Katalunia

Jordi Cuixart espetxetik atera da, bi egunerako

Lehen espetxe baimena eman diote, 822 egun preso igaro eta gero. Omniumek adierazi du Cuixartek ez duela agenda publikorik izango.

Cuixartek garaipenaren keinua egin du espetxetik atera denean. PAU VENTEO
Andoni Imaz.
2020ko urtarrilaren 16a
09:19
Entzun

Omnium Cultural plataformako presidente Jordi Cuixart Lledonersko espetxetik (Herrialde Katalanak) atera da gaur arratsaldean, 19:30 aldera. Omniumek ohar batean azaldu du Cuixart dagoeneko familiarekin dagoela, eta 48 ordu pasatuko dituela kartzelatik kanpo. Dena dela, ez du agerraldi publikorik egingo. Bederatzi urteko kondenaren laurdena betea du.

Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta JxCateko diputatuak ere Cuixarten baimen bera dauka. Oraindik ez dute eman haren asmoen berri, baina datozen egunetan aterako da hura ere. Generalitateko Justizia Kontseilaritzako Sailkapen Zerbitzuak atzo onartu zuen Lledonersko espetxeko Tratamendu Batzordeak egindako proposamena.

Cuixart bigarren graduan sailkatu zuten, baita espetxean dauden gainontzeko buruzagi katalanak ere. Urtean 36 baimen egun dituzte guztiek, eta, gehienez, zazpi izan ditzakete jarraian. 48 ordura arteko baimenak Sailkapen Zerbitzuak onartu behar ditu, eta hiru eta zazpi egun artekoak, berriz, zaintza epaitegiak berretsi behar ditu.

Omniumek nabarmendu du «preso politiko bati dagozkion eskubideen barruan» dagoela baimen hori, eta Cuixartek ez diela horiei «uko egingo». Halere, hark ez du onartuko «gizarteratzeko neurririk», ezta «oinarrizko eskubideak erabiltzea delitua denik» ere.

Santa Perpetua de Mogoda hirian jaio zen Jordi Cuixart, 1975ean. Sabadellen ondoan dago hiri hori, eta, Kataluniako hiririk handienetan bezala, Espainiatik etorkin anitz joan ziren harat 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, etorkizun hobe baten bila. Kataluniako herritar anitz bezala, fenomeno horren seme da Cuixart, ama Murtziatik joan baitzen. Aita, berriz, Badalonako langile bat zen.

Gaztaroan ikasketak eta lana uztartu zituen, eta 20 urterekin Omnium Culturaleko bazkide egin zen. 29rekin, berriz, bere lehen enpresa sortu zuen: Aranow, hautsak eta likidoak ontziratzeko makinen egilea. 2015eko abenduan hautatu zuten Omniumeko presidente, eta haren militantismoa espetxearekin zigortu du Espainiak.

2017ko urriaren 16an sartu zuten kartzelan. Egun batzuk lehenago, harekin izandako elkarrizketa bat argitaratu zuen BERRIAk, independentzia erreferendumaren bezperan. Gerora epaiketan ere nabarmendu izan dituen jarrera baketsuaz eta desobedientzia zibikoaz aritu zen orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.