INDONESIA

Jazarpena gerraren trukean

Kristina Berasain Tristan.
2004ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Ia-ia separatismoaren indarra eta bereizketaren arriskua erabat bukatzeko gai izan dira Armada eta Polizia. Errebeldeen kontrako jazarpena segituko du, baina Gerra Legea dagoeneko ez da beharrezkoa». Indonesiako presidente Megawati Sukarnoputrik urtebetez Sumatrako ipar-mendebaldean dagoen Aceh eskualdean indarrean egon den Gerra Legea bertan behera gelditzen zela iragartzeko atzo helarazitako hitzak dira. Gerra Legearen trukean larrialdi egoera ezarri zuen. «Argi ikusi dezakegu gaur egungo egoeraren eta duela urtebetekoaren artean alde nabariak daudela», gaineratu zuen presidenteak.

GAM Aceh Askatzeko Mugimenduak Gerakan Aceh Merdeka gogor kritikatu zuen herenegun Jakartaren asmoa, militarrak eskualdean mantentzeko asmoa, alegia. Suedian erbesteratuta dagoen eta bere burua Aceh-ko lehen ministrotzat jotzen duen Malik Mahmuden arabera, Gerra Legea bertan behera utzi eta larrialdi egoera ezartzea itxurazko aldaketa bat baino ez da: «Militarrek euren xedea betetzeko izan duten porrota tristea ezkutatzeko apaingarria da; izan ere, xedea ez zen milaka zibil hiltzea eta bortxatzea eta giza eskubideak urratzea». GAM erakundearen izenean idazki bat helarazi zuen Mahmudek, negozioazioak abiatzeko prest daudela iragarriz. Bertan, nazioarteko komunitatearen laguntza jasotzeko «itxaropena» dutela zehaztu zuen.Urtebetean GAM taldeko ustezko bi mila ekintzaile hil eta beste bi mila atxilotu dituztela jakinarazi zuen Indonesiako Armadak. Acehen mila matxino baino ez direla gelditzen eta horietako gehienek amore eman dutela uste dute agintariek. Datuok alderatzea, alta, zaila da; izan ere, Indonesiako Gobernuak Gerra Legea ezartzearekin batera nazioarteko kazetariak eta erakundeak Sumatrako ipar-mendebaldetik alde egiteko agindua eman zuen. Debekua, dena den, ez da arazo izan eskualdean egin diren sarraskiak ezkutatzeko. Nazioarteko erakundeek giza eskubideak sistematikoki urratu direla salatu dute behin eta berriro. Ildo horretan, AI Amnesty Internationalek txosten bat helarazi zuen atzo. Bertan azken hamabihilabeteotan gertatu direnen berri ematen dute: «Herritarrak izututa daude guztiz, etengabeko triskantzak eta torturak ikusi dituzte euren begien aurrean eta hilko edo atxilotuko dituzten beldur dira. Indarkeria eguneroko gauza bihurtu da, eta herritarrei ezinezkoa zaie normal bizitzea».

Nazioarteko erakundeak torturatu dituzten pertsonen lekukotzak ere jaso ditu: «Makilekin jo dituzte, zigarroekin erre, plastikozko poltsak buruan jarri eta deskarga elektrikoak jarri dizkiete». Soldaduek hainbat emakume eta neska bortxatu dituztela jakinarazi zuen AIk. Ildo horretan, Megawati Sukarnoputri presidenteari segurtasunaren izenean giza eskubideak ez sakrifikatzea galdegin zion.NBE Nazio Batuen Erakundea kezkatuta agertu da hilabeteotan soldaduak gizarte zibilari ezarri dioten jazarpena dela eta.Indonesiako Armadak, berriz,ukatu egin du giza eskubideak urratu izana. «Ez dugu zibil bakar bat ere hil. Helburuen zerrenda bat dugu: hil edo atxilotu nahi ditugun pertsonen zerrenda. Gu ez gara okertzen», adierazi du Endang Suwarya komandanteak. Ahmad Yani Basuko teniente koronelak zibilen hilketen erantzuleak matxinoak direla salatu du. GAMeko kide Ishak Daudek ukatu egin zuen hori: «Guk inoiz ez diegu zibilei eraso, hain zuzen ere, zibilak gure kideak eta senideak direlako».Jakartako agintariek, ordea, errebeldeak herritarren artean ezkutatzen direla eta ekintzaileak eta herritar soilak bereiztea ez dela erraza jakinarazi zuten. Halaber, torturak egin dituzten soldaduak zigortuko dituztela hitzeman zuten.

