Jorg Haider Austriako eskuin muturreko buruzagia hil da bart auto istripuan. Lambichl herrian izan du ezbeharra, Klagenfurt eskualdean. Bakarrik zihoan autoan, eta errepidetik irten du ibilgailuak, goizeko ordubata eta erdietan, horma bat jo du ondoren eta autoa irauli egin da. Buruan eta bularraldean oso zauri larriak izan ditu, eta pixka bat geroago zendu da, istripuaren leku berean.
Haider, Klagenfurteko gobernadorea zen 1999tik. 58 urte zituen.
Austriako Alderdi Liberaleko (FPO) presidente izan zen 1986tik 2005era Haider. Hura izan zen han eskuin muturraren gora egitearen aitzindari, 1980 eta 1990eko hamarkadetan. Immigrazioaren aurkako mezuak zabalduta, FPOren gorakada azkarraren bultzatzailea izan zen -alderdi hori 1986an botoen %9,7 jasotzetik, bozen %26,9 eskuratzera pasatu zen 1999an-. Azken emaitza horien ondorioz, OVPk osatutako gobernua sustatu zuen Haiderrek, Europako Batasunak Austriaren aurka bazterketa neurriak hartu zituen arte, 2000. urtean. Urte horretan bertan, Haiderrek bertan behera utzi zuen FPOren buruzagitza eta alderdi horretatik alde egin zuen, beste batzuekin batera. Austriaren Etorkizunerako Alderdia (BZO) sortu zuen eratu zuten 2005. urtean.
Joan den irailaren 28an Austriako hauteskundeetan botoak ia hirukoiztea lortu zuen BZOk, eta orain besteekin gobernua osatzeko elkarrizketetan ari zen. Hain zuzen, 2006an %4,11 eskuratu zuen BZOk eta aurten %10,88. Immigranteen aurkako neurriak beren politikaren ikur bilakatu zituen. Bereziki sozialdemokraten esparrua izan diren langile auzoetan aritu zen boto bila; hau da, krisi ekonomikoaren ondorioak modurik gordinenean pairatu dituzten herritarren artean.
Austriako Alderdi Liberala (FPO) eskuin muturrekoak ere gora egin zuen: %11,04tik %18,01era. Alderdi sozialdemokratak (SPO) irabazi zituen berriro bozak, botoen %29,7 jasota. OVP alderdi popularra izan zen bigarren bozkatuena: %25,6.
Mundua
Jorg Haider Austriako eskuin muturreko buruzagia hil da auto istripuan
Bart izan du ezbeharra, autoan bakarrik zihoala. 58 urte zituen. Irailaren 28ko hauteskundeetan Austriaren Etorkizunerako Alderdiaren botoak ia hirukoiztea lortu zuen (bozen %10,8).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu