Jerusalemen Eguna izan zen herenegun, eta arratsaldean, milaka ultraortodoxok lelo arrazistak haizatu zituzten hiri zaharreko musulmanen auzoetan barrena egindako manifestazioan; «Gaza gurea da», «arabiarrak hil daitezela», eta «erre ditzagun beren herriak» oihukatu zuten, besteak beste. Eguerdian, desfilearen aurretik, Itamar Ben Gvir eskuin muturreko liderra, urtarrilera arte Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministroa izandakoa, Meskiten Zelaigunera joan zen, eta han errezatu zuen. Statu quo-a aintzat hartuta, baina, judu batek ezin du han halakorik egin. Hamasek kritikatu egin zuen hori, eta Egiptok eta Qatarrek, zeinak bitartekari ari diren talde islamistaren eta Israelen artean, «probokaziotzat» hartu dute, eta ekar ditzakeen ondorioez ohartarazi.
1967an hiriaren ekialdeko partea okupatu izana goratzen dute israeldarrek urtero Jerusalemen Egunean. Desfilearen amaieran, Ben Gvirrek hitza hartu zuen, eta parte hartu zutenei esan zien iruditzen zaiola Israelek ezin duela baimendu Gazan laguntza humanitarioa sartzea. «Gure etsaiek bala bat buruan besterik ez dute merezi. Garaipen hau haratago eraman behar da. Gazan sartuko gara, eta irabazi egingo dugu». Eta galdera erretoriko bat egin zuen: «Gaza askatzen ari gara?». Laguntza humanitarioari dagokionez, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko bozeramaile Juliette Toumak esan du ezin dutela ziurtatu Gaza Humanitarian Foundation GKE gobernuz kanpoko erakundea —AEBen eta Israelen babesa du— giza laguntza banatzen ari denik zerrendan. NBE Nazio Batuen Erakundea ordezkatu du zeregin horretan.
Horiek guztiak horrela, Egiptoko Atzerri Ministerioak ohar bat kaleratu du, salatuz ekintza «probokatzaile» horiek «mindu» egiten dituztela munduko milioika musulmanen sinesmenak eta sentipenak. Ohartarazi du «zuhurtziarik gabeko» ekintza horiek «eskualdearen segurtasunari» eragin diezaioketela. Qatarko Gobernuak ere komunikatu bat kaleratu du, eta antzera mintzatu da: «[Israelgo Gobernuak] Lurralde okupatuetan gatazka estutzeak ezinbestean ekarriko du eskualdeko indarkeria zikloa hedatzea».
6UNRWAren zenbat osasun etxe dauden martxan Gazan. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak Gazan dituen 22 osasun etxeetatik seitan ari dira oraindik lanean, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek gaur sare sozialetan jakinarazi duenez.
Israelen bertan ere kritikatu dituzte bai Ben Gvir, bai desfilean oihukatutakoak. Yair Lapid oposizioko kide eta herrialdeko gobernuburu ohiaren esanetan, desfilea «iraingarria eta biolentoa» izan zen; hori salatu du sare sozialetan. Jerusalemgo hiri administrazioak finantzatzen du Jerusalemen Eguneko desfilea, eta, horren guztiaren harira, B'Tselem giza eskubideen aldeko Israelgo elkarteak azpimarratu du manifestazioa «supremazismo juduaren eredu bat» izan zela. Mezu bat idatzi dute sare sozialetan, eta gogoratu egun horretan palestinarrek behartuta itxi behar izaten dituztela beren dendak, eta, «beldurrez», etxean geratu behar izaten dutela. Israelgo lehen ministro ohi Ehud Olmertek (2006-2009) ere salatu Israelen jarrera, oro har, Gazan. Israelgo Haaretz egunkarian kaleratutako artikulu batean nabarmendu du «txikizio gerra bat» dela Tel Aviv zerrendan egiten ari dena.
Tuerk, «hitzik gabe»
Aldeek negoziatzen segitzen dute, eta horri buruz ere mintzatu da Egipto. «Gazako krisia» amaitzeko ahaleginean «malgutasuna» eskatu die Kairok Hamasi eta Israelgo Gobernuari, negoziazioen berri duen iturri bat aipatuz, Al Qahera News telebista kateak kaleratu duenez. Iturri horren arabera, bai Egipto, baita AEBak eta Qatar ere, lanean ari dira «ikuspuntuak hurbiltze aldera».
Zenbait hedabidek negoziazioen inguruko iturri palestinar bat aipatuz atzo kaleratu zutenez, AEBek begi onez ikusten dute Hamasen planteamendua. Hori litzateke bi hilabeteko menia bat ezartzea, eta talde islamistak bizirik dauden hamar bahitu aske uztea. Israelgo iturri ofizial baten esanetan, baina, horri uko egin dio Tel Avivek. «Hamasek, egiazki, ez du akordio bat lortzeko asmorik», esan zion Efe berri agentziari.
Israelek palestinar bat hil du jerikon
Israelgo armadak sarekada bat egin zuen atzo gauean Zisjordania okupatuko Jeriko hirian, eta pertsona bat hil zuen tiroz. Hori jakinarazi du gaur Wafa Palestinako berri agentziak. Israelgo armadak esan du, bide batez, sarekadak egiten ari direla dirua transferitzeko Zisjordaniako hainbat dendatan, egotzita transferentziak «terrorismoa» finantzatzeko direla.
Bestalde, bihar beteko direnez 600 egun Israelek Gazako setioa hasi zuenetik —2023ko urriaren 7an—, Hamasek, «holokaustoa, eta umeen eta emakumeen kontrako gosetea amaitzeko», manifestazioak egitera deitu du datorren ostiralerako, larunbaterako eta iganderako, «munduko hiri guztietan». Gazako Osasun Ministerioaren datuak aintzat hartuta, 600 egun horietan 54.000 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek zerrendan; azkeneko 24 orduetan, gutxienez 81.
Hori guztia aintzat hartuta, Volker Tuerk OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak esan du «hitzik gabe» geratzen ari dela Israel Gazan zer egiten ari den ikusita. «Kanporatze behartua oso arriskutsua da», adierazi du Austriako ORF irrati katean, elkarrizketa batean.
Betoa okupatutako lurraldeetako produktuei
Hain zuzen ere, Tel Aviv Gazan egiten ari denaren harira, Irlandako gobernuak erabaki du debekatu egingo duela Palestinako lurralde okupatuetan Israelgo kolonoek ekoitzitako produktuak inportatzea. Irlandako Gobernuak lege proiektu bat onartu du gaur, eta, haren arabera, delitu izango da Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean ekoitzitako produktuak inportatzea.
Neurriak ondasun fisikoei baino ez die eragingo. Okupatutako lurraldeetatik Irlandara gehien esportatzen diren produktuak datilak, olibak, laranjak eta egurra dira; eta, azken lau urteetan, merkataritza truke horien balioa ez da 700.000 eurora iritsi. Neurria sinbolikoa izango den arren, Europako beste herrialde batzuk «inspiratu» nahi dituela adierazi du Simon Harris Irlandako presidenteorde eta Atzerri ministroak, lege proiektua onartu ostean emandako prentsaurrekoan.
Israelgo produktuen inportatzaile nagusien artean bigarrena da Irlanda, soilik AEBen atzetik. NBE Nazio Batuen Erakundearen Comtrade datu basearen arabera, iaz 3.200 milioi dolar —2.800 milioi euro— baino gehiagoko balioa izan zuten Israeldik Irlandara egindako esportazioek.