Jesusen Lagundia

2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
'AD MAIOREM DEI GLORIAM'

Jesusen Lagundiak eman duen lehen aita santua da Frantzisko. Euskal sustraiak ditu ordenak, eta apostolutza, misioak, hezkuntza eta zientzia baliatu izan ditu fede katolikoa hedatzeko.

•Sorrera. Ignazio Loiolakoak sortu zuen Jesusen Lagundia, 1539an, Erroman, eta Egoitza Santuak 1540an onartu zuen, Paulo III.aren bulda baten bidez. Soldadu zelarik, 1521ean, Iruñean zauritu ostean aurkitu zuen fedea Ignazio Loiolakoak.

•Egitura. 19.126 kiderekin, Eliza katolikoan gizonezkoen ordenarik jendetsuena da lagundia. 91 probintziatan banatuta dago —Jorge Mario Bergoglio 1973tik 1979ra Argentinako probintzial izan zen—, eta 127 herrialdetan ditu kideak. Erabateko obedientzia eskatzen duen egitura kasik militarra dauka. Preposito jenerala da ordenako burua, Aita santu beltza gisa ezaguna. Egungoa, Adolfo Nicolas espainiarra da; euskal herritarrak, Innazio Loiolakoa (1541-1556) eta Pedro Arrupe (1965-1983) izan dira.

•Eginkizuna. Jainkoaren loriarik handiena bilatzea da jesuiten misio nagusia. Mundua ebanjelizatzea, fedea defendatzea eta justizia sustatzea dute eginkizun, etengabeko elkarrizketa kultural eta erlijio artekoa bultzatuz. Ohikoak diren pobrezia, kastitate eta obedientzia botoez gain, aita santuari erabateko obedientzia izateko botoa ere badute jesuitek. Gotzain bilakatzen direnetik, dena den, ez daukate ordena barruko obedientzia bete beharrik. Eta aita santu izanik, are gutxiago.

•Misioak. Katolizismoa errotuta dagoen herrialdeetan betidanik goi mailako hezkuntza zentroak izan ditu lagundiak —Kolegio Erromatarra tartean—, baina jazarria edo debekatua zegoen lekuetan ere esku hartze nabarmena izan du. Misioen alorrean, bereziki garrantzitsua izan zen Xabierko Frantziskoren jarduna. Indiara eta Txinara abiatzeaz gain, 1549an Japoniara ere joan zen, artean europarrik joan ez zen lurraldera.

•Debekuak. Inkisizioak jazarri egin zion lagundiari, eta jesuitak kanporatu egin zituzten Portugaldik (1559), Frantziatik (1764) eta Karlos III.a Espainiako erregearen menpeko lurralde guztietatik (1767). Klemente XIV.a aita santuak ezabatu egin zuen lagundia 1773an, eta Pio VII.ak berrezarri 1814an. XIX. mendean bost aldiz ezabatu zuten Espainian, eta 1932an II. Errepublikak desegin egin zuen, aita santuari zor zion obedientzia ez zetorrelako konstituzioarekin bat. Berriro ezarri zuten 1938an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.