Bolivia

Jeanine Añezek Boliviako presidente izendatu du bere burua

Ez da quorumik egon parlamentuan, eta Moralesen MAS alderdiak ez du parte hartu bozketan. Presidente ohiak esan du "historiako kolperik maltzurrena" egin dutela.

"Biblia jauregira itzuli da", esan du Añezek. EFE
Andoni Imaz
2019ko azaroaren 13a
10:18
Entzun

Jeanine Añez Boliviako Senatuko presidenteordeak "irtenbidearen" aldeko urratsa egin du, baina horrek ez du herrialdeko egoera politikoa baretu. Bart parlamentuan egin duten saioan, Añezek bere gain hartu du herrialdearen presidentetza. Ordea, trantsizioak parlamentuaren herenaren babesa jaso du soilik. Evo Morales presidente ohiaren ondorengo izendatu behar zituztenek dimisioa eman ondoren hartu du oposizioko buruak behin-behineko presidente kargua. MAS Sozialismorako Mugimenduak, Moralesen alderdiak, ez du parte hartu bozketan, haien gaitzespena adierazteko. Gehiengo zabala dute ganberan.

Moralesek bere alderdiaren erabakia babestu du, eta Añezen aurka hitz egin du Mexikotik. "Zorionak MASeko anai-arrebei, batasunarekin eta duintasunarekin arbuiatu dutelako eskuin arrazista, kolpista eta herri-saltzailearen manipulazioa", idatzi du Twitterren. Boliviako presidente ohiak asilo politikoa eskatu zion Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteari. Igandean eman zuen dimisioa, eta, hainbat orduz ezkutatuta egon ostean, astelehen gauean hartu zuen erbesterako hegazkina. Hamabost orduko hegaldiaren ostean iritsi zen Mexiko Hirira.

Añez kontserbadorea oposizioko burua da. Bere burua presidente izendatuta, ordea, ez du egoera desblokeatu, eta agerian geratu da aldeen arteko talka. Parlamentuko saioari "boikot egitea" leporatu dio MASi. "Neure gain hartu dut Estatuaren presidentetza" esan, Gobernuaren Jauregira joan, balkoira atera, eta biblia bat erakutsi du.

Betty Yañiquez MASen ganberako buruak adierazi du egunotan salatu duten estatu kolpearen jarraipena izan dela Añisen izendapena. "Indar armatuak kalean izatea da horren erakuslea", erantsi du. Arazoari irtenbide "konstituzional bat" bilatu nahi diotela esan du, baina horretarako "bermeak" behar dituztela.

Izendatu berritan bildu da Añez Poliziako eta armadako goi karguekin, eta haiek babesa eman diote; indar armatuen kapitain jeneral aitortu du armadak. CNN telebista kateari eginiko adierazpenetan, Yuri Calderon Poliziako komandante nazionalak esan du bilerak "elkarlana kudeatzeko" balio izan duela.

AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Brasilek Añez Boliviako presidente aitortu dute dagoeneko. "Demokraziarentzat mehatxurik egon bada, hori Morales buru zuen gobernua izan da", esan du Carlos Trujillo AEBek AEE Amerikako Estatuen Erakundean duten enbaxadoreak. Ernesto Arauj Brasilgo Atzerri ministroak adierazi du "konstituzioa betetzen" ari direla Bolivian.

Moralesek dimititu ondoren dimititu zuten Alvaro Garcia Linera presidenteordeak, Adriana Salvatierra Senatuko presidenteak, lehen presidenteordeek eta Diputatuen Ganberako buruak. Konstituzioaren arabera, haiei zegokien presidente kargua hartzea. Oposizioak egoera bideratu nahi du orain, trantsizioko gobernua eratu eta urtarrilean hauteskundeetara deitzeko helburuarekin.

Zazpi hildako

Bestetik, Boliviako estatu plurinazionaleko fiskal nagusiak, Juan Lanchipa Poncek, baieztatu du zazpi lagun hil dituztela istiluek iraun duten 23 egunetan. Boliviako herriaren defendatzailearen arabera, hilketa horietatik hiru, gutxienez, Poliziak eta armadak egindako tiroen ondorio izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.