Protestak herrialde arabiarretan

Jordaniako erregeak gobernu osoa aldatu du herriaren iraultza saihesteko

Samir Rifairen ordez, Maruf Bajit lehen ministro ohia jarri du Abdala II.a erregeak lehen ministro karguan

Jon Fernandez.
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Inguruko su berberak etxea erre aurretik pausoa ematea erabaki du Abdala II.a Jordaniako erregeak. Herritarren matxinadak Zine El Abidine Ben Ali diktadorea herrialdea uztera behartu du Tunisian eta Hosni Mubarak diktadorea ere egoera beraren atarian dago Egipton. Herrialde arabiarretan piztu den iraultzak Yemenera zein Jordaniara zuzendu dezake domino efektua. Eta azken hilabetean jordaniarrek ostiralero erakutsi duten haserrea baretzeko Samir Rifairen gobernua desegin zuen atzo Abdala II.a erregeak, haren lekuan Maruf Bajit lehen ministro izendatuz.

«Benetako erreforma politikoak azkartasunez gauzatzea» eskatu dio erregeak lehen ministro berriari: «Gobernu berriak neurri praktikoak, azkarrak eta ukigarriak hartu beharko ditu erreforma politikoen benetako prozesua bultzatzeko, erregeak herrialdearen garapen osorako, modernizaziorako eta erreformarako duen ikuspegiaren ildo beretik». Lehen ministro berriak «demokrazia sendotzeko konfiantza osoz egin behar du lan, herritar bakoitzak bizitza segurua eta duina izan dezan», erregearen esanetan.

Alabaina, Jordaniako herritarren matxinada saihestea da Abdala II.aren lehen asmoa. Izan ere, azken lau ostiraletan sendotuz eta ugarituz joan dira Rifairen gobernuaren kontrako protestak Jordaniako hainbat hiritan. FAI Ekintza Islamikoaren Frontea alderdia izan da gobernuaren kontrako protesten motorra. Baina manifestazioetan gizarte osoak erakutsi du bizi duen egoerarekiko haserrea: nagusiek, gazteek, ezkertiarrek, militar erretiratuek, sindikalistek, pobretutako funtzionarioek zein islamistek.

Jatekoaren eta erregaien prezioen igoerak atera ditu kalera jordaniarrak, baina ez horrek bakarrik. Abdala II.ak jatekoaren eta erregaien prezioa jaitsiko zuela agindu zuen joan den astean, eta baita soldatak igoko zituela ere. Protestek, ordea, jarraitu egin zuten, manifestariek goitik beherako aldaketa politikoak eskatzen dizkiotelako erregeari.

Bajiten itzulera

«Ez dugu aurpegi aldaketa hutsik onartuko. Hauteskunde legea aldatzea nahi dugu, eta ez dugu nahi erregea izatea Gobernua aukeratzen duena, Parlamentua baizik. Erregeak neurri egokiak hartzen ez baditu Egiptoren antzeko egoeran egon gaitezke. Tunisian bezala herritarrak kalera ateratzeko zain geratzen bada, kalean ikusiko gaitu». Zaky Bany Ershehead FAIko liderrak gobernu aldaketa baino lehen esaniko hitzak dira.

Egoeraren larritasunaz jabetuta hartu du Jordaniako Gobernua aldatzeko erabakia Abdala II.ak. Izan ere, sei milioiko herrialdeak antzekotasun dezente ditu Egiptorekin: bake hitzarmena Israelekin, langabezia handia, ustelkeria eta garapen ekonomiko, erreforma eta askatasun politiko falta, besteak beste.

Jordanian erregea da gobernuaren etena edo jarraipena erabakitzeko azken hitza duena, eta baita lehen ministroa izendatzen duena ere. Hala ere, Abdala II.a herritarren kritiketatik kanpo geratu da, ustez Mahoma profetaren dinastiakoa delako eta Rania bere emaztea jatorri palestinarrekoa delako (Jordaniako biztanleriaren %65a palestinarra da).

Dena dela, herritarren protestei galga jartzeko Maruf Bajit hautatu du gobernu berriko lehen ministro kargurako. Ez du lehen aldia Bajitek. 2006an lehen ministro izendatu zuten eta 2007ko azaroko bozetara arte eutsi zion karguari. Emaitzen inguruan oposizioak Bajiten gobernuaren ustelkeria salatu zuen. Rifai lehen ministro ohia, aldiz, 2009ko abenduan izendatu zuten gobernuko buru. Eta iazko azaroaren 9ko bozetan ere gehiengoa lortu zuen. FAIk boikota egin zien hauteskunde horiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.