Gazako giroa baretu egin da ostegun goizean, indarkeria biziko gau baten ondoren. Israelek Gaza bonbardatu du bart, eta sei zibil hil ditu erasoan; 34 bi egunean. Ordurako, baina, Jihad Islamikoak su-etena eskainia zion Israeli. Musab al-Braim Palestinako talde armatuaren bozeramaileak jakinarazi du Jerusalemek onartu egin duela tregoa, lehen erasoa egin eta bi egunera; Egiptok baieztatu du berria, bitartekari lanetan. Avichay Adraee Israelgo armadako bozeramaileak Twitterren idatzi du bi eguneko erasoaldia "bukatua" dela, baina Israel Katz Atzerri ministroak argi utzi du "su egiten" jarraituko dutela "Israeli eraso diotenen aurka". Goizean, Gazatik suziri batzuk jaurti dituzte Israelera, baina inork ez du bere gain hartu ekintza hori. Israelek ez du bonbardaketarik egiteko asmorik adierazi. "Baretasunari baretasunarekin erantzungo diogu", esan du Katzek suziriena jakinarazi baino lehen.
Azken hilabeteotako erasoaldirik bortitzena izan da azken bi egunotakoa: asteartean piztu zen garra, Israelek Abu al-Atta Jihad Islamikoko buruzagia hil zuenean hilketa selektibo batean. Al-Attaren eta haren emaztearen hilketari erantzuteko, Jihad Islamikoak berrehun suziri inguru jaurti zituen asteartean Gazatik gertu dauden Israelgo hirietara —Tel Avivera, besteak beste—, eta atzo erasoarekin jarraitu zuen. Israelgo Defentsa Indarren arabera, denera laurehun suziri baino gehiago jaurti dituzte bi egunean, baina Israelek gehienak atzeman ditu.
Palestinako medikuek jakinarazi duten azken datuaren arabera, gutxienez 34 pertsona hil dituzte Israelen erasoek; horien erdiak zibilak ziren.
Jihad Islamikoak atzo eskaini zion Israeli su-etena, Egiptoren bitartekaritzarekin. Ziad al-Najala idazkari nagusiak azaldu zituen baldintzak: Israelek hilketa selektiboak egiteari uztea, eta Gazako blokeoa etetea. Gainera, al-Najalak defendatu egin du taldeak bonbardaketei suziriekin erantzutea, eta argitu du ez dietela laguntzarik eskatu "erresistentziaren ardatzeko aliatuei". Israelek, ordea, ez du horren argi hitz egin su-etenaren baldintzez; ez dute adierazpenik egin hilketak amaitzearen inguruan.
Jihad Islamikoko idazkari nagusiak Egiptok bitartekaritzan egin duen "lan positiboa" nabarmendu du. Halere, adierazi du Jihad Islamikoa "borroka denbora luzez mantentzeko gai" dela, Israelek su-etenari uko eginez gero.
Hamas taldeak kontrolpean du Gaza 2007. urteko ekainaz geroztik, baina ez du parte hartu egunotako erasoaldian.