Joko geopolitikoak nahastu du Armenia

Historikoki aliatuak izaki, Armeniak sentitzen du Errusiak bizkarra eman diola Karabakh Garaiko auzian. Moskuk interes batzuk ditu Kaukaso hegoaldean; beraz, Erevanek ez du baztertzen beste bazkide batzuk bilatzea atzerri politikan eta defentsan.

Armeniar talde bat Errusiak kontrolatutako kontrol batetik pasatzen, Laçingo korridorean, irailaren 26an. R. ISMAYILOV / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Benjamin Poghosian analista politiko armeniarrak antzeman du oro har handitzen ari dela Errusiaren kontrako haserrea bere aberkideen artean, iruditzen baitzaie Moskuk «traizio» egin diela Karabakh Garaia dela-eta Azerbaijanekin izandako auzian. Baina Ikerketa Politiko eta Ekonomiko Estrategikoetarako Zentroko buruak —Erevanen du egoitza— ez luke esango Errusiak Armenia «abandonatu» duenik. «Armeniak pentsatu zuen Kaukaso hegoaldeko paradigma politiko zaharra —AEBek babestutako Turkiaren, Azerbaijanen eta Georgiaren arteko elkartzea, Errusia-Armenia aliantzaren kontra—indarrean zegoela oraindik», azaldu du, emailez. Pentsatzen du eskualde horretako geopolitikaren «izaera aldakorraren pertzepzio estrategiko okerrak» zimendatu duela «oinarri sendo bat» Errusiaren eta Armeniaren arteko «gaizki-ulerturako».

Zeren Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak iradoki izan du Errusiak bizkarra eman ziola joan den irailaren 19an, Azerbaijanek egun bakarra iraun zuen operazio militarra egin zuenean Karabakh Garaian, hurrengo egun eta asteetan han bizi ziren 100.000tik gora armeniarren exodoa eraginez. Uste hori indartu nahian eta Erevanen eta Moskuren arteko aliantza estrategiko historikoan arrakala handiagoak eragiteko asmoarekin, Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak nabarmendu zuen Kremlinek «traizio» egin diola Erevani, Euronews telebista katean urriaren 3an emandako elkarrizketa batean.

SESB Sobietar Batasun ohiko errepubliketako bat zen Armenia, eta hura 1991n desegin zenetik Moskuren orbitan jarraitu du. Baina azken urteetan gaiztotu egin dira bien arteko harremanak. Poghosyanen arabera, «beharbada» hori gertatzeko «arrazoi nagusia» litzateke «Errusiaren eta Turkiaren arteko harremanen izaera aldakorra». 2016an Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen aurkako estatu kolpe saiakera gertatu zenetik, «gutxienez», hori «konfrontaziozkoa» izatetik «izaera lehiakorrekoa» bihurtzera pasatu zen. «Turkiak AEBen atzerri politikaren hedatze soil bat izateari utzi zionean eta bilatu zuenean paper independente bat edukitzea hainbat eskualdetan, Kaukaso hegoaldean barne, bide bat sortu zen Turkiak eta Errusiak han dituzten interes kontrajarriak kudeatzeko». Armeniak, bitartean, ez zituen «aldaketa horiek ikusi». Nolabait, joko geopolitikoak nahastu du.

OKDB Segurtasun Kolektiboko Itunaren Erakundeko kidea da Armenia, Errusia eta SESB ohiko beste lau herrialderekin batera—Tajikistan, Bielorrusia, Kazakhstan eta Kirgizistan—; Kremlinen orbitapeko herrialde batzuen arteko aliantza militar bat da finean, eta, horregatik, Armeniak horren laguntza eskatu zuen 2020an, Karabakh Garaian berriro gerra hasi zenean. Errusia da aliantzako de facto-ko liderra, eta hara misio militarrik ez bidaltzeko argudiatu zuen Azerbaijango lurretan ari zela gertatzen gatazka. 2021ean eta iaz, Armeniaren eta Azerbaijanen arteko mugan borrokak gertatu zirenean, orduan ere ez zuen soldadurik mobilizatu. Moskuk azken hilabeteetan adierazi izan du, gainera, Bakuk zilegitasuna duela Karabakh Garaian militarki esku hartzeko, Armeniak aitortzen duelako Azerbaijango lurralde bat dela.

