Frantzia

Jean Castex izango da Frantziako lehen ministro berria

Edouard Philippek gobernu osoaren dimisioa aurkeztu du. Apiriletik arduratu da Castex konfinamendutik ateratzeko neurriak kudeatzeaz.

Jean Castex izango da Frantziako gobernuburu berria. GONZALO FUENTES, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko uztailaren 3a
09:57
Entzun

Le Havreko alkatetzarako hautagaitza aurkeztu zuenean zabaldu ziren zurrumurruak baieztatu ditu Edouard Phillippe lehen ministroak, Emmanuel Macron presidenteari gobernuaren dimisioa aurkeztuz. Philippe ez zegoen eroso gobernuburu karguan, eta hala adierazi zuen udal hauteskundeetarako kanpainan: «Alkatetzara zenbat eta lehenago itzuli, orduan eta hobeto».

Macronek onartu egin du orain arte gobernuburu izan denaren erabakia, eta datozen egunetan iragarri beharko du nortzuek osatuko duten gobernu berria. Hori erabaki bitartean, lanean jarraituko du Philippek berak eta haren taldeak. Hala jakinarazi du haren bulegoak.

Lehen ministroaren erabakiaren ostean, bertan behera geratu da gaur egitekoa zuten ministroen kontseilua. Datorren asteazkenean egingo dute hurrengoa, eta litekeena da horren aurretik iragartzea Macronek nortzuek osatuko duten gobernu berria. Dagoeneko iragarri duena lehen ministro berriaren izena izan da, Jean Castex. Errepublikanoa da Castex, eta orain arte Prades herriko alkatea.

Le Monde-k aurreatu duenez, Nicola Reve izango litzateke Castexen kabineteburu berria. Revel Eliseoko idazkariordea izan zen François Hollande presidente zela.

Macronek bera hautatu zuen apirilean, pandemiaren ostean konfinamendutik ateratzeko neurriak kudea zitzan. Ez da lehen aldia gobernuan kargu bat duela. Xavier Bertrand ministro zela, haren esanetara aritu zen Osasun Ministerioan lehenik eta Lan Ministerioan jarraian. 2011ko otsailean Eliseoko idazkari laguntzaile izendatu zuten, Nicolas Sarkozy agintean zela. 

Macronen bost urteko agintaldia hasi zenetik 17 izan dira dimisioa aurkeztu duten ministroak; azkena, Philippe bera. Lehen ministroak kargua utzita, Macronek garbi du bidea gobernuan aldaketak egiteko. Alde horretatik, udal bozetan nabarmen garaile izan diren berdeek dagoeneko jakinarazi dute ez dutela parte hartuko gobernu berrian. EELVko eurodiputatu David Cormanden esanetan, Macronen gobernuaren helburuen artean ez dago ekologia, ez eta gizarte gaiak ere. 

Koronabirusaren ondorioz aginduriko berrogeialdian, Philipperen ospea nabarmen handitu zen herritarren artean, Macronenarekin konparatuz gero; erretreten erreforman ere, lehen ministroak izan zuen presidenteak baino garrantzi handiagoa, eta, hortaz, Macronek protagonismo galdua berreskuratzea du helburu datozen asteetan jakinaraziko dituen aldaketen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.