«Erabateko independentzia dugu amets»

Duela urtebete Indonesiako ekialdeko muturrean dagoen Sumatra uharteko Aceh eskualdean Gerra Legea ezarri zuen Jakartak. Lurraldearen independentzia aldarrikatzen duen GAM taldeko matxinoen mugimendua deuseztea zen helburua. Indonesiako indar militarren buru Endriartono Sutartok oso argi azaldu zuen helburua: «GAM suntsitu behar da. Hiltzeko trebatuak izan zarete, eta horko kideak jarraitu behar dituzue haiek erabat deuseztu arte».

Iaz, gaurko egunez, 35.000 eta 45.000 militar artean bidali zituzten lau milioi biztanle dituen eskualdera ahaztezina da airez bota zituzten ehunka paraxutisten irudia. Aurreko egunean GAMen eta Gobernuaren arteko negoziazioak eta, ondorioz, su-etena hautsi ziren Tokion. Bi aldeek 2002. urteko abenduaren 9an sinatu zuten bake hitzarmena, Genevan. Su-etena indarrean egon zen denbora tarte horretan, dena den, mesfidantza agerikoa zen. Agintariek uste zuten ekintzaileek ez zituztela armak erabat utziko, eta matxinoek, berriz, independentziaren aldarria aintzat hartuko ez zen beldur ziren.Megawati Sukarnoputri presidentea, neurri batean, autonomian eremuan amore emateko prest agertu da inoiz, baina erabat baztertu du independentziaren aldarria: «Gobernuak ez dio inoiz Aceheri independentzia lortzen utziko».Baktiar Abdula GAMeko kideak ÐSuedian, Stockholmen, dago beraÐ autonomia ez dutela sekula onartuko esan zuen iaz: «Ekintzaileek erabateko independentzia dugu amets».GAM 1976. urtean sortu zen Sumatrako ipar-ekialdeko eskualdean estatu islamiko indenpendentea aldarrikatzeko. Hasan di Tirok sortutako taldea herritarren sostengu zabala du, eta iaz Gerra Legea ezarri aurretik 5.000 ekintzaile zituela uste zuten. Urteotan, pixkanaka-pixkanaka, eskumenak handitzea lortu dute ekintzaileek, tartean sharia, lege islamikoa ezartzea. Dena den, denbora tarte honetan 12.000 pertsona hil dira eta beste milakak ihes egin behar izan dute.Aceh eskualdearen independentziaren bidean arazo dira bertan dauden gas natural eta petrolio erreserbak; izan ere, Jakarta ez dago prest horiek ustiatzetik ateratzen dituen mozkinei adio esateko. Gainera, Sumatrako eskualdeak burujabetza lortuz gero, Indonesia osatzen duten 13.000 uharteetan mugimendu independentistak areagotu eta herrialdea zatituko ote den beldur dira Jakartako agintariak.

-

Datua





2.000

GAM Aceh Askatzeko Mugimenduko ustezko bi mila ekintzaile hil eta beste bi mila atxilotu ditu Indonesiako Armadak Gerra Legea indarrean egon den urtebetean. Agintarien esanetan, egun 1.000 ekintzaile baino ez daude, eta gehienek amore eman dute. Datuok baieztatzea, ordea, zaila da; izan ere, nazioarteko prentsak eta erakundeek debekatuta izan dute herrialdean egotea.

-

Kronologia





1976: Hasan di Tirok GAM Aceh Askatzeko Mugimendua sortu zuen Sumatrako ipar-mendebaldean dagoen eskualdearen independentzia aldarrikatzeko.

2002ko abenduaren 9a: GAMek eta Indonesiako Armadak bake hitzarmena sinatu zuten Genevan.

2003ko maiatzaren 18a: Negozioazioek porrot egin eta su-etena hautsi zen. Azken bilera Tokion egin zuten bi aldeek.

2003ko maiatzaren 19a: Indonesiako Gobernuak Gerra Legea ezarri eta militarrak bidali zituen Acehera.

2004ko maiatzaren 19a: Gerra Legea bertan behera utzi eta larrialdi egoera ezarri zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.