Karabakh Garaiko 2020ko gerra galdu zuen Armeniak —Ankararen laguntza du Bakuk—, eta Azerbaijanekin eta Errusiarekin sinatu zuen azken horrek 2.000 soldadu hedatzea han. Beste aldera begiratu izan dute, ordea, Azerbaijango ekintzaile batzuek aurrena eta gero armadak Laçingo korridorea, Armeniatik Karabakh Garaira bidez iristeko modu bakarra, blokeatu izan duenean.

Poghosyanen ustez, Errusiak erabaki izan balu Azerbaijanen erasoaldiari«militarki eustea», Errusiaren eta Azerbaijanen arteko gerra bat ekarriko zuen «de facto». «Horrek ez lituzke bi herrialde horien arteko harremanak soilik suntsituko, baizik eta zailduko luke Errusiaren eta Turkiaren arteko harremana».

Kontuan hartu behar da Moskuren eta Bakuren arteko harremanak «pragmatismoan»oinarritzen direla, analistaren hitzetan. «Azerbaijanek Iranerantz ibilbide zuzenak edukitzea behar du Errusiak —bereziki Persiar golkoko portuetara—, eta gero iristea Indiara edo best merkatu asiar batzuetara», esplikatu du. Era berean, Errusiak gasa eta petrolioa saltzen dizkio Azerbaijani, zeinak gero Europara esportatzen duen. Moskuk azpimarratu izan du Azerbaijan duela bazkide ekonomiko behinenetako bat, eta, Ukrainako inbasioarengatik Mendebaldeak Errusiari jarritako zigor ekonomikoen ondorioz, are estuagoa da harreman hori.

Ukrainan gertatzen ari dena hizpidera ekarrita, analistari iruditzen zaio gatazka horrek Azerbaijan «animatu» zuela «oldarkorragoa» izatera Karabakh Garaian: «Ziurrenik, Ukrainen gerrarik ez balitz, Azerbaijanek ez zion erasorik egingo Karabakh Garaiari, Errusiak eragin handiagoa izango baitzuen Azerbaijani asmo hori kentzerakoan».

Askoren «beldurra»

Aurtengo urtarrilean, soldadu errusiarrek ez zutenean eragotzi Laçingo korridorea blokeatua izatea, Paxinianek erabaki bat hartu zuen: OKDBkoek ariketa militar bateraturik ez egitea Armenian. Hilabete batzuk geroago, irailean, Armeniak ariketa militar bateratuak egin zituen, lehen aldiz,AEBekin —Errusiak 3.000 soldadu ditu Armenian, base batean—. Horrek Errusia haserretu zuen; baita, aste batzuk geroago, Armeniako Parlamentuak Erromako Estatutua berretsi izanak ere, horrek esan nahi baitu NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikziopean egongo dela aurrerantzean.

Poghosyanen esanetan, Armenian bada pertzepzio bat, eta, horren arabera, beharrezkoa da herrialdearen «dibertsifikazioa» atzerri politikan eta defentsan. «Bazkide gehiago behar ditu —India, adibidez—. Alde handia dago atzerri politika dibertsifikatzearen eta Errusiaren aurkako politika argi bat jarraitzearen artean, bilatuz laguntzea AEBen ahaleginak Errusiaren presentzia murrizteko Kaukaso hegoaldean». Ohartarazpen bat egin du: «Gobernuak Errusiaren aurkako erabaki politiko argiak hartzen baditu, asko beldur dira horrek ez ote dien askatasun handiagoa emango Turkiari eta Azerbaijani are gehiago presionatzeko Armenia. Gainera, AEBetaranzko desbideratzeak Armeniaren eta Iranen [mugakide du hegoaldean] arteko harremanak zailduko lituzke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.