Nolanahi ere, ERCko buruzagiak onartu du beren aukerarik gogokoena kontzentrazioko gobernu bat eratzea zela; hau da, Kataluniak autogobernuan eta finantzaketa ereduan aurrera egin behar duela uste duten alderdi guztien arteko gobernu bat, "PP ez beste alderdi guztien ordezkaritza izango lukeen gobernu bat", zehaztu du. Kontzentrazioko gobernu horren beharra argudiatzeko, Katalunia une erabakigarrian, "salbuespen zirkustantzian" dagoela adierazi du ERCko buruak, eta estatutu berri baten beharraren aldarrikapena dela egungo egoera hain erabakigarri egiten duena.
Baina kontzentrazioko gobernu hori eratzeaezinezkoa izan denez, aukeratu beharrean gertatu direla adierazi du Carod Rovirak, eta aukera egiterakoan, "Katalunia nazionalista bat barik, Katalunia nazional bat" hobetsi dutela. " Izan ere, gobernu nazionalista deitzen zitzaion hura, CiUk eta ERCk osatuko luketena, huraxe izango litzateke naziotasun gutxieneko gobernua. Guretzako nazionala da bakar-bakarrik nazioaren gehiengoa ordezkatzeko borondatea duen aukera hura; eta nazioa jendea dira: pertsonak, herritarrak. Ildo horretatik, Katalunian bada jende asko jatorriz kanpokoa dena —gaztelerahiztuna— ezin duena ontzat eman Katalunia jatorriz katalanak direnek gobernatzea, eta, gainera, haien artean, bere burua nazionalistatzat dutenek bakarrik", azaldu du ERCko idazkari nagusiak. Ondorioz, "denentzako herri baten aldeko" apostua egin dutela azpimarratu du: "Katalunia nazionalista baten aldekoa barik, Katalunia nazional baten aldekoa. Horrela, orain arte gobernuan ordezkatu gabe egon diren gizarte sektoreak gureganatuko ditugu".
Kataluniarentzat, nazio gisa, aukerarik onena horixe dela nabarmendu du Carod Rovirak: "Niretzako garrantzitsuena Katalunia da; ez dakat beste herririk. Konbentzituta nago, badakit,egin dugun aukera dela Katalunia herri gisa eratzeko onena".
Azken denboretan Katalunian gauzak asko aldatu direla agertu du ERCko buruak, eta aldaketa horietan bere alderdia funtsezkoa izan dela. "Orain arte, azken mende laurdenean, Kataluniako herritarrek bi aukera baino ez zituzten: nazionalismoa edo katalanismoa, batetik, eta ezkerra edo progresismoa, bestetik. Ez zegoen bi mundu horien arteko zubirik. ERC iritsi den arte. ERCk zubi hori egin du: gu ezkerrekoak gara, gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren ikuspegi progresita dugu, eta, gainera, politikaren ikuspegi nazionala dugu. Esquerra erdian kokatu da, hirugarren aukera bat sortuz nazionalismoaren eta progresismoaren artean aukeratu nahi ez duen jendearentzat, bi auzi horiek proiektu bakar batean bildu baititugu. Aukera horrekin ados ez daudenek CiUri eman diote botoa", adierazi du.
Hain zuzen ere, aste honen hasieran PSCrekin eta ICVrekin gobernu hitzarmena egina zutela iragarri zutenetik, CiUren salaketa gogorrak jasan behar izan ditu ERCk:zehazki, nazionalismoari "traizioa" egin diotela leporatu diete Esquerrakoei zentro-eskuin nazionalista ordezkatzen duen alderdihorretako buruzagiek.Carod Roviraren iduriko, salaketa horrek ez dauka zentzurik, batik bat, azken 8 urteetan CiUk askotan PPrekin bat eginda gobernatu duela kontuan hartuta. "CiU eta PPren arteko hitzarmen bat ERC eta PSCrena baino katalanistagoa al da? Hori ez du inork sinesten", esan du Carod Rovirak.
Katalunia
Josep Lluis Carod Rovira: "Gure apostua Katalunia nazionalista baten aldekoa barik, Katalunia nazional baten aldekoa izan da"
Josep Lluis Carod Rovira Kataluniako ERC alderdi abertzaleko idazkari nagusiak PSCrekin eta ICVrekin egin berri duten gobernua eratzeko hitzarmena defenditu du ETB2ko 'El Punto' saioan egin dioten elkarrizketan. Carod Roviraren iduriko, "ezkerreko gobernu" hori da Katalunia ikuspegi nazional batetik, herri gisa eratzen joateko aukerarik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu