Erresuma Batua

Johnsonek barkamena eskatu du lehen konfinamenduan Downing Streeteko festan izateagatik

2020ko maiatzaren 20an eginiko festan egon izana aitortu du lehen ministroak. Zehaztapena egin du, halere: «Uste nuen lan kontu bat zela».

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, gaur. ANDY RAIN, EFE
Uxue Rey Gorraiz - Arantxa Elizegi Egilegor
2022ko urtarrilaren 12a
15:38
Entzun

Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonek dagoeneko baieztatu ditu joan diren egunetako susmoak. Egin du aitorpena: berak ere hartu zuen parte lehen konfinamenduaren garaian Downing Streeten eginiko festan. Erresuma Batuko Komunen Ganberan onartu du gertatutakoa, gaur. Ordea, festan egon izana nahasketa baten ondorio izan zela esan du Johnsonek; hala azaldu du hitza hartu duenean. «Lan kontu bat zela uste nuen», adierazi du. Polemika piztua da Erresuma Batuan, eta Johnsonek dimisioa eman dezakeela da zurrumurruen artean. Oraindik ez da hori baieztatzerik, ordea.

Oposizioak gogor jo du buruzagi kontserbadorearen aurka, eta haren dimisioa eskatu du. «Hain da lotsagarria iraingarria dela Erresuma Batuko herritarrentzat. Amaitu da festa, lehen ministro jauna. Zalantza bakarra da ea herritarrek botako ote zaituzten, zure alderdikideek, edo zerorrek egingo duzun egin zenezakeen gauza duin bakarra eta dimisioa emango duzun», esan dio zorrotz Keir Starmerrek, buruzagi laboristak. Baina kritikak ez dizkio soilik oposizioak egin; alderdikideek eurek ere gogor jo dute gobernuburuaren aurka. Eskoziako kontserbadoreen buruDouglas Rossek dimisioa emateko eskatu dio Johnsoni. Dena den, ez da lehen aldia Rossek halako adierazpenak egiten dituena. Lehen ministroaren agerraldiaren bezperan Rossek ohartarazi zuen gobernuburua festa hartan egon izana «arbuiagarria» litzatekeela.

Rossen iritzia partekatzen dute alderdikide askok, baina gaurko agerraldiaren ostean gehienek nahiago izan dute isilik geratu. Ezohikoagoa izan da lehen ministroaren gobernukideen isiltasuna. Izan ere, ministroak babesa adierazi ohi diote elkarri halako krisiren bat gertatzen denean, besterik ez bada sare sozialetan argitaratutako mezuen bidez. Oraingoan, baina, Johnsonen kabineteko kide bakar batek ere ez du hitzik esan haren agerraldiaren ostean, eta horrek indartu egin ditu gobernuburuaren kargugabetzearen inguruko zurrumurruak.

2020ko maiatzean egindakoa aitortu ondotik, lehen ministroak adierazi du «bihotzez» sentitzen duela gertatutakoa. Barkamena eskatu die Komunen Ganberako kideei, eta baita «hilabete horietan hurbilekoekin egon ezin zirenei ere». COVID-19ari kontra egiteko ezarritako konfinamendua ez zen ekainera arte indargabetu herrialde hartan. Gainera, azaldu duenez, jakin badaki «milioika» pertsonak aski sufritu dutela izurritean. Horregatik, onartu du ulertuko lukeela bere gobernuarekiko «amorrua» sentitzea ikusirik orduko hartan ez zirela behar bezala bete neurriak.

Duela bi urteko maiatz hartan berrogei lagun baino gehiago elkartu ziren Downing Streeten egindako jai hartan, hain zuzen ere, Erresuma Batuan bi pertsona baino gehiago ez elkartzeko agindua zegoenean. Egindakoak herritarak haserrearazi ditu, eta horren ondorioak argi geratu dira YouGov etxeak egindako azken inkestan. Haren arabera, galdekatutako herritarren %56k nahi dute Johnsonek kargua uztea; are nabarmentzekoagoa da haren alderdikideen %34 direla iritzi berekoak, eta uste dutela beste baten esku utzi beharko lukeela herrialdearen eta alderdiaren kudeaketa.

Etorkizun iluna

Gaur egun, ikerketa bat zabalik da COVID-19aren pandemian Downing Streeten festa gehiago egin ote zen argitzeko. Auzi horri dagokionez, Johnsonek nabarmendu du ikerlanaren ondorioak argitara atera arte ezin duela deus aurreratu, baina zehaztu du badaudela gobernuak ongi egin ez dituen gauzak. Horregatik, azpimarratu du erantzukizunak bere gain hartzea dagokiela orain gobernukideei. Ikerketa Gobernuko idazkariorde Sue Grayk zuzentzen du, eta emaitzak datozen asteetan espero dituzte. Alderdi Kontserbadorearen gertuko iturriek aurreratu dutenez, ordea, litekeena da Johnsonen gertuko goi kargudun ugariren dimisioak eragitea, besteak beste, haren idazkariarena —berak bidali zuen festarako gonbidapena—.

Lehen ministroak datozen asteetan dimisiorik eman ezean, maiatzean etor liteke hurrengo krisia. Izan ere, eskualdeetako hauteskundeak egingo dituzte maiatzean, eta kontuan izanik diputatu kontserbadoreetatik heren bat berriak direla, eta euren eserlekuan jarraitu nahi dutela, litekeena da Johnsonen aurka jotzea, baldin eta haren ospeak behera egiten badu. Aurrez, baina, konfiantza mozioa hel daiteke. Londresek ez du jakinarazi zenbat gutun jaso dituzten halako mozio bat babestuz, baina horiek 54ra iritsitakoan lehen ministroak konfiantza bozketa bati egin beharko dio aurre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.