Katalunia. Ustelkeriaren kontrako operazioa

Jordi Pujolen etxea miatu du Espainiako Poliziak

Generalitateko presidente ohiaren seme zaharrenaren ondarea ikertzen ari dira.Josep eta Pere Pujol ere inputatu ditu epaileak

Jordi Pujol eta Marta Ferrusola etxetik ateratzen, atzo, Espainiako Poliziaren miaketa bukatuta. QUIQUE GARCÍA / EFE.
Ion Orzaiz.
2015eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Gehiengo independentista duen lehen legebiltzarra osatu zenetik egun bakarrera, Kataluniako agenda politikoan esku hartu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, Pujol Ferrusola familiaren kontrako polizia operazio handia abiarazita. Guztira, hamalau miaketa egin ditu Espainiako Poliziak, Generalitateko presidente ohi Jordi Pujolek eta haren familiakoek Madrilen eta Bartzelonan dituzten etxe, bulego eta enpresetan. Berrehun poliziak baino gehiagok parte hartu dute operazioan. Horrez gainera, presidente ohiaren bi semek, Josep eta Pere Pujol Ferrusolak, inputatu gisa deklaratu beharko dute azaroaren 13an epailearen aurrean.

Ez dira horiek, ordea, atzoko operazioaren jomugan daudenak. Jordi Pujolen eta Marta Ferrusolaren seme zaharrena Jordi Pujol Ferrusola da. Espainiako berri agentziek zabaldu dutenez, haren ondarea eta diruaren jatorria argitu nahi ditu Auzitegi Nazionalak. Izan ere, 2014tik auzipetuta daude Pujol Ferrusola eta haren emazte Merce Girones, zerga iruzurra eta kapitalen zuritzea egotzita. Zehazki, Fernando Bermejo eta Jose Grinda fiskalen arabera, familiak Andorran dituen diruak zuritzeaz arduratzen zen Generalitateko presidente ohiaren semea.

Auzitegi Nazionalak adierazi duenez, De la Mata epaileak Andorrako bankuen dokumentuak jaso dituen unean abiarazi du polizia operazioa, eta horren helburua ez da inor atxilotzea izan, «frogak biltzea baizik». Kataluniako Generalitateak, CDCk eta ERCk, berriz, «ikuskizun bat antolatu nahi izatea» leporatu diote Espainiako justiziari.

Izan ere, eskura dituen baliabide guztiak erabili ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, Pujol Ferrusola familiaren jabetzak miatzeko. Espainiako Poliziaren hiru furgoneta eta dozenaka agentek parte hartu dute, adibidez, Generalitateko presidente ohiaren etxea miatzean. Auzitegiaren arabera, gela bakarra miatu dute, Jordi Pujol Ferrusolak erabilitakoa, alegia.

Operazio berean, FC Bartzelona futbol taldeko presidenteorde Carles Vilarrubiren eta beste zenbait enpresabururen etxebizitzak ere miatu ditu Poliziak.

«Erabilera politikoa»

Atzoko operazioaren ostean, ERCko buru Oriol Junqueras izan zen hedabideen aitzinera agertzen lehena. Zerga iruzurraren kontrako operazio bati «erabilera politikoa» eman nahi izatea leporatu zion Espainiako Gobernuari: «Ustelkeria politikoari eta iruzurrari aurre egin behar zaio, jakina, baina kasu guztiak ikertu behar dira, eta ez bakan batzuk edo une jakin batzuetan soilik».

Legebiltzarreko presidente Carme Forcadellek, berriz, Espainiako justiziaren gelditasuna kritikatu du, «demokraziari kalte» egiten diola iritzita. «Pujol auzia ez da berria. Urteak daramatza auzi honek zabalik, eta horrek ez dio batere mesederik egiten demokraziari. Justizia egin dezatela behingoz, eta errudunak kartzelara joan daitezela, baina prozesu amaigabe honekin pertsona errugabeei min ematea besterik ez dute lortzen».

Generalitateko presidenteorde Neus Muntek ere gogor hitz egin du auziaren aurka, eta «operazio neurrigabe bat abiaraztea» egotzi dio Espainiako justiziari. «Asko harritzen nau Poliziak halako erakustaldi bat egiteak, ikuskizuna balitz bezala, oso esanguratsuak diren egunetan soilik». Bestalde, Auzitegi Nazionalak operazioa abiarazi baino lehen ere, Espainiako zenbait hedabidek horren berri zutela salatu du Muntek: «Sekretupean diren sumarioen xehetasunak agertu dira berripaperetan, eta hori ere aztertu beharreko zerbait da».

Azkenaldian, bi aldiz miatu du Guardia Zibilak CDC alderdiaren egoitza: iragan abuztuaren 28an, Kataluniako hauteskundeetarako hilabete bakarra falta zela; eta urriaren 21ean —legealdia hastear zela eta Artur Masekepaileen aurrean deklaratu zuenetik astebetera—, beste miaketa bat egin eta alderdiko diruzaina atxilotu zuten guardia zibilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.