Erresuma Batua

Johnsonek tabernak eta jatetxeak ixteko eskatu du

Ez du debekurik ezarri Erresuma Batuko lehen ministroak, baina etxean geratzeko eskatu die herritarrei.

Boris Johnson, atzo egin zuen agerraldian. LEON NEAL / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 20a
20:06
Entzun

Erresuma Batuan 177 hil dira jada koronabirusaren ondorioz, eta Boris Johnson lehen ministroak muturreko neurriak ezarri behar izan ditu gaur arratsaldean. Horretarako, taberna, jatetxe, zine, gimnasio, diskoteka eta abarri gaur eta bihar ateak ixteko eskatu die, «beharrezkoak ez diren» jende pilaketa handiak saihesteko. Ez du debekurik ezarri, presidentearen bulegoa oraindik aztertzen ari baita legezko gaitasunik baduen ala ez agindu hori emateko.

Orain artekoan koronabirusaren pandemiaren inguruko jarrera eszeptikoa erakutsi du Johnsonek. Azken orduetan, ordea, osasun zerbitzuek 40 hildako izan direla baieztatu dituzte, eta krisiaren inguruan zuen jarrera aldatu du lehen ministroak. Koronabirusaren proban positibo eman dutenak ia 4.000 dira Erresuma Batuan. 

Hildako ia guztiak Ingalaterran erregistratu dira: 167. Sei lagun hil dira Eskozian, hiru Galesen, eta bat Ipar Irlandan.

Taberna eta abarretako jabeei ez ezik, herritarrei ere etxean geratzeko eskatu die Johnsonek, konfinamendua agindu baino lehen: «Badakit askok etxetik irten nahiko duzuela, baina, mesedez, ez ezazue halakorik egin. Buelta eman diezaiokegu egoerari, baina elkarrengandik urrundu beharko dugu horretarako».

Erresuma Batuko herritarren komunitatearen zentzua erabili du haiek konbentzitzen saiatzeko: «Zientziaren gomendioen aurka doazenek ez diote kalte egiten soilik beren buruari, baizik eta baita ingurukoei ere, gure osasun sistemari eta komunitate osoari».

Neurri ekonomikoak

Johnsonen hitzez gain, neurri ekonomikoak ere iragarri ditu Erresuma Batuko gobernuak; deigarriena, koronabirusak eragiten dien langile guztien soldataren %80 gobernuak ordainduko duela «beharrezkoa den adinako epean». Soldata hori, gehienez, 2.731 eurokoa izango da, eta, printzipioz, hiru hilabete luzatuko da neurria.

Hala azaldu du neurria Rishi Sunak Finantza ministroak: «Badakigu koronabirusaren zabalkundea eragozteko neurriek eragin nabarmena izango dutela ekonomian, eta gure ardura da lanpostuak eta herritarren diru sarrerak bermatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.