Jordanian, milaka lagunek gobernuaren dimisioa eskatu dute

Tunisian egoera baretu den arren, Ben Aliren gobernuko kideen kanporaketa eskatzeko, manifestazioak egin dituzteEskualdeko herrialdeetako agintariak iraultzak zabalduko diren beldur dira

2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Jordaniako hainbat hiritan milaka lagun bildu dira, Samir Rifai lehen ministroaren gobernua desegin dezan eskatzeko Abdala II.a erregeari. Jatekoaren eta erregaien prezioak igo izanaz kexu dira herritarrak. Hori dela eta, kalera atera dira, beste behin, Tunisian abenduaz geroztik hainbatetan gertatu bezala.

Funtzionarioen, pentsiodunen eta militarren soldatak igoko dituztela iragartzea ez da nahikoa izan herritarren haserrea baretzeko. Ezta, astelehenean oinarrizko produktuen eta erregai batzuen prezioak %6 murrizteko hartutako erabakia ere. Oposizioko hainbat taldek kalera irteteko deiari eutsi baitiote, iragan ostiralean egin zuten bezala. Ekintza Islamikoaren Fronteak eta ezkerreko taldeek antolatu dituzte manifestazioak. Rifairen eta haren gobernuaren aurkako oihuak entzun ahal izan dira hiri nagusietan. Kanporatua behar lukeen gobernu honekin herritarrak gero eta pobreagoak gara, irakur zitekeen Amman hiriburuan manifestari batzuek zeramaten pankarta batean.

Ekintza Islamikoaren Fronteko idazkari nagusiak gobernua aldatzeko eskatu dio Abdala II.ari, erreforma politiko eta ekonomiko nahiko egin ez dituela argudiatuta. Horrez gain, legebiltzarreko behe ganbera desegiteko ere exijitu du; haren ustez, iragan azaroko hauteskundeak ez baitziren «gardenak» izan.

Astebete Ben Ali gabe

Jordaniako protestak gogora dakartza berriki Tunisian gertatutakoak. Izan ere, protestak eragin dituzten arrazoiak oso antzekoak dira bi herrialdeetan: besteak beste, langabezia tasa handiak —gazteen artean batik bat—, oinarrizko produktuen garestitzea eta pobrezia tasaren gorakada.

Hain justu, astebete da, Tunisian, herritarren matxinadak Zine El Abidine Ben Ali diktadorea herrialdea uztera behartu zuenetik. Egoerak baretzera egin du azken egunotan, eta kaosa gainditzen ari dira pixkanaka-pixkanaka. Protestek, dena den, ez dute etenik. Ehunka lagun bildu ziren kaleetan atzo ere presidente ohiaren RCD, Batzar Konstituzional Demokratikoa alderdiko ministroek batasun nazionaleko gobernuko kargua utz dezaten eskatzeko.Ben Ali alderditik kanporatzea, ministro guztiek alderdia uztea, alderdia deuseztatzea eta alderdiko ondasunak konfiskatzea ez baita nahikoa gehiengo batentzat. Diktadorearen ministro izan direnak gobernutik kanpo ikusi nahi dituzte, herrialdean benetako aldaketa gauzatzeko premiazkotzat jotzen baitute.

Hain justu UGTT Tunisiako Langileen Batasun Orokorreko sindikatuak ere behin-behineko gobernua deuseztatzea eskatu du, eta Ben Aliren gobernuko ministrorik gabeko «salbamendu nazionaleko gobernua» eratzeko deia egin du. UGTTko trantsizio gobernuko hiru kideek asteartean utzi zituzten euren karguak, exekutiboa osatu eta 24 ordu igaro aurretik. Mohamed Ganutxi lehen ministroak negoziazioei berriz ekin behar diela uste dute, «herriaren eta alderdi politikoen eskakizunei» erantzuteko. Elkarrizketetarako sindikatuak jarri duen baldintza bakarra Ben Aliren ministro guztiak kanporatzea da.

Behin-behineko gobernuak hiru dolu egun agindu zituen «errepresioaren biktima izan diren martirien» omenez, eta atzokoa hiru dolu egunetan lehena izan zen.

Egipton, hiru pertsonak su eman zioten euren buruari atzo. Smaran; Mendebaldeko Saharan ere gizon batek bere buruari su eman zion, zailtasun ekonomikoak zituela-eta etsita zegoelako. Tunisiako gatazken pizgarri izan zen ekintza hori hamaika aldiz errepikatu da inguruko herrialdeetan azken egunotan —Aljerian aste honetan hamar pertsona saiatu dira euren buruaz beste egiten era horretan—.

Izan ere, Jordania eta Mendebaldeko Sahara ez dira bakarrak egoera lazgarriak ikusten. Eskualdeko herrialde guztietan antzeko egoera daukate, Mauritaniatik hasi eta Siriaraino. Horietan guztietan, Tunisiako matxinadak esperantzarako leiho bat ireki du herritarrengan. Agintariak, ordea, iraultza demokratikoaren espiritua zabalduko den beldur dira.

Herrialde arabiarretan, demokrazia gosea sumatzen hasiak dira. Bi herrialde bakarrik dira demokratikoak gaur egun: Libano eta Irak. Iraken demokrazia indarrez ezarri badute ere.

Herritarren haserrea

Tunisiarekin dituzten antzekotasunak urduri jarri ditu eskualdeko herrialdeetako presidente gehienak. Pobrezia, langabezia eta garapen falta baitira herrialde horien ezaugarriak. Liga Arabiarrak aste honetan bertan eginiko ekonomiaren bigarren goi bileran, herritarrak «aurrekaririk gabeko haserrea» zutela ohartarazi zuen Amro Musa idazkari nagusiak. Eta haserre hori baretzeko neurriak hartzeko deia egin zuen.

Marokon, agindutako erreformak ez aurrera ez atzera daude, eta, bitartean, ustelkeria goraka doa. Egipton 30 urte daramatza agintean Hosni Mubarakek, eta, haren ondoren, semea jarri nahi du herrialdearen gidaritzan. Aljeriako Abdelaziz Buteflika diktadoreak ere hamabi urte daramatza boterean, eta herritarren artean atsekabea nabaria da. 1969tik gidatzen du Muammar Gadafik Libia. Bera izan da, hain zuzen ere, Tunisiako iraultzarekin atsekabetuta dagoela esatera ausartu den bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.