medium baten bitartez. Horrek ere laguntzen du ekonomistaren osasun mentalaren inguruan dauden zalantzak ulertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.